Julia Ebner kazetari-ikertzailea
Artikulu hau irakurtzen duzun bitartean, planetan
zehar dauden Interneteko ehunka forotan, soldadu berriak sartzen ari dira
«argidunen» armada ezberdinetan. Orain arte jende arrunta zen, giza
eskubideetan, botere-banaketan, askatasunetan eta demokrazietan saltzen
dizkiguten erretolika horietan sinesten zuena. Baina orain ez. Haiek «pilula
gorria» aukeratu dute, eta, bat-batean, ezkutatzen zitzaien errealitate hori
argi eta garbi agertu da begien aurrean. Orain, haien bizitzek norabide garbia
izango dute. Pastilla gorria, eta haren kontrakoa, pastilla urdina, 'The
Matrix' filmetik jasotako sinboloak dira, askotan muturreko txat mota horietan
erabiltzen direnak. Egia deserosoaren edo ezjakintasun gozoaren arteko hautua
irudikatzen dute. Gorria aukeratu ondoren, «esnatzea» gertatzen da, eta
bizitzak «zentzua hartzen du».
Kasu batzuetan, arrazak nahasten ez dituen gizarte baten alde lan egitea izango da zentzu hori; beste batzuetan, juduek, LGTB kolektibokoek, feministek edo «illuminatiek» gizateria menderatzeko egiten duten ezkutuko bilbea salatzea. Askotan hori guztia teoria hutsean geratuko da, entretenimendu inozente samar batean. Baina beste kasu batzuetan ez. DAESen indarkeriazko ekintza askoren edo Kapitolioaren aurkako erasoaren atzean, sare sozial ezagunenetan hasten diren erakartze eta erreklutamendu kanpaina biziak aurkitu dira. Julia Ebner kazetari ikertzaile austriarrak ondorio hori atera du. Vienan jaioa, terrorismoan eta estremismoan espezializatutako ikertzaile honek «Estremisten bizitza sekretua» izeneko liburua argitaratu berri du. Bertan, xehetasun guztiekin kontatzen digu munduko muturreko erakunde arriskutsuenetako batzuetan infiltratu bezala izan duen esperientzia. Atera dituen ondorioak ezin bortitzagoak dira: «Gaur egun ez dago erradikalizazio-kanpainetatik salbu dagoen interneteko erabiltzailerik, ezta atzerriko injerentzietatik libre dagoen hauteskunde-prozesurik ere.
Bere logelan Fornite jokoan dabilen ikasle estatubatuar bat, jakin gabe, Errusiako propagandarako agente bihur daiteke; nerabe malaysiar bat, Irakeko ISISek eskualdeko berriemaile gisa errekrutatu dezake, eta Facebookeko erabiltzaile bat, Alemanian artikulu bat komentatzen duena, eskala handiko trol-ekaitz baten helburu izan daiteke». 'Herria Demokraziaren Kontra', Yascha Mounk estatubatuarrak egindako beste lan interesgarri batean, mendebaldeko demokrazietan bizi diren pertsonek euren ordezkari politikoekiko eta erakundeekiko gero eta susmo txarragoak dituztela erakusten du. Haien bizi-mailak geldituta daudenez eta etnia anitzeko gizarte baten beldur direnez, sistema demokratikoarekiko fedea egunetik egunera desagertzen ari da.
Askatasuna eta errespetua zuten
Europako sistema demokratikoen inbidiaz hazi zirenen artean nago ni. Jatorri
ideologiko ezberdineko politikarien ahotan askotan errepikatzen zen esaldi bat
zegoen: demokrazia da erregimen ezagunen artean horren gaiztoa ez dena. Hori
zeharo aldatzen ari dela dirudi. Orain ez da harritzekoa gazteek -eta ez hain
gazteek- «78ko erregimenari» muzin egitea. Eta bai, argi dago akatsez beteriko
demokrazia batean bizi garela. Baina ez genuke ahaztu behar beste esaldi zahar
hori: demokrazia babesteko era bakarra demokrazian sakontzea da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina