![]() |
| Sopela eta Berango arteko sutearen irudia |
Arratsaldeko bostak aldera lehenengo seinaleak agertu
ziren. Suhiltzaileen kamioien hotsak behin eta berriz hasi ziren entzuten
Sopela eta Berangorako norabidean. Zazpiak aldera hasi ginen lehenengo
“whatsapp”eko mezuak jasotzen, batzuk argazkiz lagundurik. “Hey, ikastola
kiskaltzen zaigula!” esaten zigun lagun batek. Hemengo hedabiderik
garrantzitsuenen web-orrietan gertaeraren berri ematen hasi ziren zuhurtzia
handiz: Sustatxa bidean sortutako sutea zela, foku ezberdinak zeudela hiru
kilometroko eremu batean, Unbe mendiko errepidea itxita zegoela eta kasu
batzuetan (ez guztietan) zenbait etxetan izandako irtenarazteen berri ematen
zuten baita ere.
Iluntzean ke usaina nabaria zen Sopelako herri osoan eta
sutearen ingurutik hurbil bizi den lagun batekin kontaktuan jarri ginen.
Izuturik zeuden, baina momentuz behintzat suhiltzaileek ez zuten etxea uzteko
agindurik eman.
Gauarekin batera
su-garren arrisku itxura areagotu zen. Urko polikiroldegiaren inguruetan
ikusnahiak ugaritzen ziren. Sare sozialetan hasia zen informazioaren eta desinformazioaren
dantza. “#Sute” eta antzeko hashtag-ak sortzen ziren eta bertan baieztapen
kezkagarriak ez ziren falta: “La cervecera en llamas”, “Sua Ikastola parean
dago”, “Hemen ez dago ezer kontrolaturik, guztiz kontrakoa”.
Egia esan, etengabeko haize-boladak ez ziren batere
lasaigarriak eta usaina gero eta nabariagoa zen. Informazio berrien faltan
iruzkinak ugaltzen ziren. Honelakoetan inoiz ez dira faltako Eusko Jaurlaritza
seinalatzen dutenak: “Non dago euskal ejertzitoa?, non gure herri-zainak?
Ezdeusen eskuetan gaude”, “helikoptero bat ere ez da inguruetan ikusten, hau da
murrizketek ekartzen digutena, lotsagarria”. Laster gehituko zaizkie
mesfidatiak: “Berango eta Sopela artean hain zuzen, zein lurralde egokia kristoren
urbanizazioak eraikitzeko , Partido Popularrak horrelakoak errazten dituen
legea aprobatu berri denean, hau kasualitatea!”.
Oheratzeko orduan, irratian eta hedabide nagusietako
webgunetan jakin daitekeenak ez zuen gauza handirik gehitzen ordura arte jakin zenari.
Sutetik gertuago bizi diren lagunengandik mezu lasaigarriak jaso genituen baita
ere. Twitterren eta Facebooken ordea,
berri beldurgarriak eta iruzkin apokaliptikoak jaun eta jabe. Ikastola,
“Garden Centerra” eta inguruko garagardotegi bat kiskaldutzat ematen ziren.
Hurrengo egunean suak eta haizeak bizirik zirauten, baina
suhiltzaileen etengabeko lanari Madrildik bidalitako ur-hegazkina gehitu
zitzaion. Arratsalde partean suteak kontrolpean ematen zuen eta zeruak
suhiltzaileek egindako lanari sari bat eman nahi balio bezala, luzaroan ikusten
ez zen euri-zaparrada bota zuen.
Suaren jatorria ikertzen ari diren bitartean,
informazioaren ikuspuntutik, gertatutakoak badu zenbait hausnarketa egiteko
mamia.
Badirudi honelako gertaeretan irratiak zuen
bat-batekotasuna lehentasuna galtzen ari dela, sareak duenarekin konparatuz.
Hala ere, iturburuen fidagarritasuna ez da beti areagotzen “bertan dagoen
lekuko” batengandik omen datorrelako. Hedabide ezagunek badakite euren
fidagarritasuna jokoan dagoela eta horrek honelako berriak zuhurtziaz
kudeatzera eramaten ditu.
Bestalde harrigarria da batzuek ikaragarrizko titularrak
emateko duten zaletasuna. “Amarillismoa” edo “anpolai-prentsa”, honelakoetan
ikus daitekeenez, ez dago erredakzioetan
bakarrik.
