![]() |
| Jim Morrison 1969. urtean |
Egun batean, 1970eko hamarkadaren hasieran
David Bowiek gay zela aitortu zuen. Egia esan, aitormena baino trikimailua izan
zen. Harrezkero bere morboa handitu zen,
baita hedabideen -eta jarraitzaileen- kuriositatea ere. Garai hartan horrelako
zerbait oihukatzea ez zen batere ohikoa. Bere ibilbidean oztopo bat izan
zitekeen -gainera jakina zen emakume batekin ezkonduta zegoela-, baina nolabait lagungarri bihurtu zen.
Helburua denon ahotan egotea zen eta erabat lortu zuen.
Beste egun batean, 1971ko martxoan, burutik
oso sano ez zegoen morroi bat, labana bat eskuan, Black Sabbath taldeak hartua
zuen eszenatokira igo zen. Bere helburua: Tony Iommi hiltzea. Tipoa
konbentzitua zegoen taldeko gitarrista antikristoa bera zela. Benetako miraria
izan zen gertaera gaizki ez amaitzea. Tonyk aurre egin zion eta erailtzeko
asmoak porrot egin zuen. Aldagelara itzuli zirenean, buruz beherako gurutze bat marraztua zegoen
atean. Magia Beltza eta satanismoa ordura arte abestiak osatzeko joko bat
besterik ez zena, haien inguruko artikulu guztietan hasi zen aipatzen. Mito bat
jaio zen.
Baina benetako mito bihurtu nahi izanez gero,
beharbada hobe duzu hiltzea.
Jim Morrison hilda agertu zen bere Parisko
apartamentuan, bainu bat hartzen zegoelarik, 1971. urtean. Hilabete gutxi
lehenago bere irudia azal guztietan zegoen, Miamin izandako eskandaluagatik.
The Doors taldearen ekitaldi batean Jim guztiz mozkorturik agertu zen
eszenatokian. Egun hartan, normalean gustuko zuen probokazioa areagotu nahi izan
zuen. Bere publikoari luzaroan astindu ondoren masturbazio baten plantak egin
zituen. Hori zela eta, Floridako justiziak auziperatu zuen eta Jimek, erabat
gogaitua, Parisera ihes egin zuen sekula ez itzultzeko.
Baina rock giroko kondaira guztiak ez dira
beti horren tragikoak izan. Heavyek erabiltzen dituzten adarrek, adibidez, oso
jatorri bitxia dute. Nahiz eta “Coven”
izeneko talde ezezagun bat esku-keinu
hori erabiltzen lehenengoa izan, Ronnie James Dio izan zen zabaldu zuena.
Inspirazioa bere amonarengandik etorri zitzaion. Andreak gaitza aldentzeko
erabiltzen zuen eta madarikazio modura
ere bai. Ronnieri oso bitxia iruditzen zitzaion eta bere esparrura eramatea
erabaki zuen, aparteko rock ikurra bihurtzeraino.
Bitxikeria hauek eta beste hainbat, “A BamBam Boo Loo Ba” izeneko liburuan bilduta daude.
Javier Polok -idatziak- eta Saioa Burutaran-ek
(Susi Quiu) -marrazkiak- musikazaleen ahotan ibili diren legenda askoren berri
ematen dute, oso era erakargarrian, umeentzako ipuin-liburu bat izango balitz
bezala.
Dagoeneko argi dago. Konposatzeko eta
zuzenean aritzeko talentua ezinbestekoa da musika munduan arrakasta lortzeko,
baina legenda bat bihurtzeko “plus” bat beharko duzu: ekitaldi ahaztezin bat,
poliziarekin lehia bat, luzaroan komentatzen den prentsaurreko zaratatsu bat,
drogekin arazo larriak... Hori bai, mito bihurtzeak ez dizu bermatuko zoriontsu
izatea, bakarrik mitozaleen ametsetan bizitzea eta horrelako liburu eta
pelikuletan protagonista izatea.
