Ez zuten ikono feminista izan nahi, ezta ezeren
bandera ere. Pistols eta Ramones bezalako taldeak entzuten zituzten auzoko
neska rockeroak ziren eta beraien punk-taldea sortu nahi zuten, kito. Egitasmoa
1980ko hamarkadaren hasieran sortu zen, Bilboko Irala auzoan, non MCD taldeak
sortu ziren; haiekin era guztietako loturak zituzten.
Loles eta Lupe Vázquez ahizpak bateria eta gitarra,
hurrenez hurren, Mamen Rodrigo ahotsa eta Bego Astigarraga baxua. Hilabete
batzuetan beren lehen maketa grabatu zuten, kantu punkero eta aldarrikatzaile
sorta bat, baina umore garratzez betea: «Inkisizion», 'Punkies de Plástico',
'Maria, Dulce Maria'... Garai hartan, tokiko irratsaio batzuetan eta Muskaria
aldizkarian asko hitz egiten zen haietaz. Ikusteke zegoen nola funtzionatuko
zuten zuzenean.
Leioako Unibertsitatean ikusi nituen lehen aldiz.
Lekua, goizeko ordutegia eta publikoa ez ziren aproposenak punk-rock kontzertu
bat gozatzeko, baina agian horrexegatik, probokazioak inoiz ez bezala
funtzionatu zuen. Garai hartako jaialdi erdi inprobisatu haietako bat zen hura.
Lehen abestitik argi geratu zen, mezu hura barneratzea, zailegia zela,
bertaratutako gehienentzat. Haietako askok ez zuten punkaren aditzerik ere.
Laster hasi ziren tontolapikoen graziarik gabeko graziak. Baina neskak ez ziren
makaldu, ezta haserretu ere, emetasun ezberdinez betetako kantu harrigarri
haiek deskargatzen zituzten, memeloak barregarri uzten zituztela. Nerabe batzuk
ziren, munduari oihuka esanez beren anaiak bezain askeak izan nahi zutela,
eurek ere gauaz gozatu, festan parte hartu eta dantza egin nahi zutela. Neskei
hainbeste kalte egiten zien «maitasun» kontzeptu horretaz ozen trufa egin nahi
zutela. Hilabete batzuetan, jotzen zuten leku guztietara joan ginen haiek
ikustera, haien agertze hutsak eskemak apurtzen zituen nonahi… eta orduan
eskandalua lehertu zen.
1983ko apirilean, taldea Euskadiko rockzaleen artean
ezagunak izatetik Espainiako egunkari guztietako azalak betetzera pasatu ziren.
Carlos Tenak zuzentzen zuen «Caja de Ritmos» saioak atal bat grabatu zuen
Bilbon eta parte hartzera gonbidatu zituen. «Me Gusta ser una Zorra» abestia
grabatu zuten: «Si tú me vienes hablando de amor/Que dura es la vida, el
caballo me guía/permíteme que te dé mi opinión/Mira imbécil que te den por
culo». Estatuko Fiskaltza Nagusiak euren kontrako kereila jarri zuen «eskandalu
publikoa» leporatuta. Hortik aurrera dena zentzugabekeria huts bihurtu zen.
Gaur egungo ikuspegitik, harrigarria da Rosa Montero, Camilo José Cela edo
Francisco Umbral -beste askoren artean- lumen iritziak irakurtzea. Guztien
artean munstro bat sortu zuten, egiarekin zerikusirik ez zuena.
Absurdoa halako moldez hazi zen, non haien emanaldiak
zirku bihurtu baitziren. Gertaerak gainditu egin zituen eta banda desegin egin
zen. Une hartan, ezkerra soslaiz jarri zen gaiarekiko, eta garaiko feminismoa,
Lolesek ondo gogoratzen duenez, ez zen haiekin identifikatuta sentitu. Orain
batzuek eta besteek etengabe aldarrikatzen dituzte. Badirudi azkenean justizia
egin dela haiekin. «Too Much Too Soon» -«Gehiegi, Goizegi»- Johnny Thunderesen
kantuaren adibide ezin hobea izan ziren neska berritzaile haiek.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina