2016(e)ko apirilaren 5(a), asteartea

MITO ETA KONDAIRAK


Jim Morrison 1969. urtean
Egun batean, 1970eko hamarkadaren hasieran David Bowiek gay zela aitortu zuen. Egia esan, aitormena baino trikimailua izan zen. Harrezkero bere morboa handitu zen,  baita hedabideen -eta jarraitzaileen- kuriositatea ere. Garai hartan horrelako zerbait oihukatzea ez zen batere ohikoa. Bere ibilbidean oztopo bat izan zitekeen -gainera jakina zen emakume batekin ezkonduta zegoela-,  baina nolabait lagungarri bihurtu zen. Helburua denon ahotan egotea zen eta erabat lortu zuen.
Beste egun batean, 1971ko martxoan, burutik oso sano ez zegoen morroi bat, labana bat eskuan, Black Sabbath taldeak hartua zuen eszenatokira igo zen. Bere helburua: Tony Iommi hiltzea. Tipoa konbentzitua zegoen taldeko gitarrista antikristoa bera zela. Benetako miraria izan zen gertaera gaizki ez amaitzea. Tonyk aurre egin zion eta erailtzeko asmoak porrot egin zuen. Aldagelara itzuli zirenean,  buruz beherako gurutze bat marraztua zegoen atean. Magia Beltza eta satanismoa ordura arte abestiak osatzeko joko bat besterik ez zena, haien inguruko artikulu guztietan hasi zen aipatzen. Mito bat jaio zen.             
Baina benetako mito bihurtu nahi izanez gero, beharbada hobe duzu hiltzea.
Jim Morrison hilda agertu zen bere Parisko apartamentuan, bainu bat hartzen zegoelarik, 1971. urtean. Hilabete gutxi lehenago bere irudia azal guztietan zegoen, Miamin izandako eskandaluagatik. The Doors taldearen ekitaldi batean Jim guztiz mozkorturik agertu zen eszenatokian. Egun hartan, normalean gustuko zuen probokazioa areagotu nahi izan zuen. Bere publikoari luzaroan astindu ondoren masturbazio baten plantak egin zituen. Hori zela eta, Floridako justiziak auziperatu zuen eta Jimek, erabat gogaitua, Parisera ihes egin zuen sekula ez itzultzeko.
Baina rock giroko kondaira guztiak ez dira beti horren tragikoak izan. Heavyek erabiltzen dituzten adarrek, adibidez, oso jatorri bitxia dute.  Nahiz eta “Coven” izeneko talde ezezagun bat  esku-keinu hori erabiltzen lehenengoa izan, Ronnie James Dio izan zen zabaldu zuena. Inspirazioa bere amonarengandik etorri zitzaion. Andreak gaitza aldentzeko erabiltzen zuen  eta madarikazio modura ere bai. Ronnieri oso bitxia iruditzen zitzaion eta bere esparrura eramatea erabaki zuen, aparteko rock ikurra bihurtzeraino.
Bitxikeria hauek eta beste hainbat, “A BamBam Boo Loo Ba” izeneko liburuan bilduta daude.
Javier Polok -idatziak- eta Saioa Burutaran-ek (Susi Quiu) -marrazkiak- musikazaleen ahotan ibili diren legenda askoren berri ematen dute, oso era erakargarrian, umeentzako ipuin-liburu bat izango balitz bezala.
Dagoeneko argi dago. Konposatzeko eta zuzenean aritzeko talentua ezinbestekoa da musika munduan arrakasta lortzeko, baina legenda bat bihurtzeko “plus” bat beharko duzu: ekitaldi ahaztezin bat, poliziarekin lehia bat, luzaroan komentatzen den prentsaurreko zaratatsu bat, drogekin arazo larriak... Hori bai, mito bihurtzeak ez dizu bermatuko zoriontsu izatea, bakarrik mitozaleen ametsetan bizitzea eta horrelako liburu eta pelikuletan protagonista izatea.

Gero betiko galdera dago: “Baina kondaira guzti hauek egiazkoak al dira?”... Ba italiarrek esaten duten bezala: “Se non è vero, è ben trovato” (Egia ez bada, ongi kontatua dago behintzat).

 


2 iruzkin:

  1. Zure kondairak irakurtzean "The doors" pelikulan azaldutako eszena bat gogoratu dut. Noski, pelikula da, eta baliteke Oliver Stone, pelikularen zuzendariak, bene-benetakoa ez zen eszenaren bat irudikatzea.
    Egia edo ez, horrelakoa zen (beno, zu bezalako musika zale eta bideratzaile bati hau kontatzeak, pixkat lekuz kanpo uzten nau, zeren zihur nago badakizula, baina hala ere, zure bloga irakutzen dutenak ez badakite hor doa): The Doors-en ibilbidearen hasieran "Whiskey a go-go" izeneko taberna batean, Morrison-ek "The end" kanta mitikoaren erdian inprobisazio txiki bat egin zuen: erdi hizketa, erdi errezitatzaile tonu batean, hau esan zuen (memoriz doa, beraz barka itzazue akatsak datu matematikoaren zaleak): "Hiltzaileak bere botak jantzi zituen eta gelatik ateratzean, pasilotik zehar bere gurasoen gelara joan, eta atea irekitzean, zera esan zuen: "aita?" "bai seme?" "hil egin nahi zaitut", "ama?" "bai seme?" "I want to fuck you all night" (gau guztian larrua jo nahi dut zurekin, edo quiero follarte). Tabernaren nagusiak ia ostikoka atera zituen handik: "Mother, I want to fuck you???!!!". Beno, gero, kalean, Morrison, kriston mozkorrarekin, armail batetik igotzen saiatzen da, deliratzen. Manager moduko bat etortzen zaie eta zera esaten die The Doors-eko musikoei: "Horrelako bat X lekuan errepikatzen badezute, kontratatu egingo zaituztet" Probokazioak, beraz, arrakasta izan zuen.
    Bestalde, Roberto, rockero bezala, zortea izan zenuen 27 urte zenituenean zure bizitza ez gelditzean. Jakingo dezu ere, Jim Morrison, Janis Joplin, Jimmy Hendrix, Cobain, Amie Winehouse and so on... 27 urterekin hil zirela. Hor beste mito triste bat. Baina mitoa azken batean...
    Besarkada bero bat!!!

    ErantzunEzabatu
  2. Egia esan, nahiko aserretuta irten nintzen ni zinetik pelikula hori ikusi ondoren. Ray Manzareck esan zuenez: "Hau izan da Oliver Stoneren mendekua, gu dibertitzen genuelako bera Vietnamen gorriak eta bi pasatzen zituen bitartean". Askoz obeagoa iruditu zitzaidan "When You're Strange" Tom DiCillok zuzenduta. Guztiz gomendagarria taldearen ibilbidea ezagutu nahi dutenentzat. Izugarrizko irudi bortitzak ditu. Miamiko mobida osoa oso ondo islaturik dago.
    Beste besarkada for you Antxon.

    ErantzunEzabatu