2021(e)ko apirilaren 17(a), larunbata

GIRONA-TOULOUSE-BILBAO

 


Gironako aireportua. Kanpoaldean dagoen bus-geltokia. Abuztu amaiera. Oporrak amaituta. Goizeko 11:20ak ziren, eta Flixbuseko autobusa, Bilbora 9:50ean eraman behar ninduena, ez zen inondik ere ageri. Hots egin nion konpainiari, eta luzaroan saxo doinuak eta mezu grabatuak entzun ostean, ahots lehor samar batek «ez dakigu zer gertatzen den» eta «SMS bat bidaliko dizugu» zin egin zidan -oraindik zain nago-.

Egun batzuk lehenago joaneko bidea egin nuen: Bilbao-Toulouse-Girona. Bidaia luzea, baina atsegina, Toulousen bi ordu eman nuen, bazkaltzeko eta buelta bat emateko nahikoa denbora. Ez nuen presarik.

Itzulera, antzeko zerbait izango zelakoan nengoen, baina ez zen hala izan. Patuak zerbait okerragoa zeukan prest niretzat. Nire ondoan zegoen emakume frantses batek Frantziako Flixbusera deitu zuen informazio eske: «12etan beste bat iritsiko da, baina gainezka dator». Emakumeak, maletak arrastaka, hanka egin zuen, frantsesez birao egiten zuen bitartean. Beraz, beste aukera bat bilatzea besterik ez nuen. Bartzelonarako autobusa hartu eta arratsaldean hegazkinez itzuli nintzen. Hori zen egunean iristeko modu bakarra, hurrengo egunean lan egin behar bainuen.

Hasieran, erreklamazio bat egitea erabaki nuen, txartelaren zenbatekoa itzul ziezadaten, eta halaxe egin nuen. Hilabeteak joan eta hilabeteak etorri, kasurik ez. Flixbuseko autobus bat ikusten nuen bakoitzean, zerbait bota nahi izaten nion. Beraz, Kontsumobiderekin harremanetan jarri nintzen kexa bat jartzeko eta kalte-ordaina eskatzeko. Bizitza osoa daramat egoera korapilatsuak saihesten eta abusu txikiak jasaten txintik esan gabe, baina autobusez bidaiatzea eta autoa aparkatuta uztea erabaki dudanean, tratu hori merezi al dut?

Bada, demanda bat jarri nien, eta egun batzuetan arbitraje telematiko batean ikusi nuen neure burua. Lehenago, hori bai, nire abokatuari -nire alaba Magaliri- galdetu nion, eta hark bi kontzeptu argi utzi zizkidan: «Informatua izateko eskubidearen» aurka egin zutela eta «kalte ekonomikoa» eragin zidatela. Nire pantailaren leihotxo batean arbitraje-mahaikoak ikusten nituen, eta bestean... nekatu aurpegiera zuen tipo alemaniar bat, bere konpanian horrelako marroiekin lehiatzeko ardura omen zuena.

Hasi bezain laster, nire eskaria irakurri eta «eskaintza ekonomikoa» egiteko eskatu zioten. «40 euro eskaintzeko prest nago» esan zidan aparteko eskuzabaltasuna erakutsiz edo. Egia esan, beste argudio batzuk espero nituen, ez dakit, autobusa atzeratu egin zela, edo ni ez nengoela geltoki egokian, baina ez zen halakorik. Ezetz esan nion. Jarraian, eta inongo azalpenik gehitu barik 90 euro eskaini zidan. Ezetz. Orduan gizonak txartelaren dirua itzuli zidatela argudiatu zuen -egia zen, salaketa jaso ondoren itzuli zidaten dirua, ez lehenago-, eta gehiegizkoa zela nik hegazkinez egindako bidaian ordaindutako 133 euroak eskatzea. Labur esanda, onar itzazu gure miseriak, eta ez gogaitu. Beraz, animatu nintzen -pixka bat- eta esan nien ez nuela ezer onartuko bidaiaren prezioaren azpitik, ez zelako diru kontu bat, duintasun kontua baizik.

Tipo horiek badakite beren bezeroak ez direla dirudunak izaten eta ez omen dute barkamenik eskatzeko ohiturarik. Azkenean auzitegiak arrazoia eman zidan.Tira, badakit ez dela mendeko auzia izan. Baina ez dakizue zein gustura geratu nintzen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina