2021(e)ko apirilaren 28(a), asteazkena

JORGE HIRITARRA


 Utzidazu Jorge, nire laguna, aurkezten. Adin ertaineko herritarra da, eta bizitzatik pasatzen saiatzen da zarata handirik egin gabe. Zergak ordaindu eta gogor lan egiten du. Jorgek ezin du luxu handirik bere gain hartu, baina hainbat urtez lan gogorra egin ondoren, Errioxan udak igarotzeko etxebizitza bat eros dezake edota gama ertaineko auto bat. Jorgek ez du atentzioa ematen. Igandetako gehigarrien azaletan ez da inoiz agertuko, eta haren izena ez da inoiz prentsako lerroburuetan irakurri. Ez da, ez, «modako» tipo bat. Nahikoa du bere betebeharrak betetzearekin eta ingurukoei huts ez egitearekin.

Guztiz gizon hiritarra den arren, Jorge ez da batere tipo 'trendi' edo 'cool' horietakoa; ez du hizkuntza «inklusiborik» erabiltzen, eta ez du tatuaje bakar bat ere bere larruazalean erakusten. Jorgek ez du bere bizitzan gimnasiorik zapaldu, eta beraren itxurak ez du inoren atentzioa ematen. Nori interesatuko litzaioke halako tipo txepel bat?

Bada, Jorge interesatzen zaio Pedro Ugarte idazle bilbotarrari, eta aldiro protagonista bihurtzen du bere kontakizunetako batean. Egia esan, Jorge ez da beti pertsonaia bera. Batzuetan eremu aberatsagoetan bizi da, beste batzuetan auzo xumeagoetan, batzuetan ezkontza -nolabait- zoriontsu baten parte da eta beste batzuetan dibortzio -nolabait- zibilizatu bat jasaten du. Batzuetan Jorgek ezkutuko bizioren bat izan dezake, eta sarritan, errautsak baino ez diren familia-jatorri ponposo baten gehiegizko zama eraman behar du. Gizon hau ez da inoiz ekintza heroiko batean protagonista izango, berez edozein indarkeria motaren aurkakoa da, baina noizean behin, ia konturatu gabe, beraren ukabilak memelo baten aurpegian egiten du talka.

Manuel Vázquez Montalbanen Carvalho detektibearekin gertatzen zitzaidan bezala, Pedro Ugarteren ipuinetako pertsonaia nagusia idazlearekin identifikatzeko joera dut, eta ezin dut saihestu kontakizun horietako asko beraren esperientzian oinarritzen direla susmatzea. Hala ere, berak liburuaren aurkezpenean argi utzi zuen: «Txundituta nauka kontakizun bat bizitza errealean oinarrituta egoteari ematen zaion garrantziak. Istorio bat benetako gertaeretan oinarritzeak, literaturaren ikuspegitik, ez du garrantzi handirik. Istorio batek ez badu funtzionatzen literaturaren ikuspuntutik, nik nahiago dut erreportaje edo artikulu moduan ezagutaraztea».

'Antes del Paraíso' Pedro Ugarteren azken ipuin-bilduma da. Liburu honetan, Jorge bat aurki dezakezu, larunbat goizaldean alaba kiroldegi urrun batera eramateko gidatzen duena, edo beste Jorge bat bere aitari kontzesionarioz-kontzesionario laguntzen diona, inoiz erosiko ez dituen gama altuko autoak probatzeko. Bada, halaber, Jorge bat, bere lanak behartuta, zentzugabeko teknizismoak ingelesez erabiltzen dituena, eta beste bat, zeinaren semea baita leinu baten oinordeko bakarra.

Pedro Ugarteren antiheroia familiako istorioen protagonista da; iraganetik datorren eta garai berrietara gero eta okerrago egokitzen den familia-eredu horretakoa. Istorio horietan, gutariko askok islatuta ikus ditzakegu gure buruak. Samurtasuna, ironia, eta nostalgia tanta batzuk nabariak dira beraren prosan. Vázquez Montalbánek berak idatzi zuenez: «ia guztiok errugabe gara».

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina