Badirudi 'munduko talderik onenaren' inguruan dagoen
guztiak, haiek bezain aparta izan behar duela. Kikol Grau-ren 'Las Mas Macabras
de las Vidas' pelikula Filmin plataforman dago eskuragarri egunotan. Berrogeita
hamar minutuko produkzioa dugu hau, artxiboko irudietan oinarrituta. Lan honek
Bartzelonako musika-dokumentalik onenaren 'Inedit' sari ospetsua irabazi zuen,
orain dela bi urte. Zuzendariak eszena berri bakar bat ere ez zuen filmatu
muntaketa osatzeko. Bai, artxiboko irudi zaharrak, bideoklip zatiak eta taldeak
telebista saioetan egindako agerpenak bateratzen dituen lan baten aurrean
gaude. Istorioa kontatzeko erabilitako haria euren diskoen zerrenda da.
Banan-banan agertzen doaz guztiak, haien testuinguruan kokatuta eta elepe
bakoitzaren inguruabarrei buruzko hainbat informazio-mezurekin ilustratuta.
Askotan, irudiak kolore gastatuz agertzen dira, edo
etxeko bideoetan ohikoak diren marraz beterik, gehiegizko erabileragatik
kaltetuak egongo balira bezala. Pentsa daitekeenaren kontra, honek guztiak ez
dio kalterik egiten azken emaitzari. Higatutako irudi horiek ematen duten
estetika zikin eta kaotikoak 80ko hamarkadan kokatzen gaituzte zuzenean, NO-DO
eta film askoren zuri-beltzeko irudiek frankismo garaietara bidaltzen gaituzten
antzera. Azken emaitza honek collage kaotiko bezain hipnotiko bat eskaintzen
digu, non, beste ezeren gainetik, taldearen espiritua eta inguruan garatu zen
giroa islatzen diren. Hileta-segizio baten aurkako polizia-kargak; misilekin
egindako erasoak; 83ko uholdeak; zoriona agintzen duten garaiko
publizitate-iragarkiak… eta sumendiaren erdian Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko
langile-auzoetako hiru gazte, beren abestiekin soinu banda aparta ezarriz.
Bitxia da, baita ere, Eskorbutori buruzko film bat
egiteko ahalegin ugari izan dela, baina orain arte bi baino ez dira egin. Iñigo
Cobosen 'Generación Anti-Todo' izenekoan, Iosu Expósito eta Jualma Suárez ez
dira plano bakar batean agertzen. Egia esan, bandari buruzko lan bat baino
gehiago, belaunaldien arteko arrakalari buruzko ariketa bitxi bat da. Oraingo
lan honetan, irudiak muntatzeko orduan, bandaren mamia islatzen jakin izan duen
norbaiten ikuspegi subjektiboa dugu. Bada, artisau-lanak dira biak nolabait.
Badirudi taldearen inguruan aurrera egin dezaketen proiektu bakarrak, beraiek zuten
punk-arima dutenak direla; «zeuk egin ezazu», kamarada. Bestalde, Santurtziko
hirukotea sortu zenetik izan den fenomeno bera gertatzen da oraindik ere,
Eskorbutok ezinbesteko laguntzak lortzen zituen, gehien behar zituenean. Une
egokienetan beti agertzen zen azal perfektu hori garaiz egiten ziena, bideoklip
eder hura grabatzen ziena (halako zerbait horren erraza ez zenean), beren sena
harrapatzen zekien argazkilaria edota teklatu-jotzaile miresgarri bat,
azkenengo grabazioetan kutsu ezberdin bat ematea lortu zuena, zerbait berria
eskaintzeko beharrean zeudenean, hain justu ere. Eta hori «etsai gehiegi»
aitortu ondoren.
'Las Mas Macabras de las vidas' filmea, zaleentzat
egindako fan baten lana da, baina taldearen ibilera aldera utzita, denboran
zehar bidaiatzeko tresna egokia izan daiteke, baita ere; benetako bidaia
zorabiagarria da hau, dagoeneko iragana den garai baterantz. Berriro ere
Josuren hitzak iragarle: «Dena zaharkiturik egongo da eta gu hilda egongo
gara».
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina