Jordi Evolek aspaldi ez zigun eskaintzen erreferentzia-kazetari bihurtu duen elkarrizketa horietako bat. Pau Donesi egin ziona ederra eta hunkigarria izan zen, bai, baina beste une ahaztezin horietaz ari naiz, non elkarrizketa, lerroburuak betetzeraino iritsi baitzen. Kasu batzuetan, Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohiari egin zionarekin gertatu zena, esaterako, inpaktua hain handia izan zen, elkarrizketatuak justiziaren aurrean amaitu zuela. Informazio Zientzien Fakultateko irakaslea banintz, nire ikasleei erakutsiko nieke, ezbairik gabe, Jordik Santiago Carrillori egin ziona.
Elkarrizketa hura
politikariaren abisu serio batekin hasi zen: «Gerra garaian Paracuellos de
Jaramako sarraskian gertatutakoa hizpidera ekartzen baduzu, Luis del Olmori
Cope katean egin nion gauza bera egingo dizut, jaikiko naiz eta alde egingo
dut». Baina ez, azkenean Jordik maisutasunez, nahi zuen esparrura eraman zuen
kalaka, Carrilloren aitorpena lortu arte: «Gerra zen, eta gerran etsaia
garaitzeko hil egin behar da».
Evolek eta haren taldeak
merezitako ospea lortu dute, mota guztietako ustelkeriak eta praktika txarrak
agerian utziz. Hori dela eta, kazetariaren aurrean esertzen direnek, batzuetan,
beren izena garbitu nahian egiten dute. Hori zen, nire ustez, joan den igandean
gertatu zena. Eufemiano Fuentes, medikua da, eta haren karrera
susmoak zikinduta dago. Beraren aurkako kondena irmorik ez
dagoen arren, haren izena beti lotzen da «Puerto operazioarekin» eta legearen
mugan dauden dopin praktikekin.
Esgrima-borroka moduko
elkarrizketa horretan, kirol-medikuak argi utzi nahi izan zuen konta zezakeena
baino askoz gehiago zekiela, eta zuen jarduna beti garaiko kirol-agintarien
babespean egon zela. Eufemianok «esan gabe esan nahi zuen», baita hatzak
harrapatu gabe salatu ere, eta hori oso zaila da. Noizbeinka
«harrapatu nauzu» edo «zuri eta botilan» bezalako esaldiak esaten zituen,
behar zuena baino gehiago hitz egiten ari zela iradokiz. Baina, egia esan,
kakaren haizagailua martxan jarrita zuen une oro, botoia sakatzen zuen hatza
beste batena zela simulatuz.
Susmoaren itzala hainbat frontetan
zabaldu zen: Bartzelonako olinpiadetan lortutako dominak, FerminCachoren arrakastak, Reala bigarren geratu zen 2002-2003ko liga, Real Madrilen
jarduera. Herri-kantuko baserritarrak bezala, Eufemianok harria
bota eta eskua ezkutatzen zuen, baina zauriren bat egin zuen antza, Real
Madrilek iragarri baitu medikuari kereila jarriko diola.
Askoz argiagoa izan zen, bai,
ekialdeko herrialdeetan informazioak nola lortzen zituen deskribatzean.
Eufemiano hara zihoan, Federazioak ordainduta, errendimendu handiagoa lortzeko
trikimailuak ikastera. Bostehun dolarreko gutunazal batek hitz
eginarazten omen zion espezialistarik hermetikoenari.
Elkarrizketa, labur esanda,
nahiko amorragarria izan zen, baina ondorio batzuk, behintzat, argi utzi
zituen: Kirol arrakastak lortu beharrak kargudun eta kirolari batzuek bidezidor
tranpatiak bilatzea eragin du, eta egia osoa jakingo
balitz, kirol-arrakasta asko berrikusi beharko lirateke.
Salatzen hasita, Eufemianok
amaieran nabarmendu nahi izan zuena ere ez da gutxiesteko modukoa: «Zergatik ez ditu inork
salatzen txirrindularia suntsitzen duten etapa-diseinu
guztiz anker eta suntsitzaile horiek, ikuskizunaren mesedetan egiten diren
horiek?».
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina