2021(e)ko ekainaren 1(a), asteartea

HORMAK ESANA


 Egunkari honetan bertan duela gutxi irakurri dut Bielorrusiak bere gida turistikoetan esaten duela «hormetan grafitirik aurkituko ez duzun herrialdea» dela. Nire haurtzaroko urteetatik, 60ko hamarkadan, nire herriaren erdiguneko eraikin handienaren fatxadako pintada bat besterik ez dut gogoratzen. Francisco Francoren aurpegia, legionario-txanoa buruan, ondoan lelo bat zuela: «25 años de paz». Moldez egina zegoen -falangistaren bat urte batzuk aurreratu omen zitzaion Banksyri- eta urte asko iraun zuen horma hartan.

70eko hamarkadan hasi ziren ikusten espraiz margotutako lehen aldarrikapen larriak: grebarako deiak, amnistia-eskaerak edo «herriak ez du barkatuko» erako leloak, diktaduraren ohiko gehiegikeria baten ondorio. Gauez idazten zituzten halako mezuak, ziztu bizian, eta, beraz, ez zen harritzekoa letraren bat falta izatea edo medikuaren errezeta bezain irakurtezinak izatea.

Trantsizioarekin eta alderdi politikoen legeztatzearekin batera, mural politikoen munduak urrezko aro bat ezagutu zuen. Garai hartako filmetan ikusten denez, ukabil, igitai, mailu, sinbolo antinuklear eta abarrekoak askotu egin ziren. Margotzeko orduan ez zegoen jada hainbesteko presarik. Oro har, agintariek nahiago zuten beste alde batera begiratu. Gogoan dut behin auto-stop egiten ari zen gazte frantses bat hartu nuela Donostian. Gure solasaldia oso arina izan ez zitekeen arren, miretsita zegoen, kaleak pintadez gainezka ikusi zituelako, eta esan zidan Frantzian ez zegoela «hainbesteko askatasunik». Barre-algaren eraginez, autoaren kontrola galtzear egon nintzen.

80ko hamarkadarekin batera, horma-irudi landuak hasi ziren ikusten zenbait fatxadatan, xehetasunez eginak, eta, askotan, erakundeek babestuak. Hamarkadaren amaiera aldera, hip-hop estetikako grafitiak agertu ziren. Hitz horiek, askotan, ulertezinak izaten ziren, koloretako hainbat espraiz idatziak, eta irudika zitekeen edozein azalera pintagarri hartzen zuten.

Aurreko hamarkadetako asmo propagandistikoak edo «kontzientziatzaileak» desagertu egin ziren erabat. Gizaki gehienontzat, hitz ulertezin horiek ez dute ezer adierazten. Fenomenoa «globalizazioa» delakoaren oso isla grafikoa da. Halako grafitiak oso antzekoak dira New Yorken, Caracasen edo Toronton. Lagun grafitigile batek behin aitortu zidan horietako artista bakar bati ere ez zitzaiola ardura ulertua izatea. Kontu nartzisista zela; nolabait, «Hau nire sinadura da» esatea bezala.

'Grafitiaren mezua' izeneko ikerketa batek, Florentziako Unibertsitateak argitaratua, honako ondorio hau atera zuen: «Grafitia hiri-tribu baten komunikabide bat da, kideak kohesionatzeko balio duena eta, aldi berean, bere kideen hierarkizazio bat sortzen duena, grafitigileek lortutako mailaren arabera. Kode bat ikasi behar da, ikusten ditugun piezak ulertu nahi baditugu; izan ere, aldez aurreko informaziorik ez duen ikusleak zikinkeriatzat har ditzake pieza horiek».

Dagoeneko 2021ean gaude, eta 80ko hamarkadako grafiti mota horiek jenderik gabeko etxeak, industria-hondakinak eta itxitako putetxeen hormak betetzen jarraitzen dute. Nik ez dut horma garbirik nahi Bielorrusiako prezioan. Gustuko dut mural ederrak ikustea, baina askotan, ohiko zirriborroen aurrean, ezinbestean, esaera fin hura datorkit burura: «Isiltasuna hobetzeko gai ez bazara, hobe isilik jarraitu».

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina