sutan etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
sutan etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko urtarrilaren 3(a), igandea

SUTAN




Sopela eta Berango arteko sutearen irudia
Arratsaldeko bostak aldera lehenengo seinaleak agertu ziren. Suhiltzaileen kamioien hotsak behin eta berriz hasi ziren entzuten Sopela eta Berangorako norabidean. Zazpiak aldera hasi ginen lehenengo “whatsapp”eko mezuak jasotzen, batzuk argazkiz lagundurik. “Hey, ikastola kiskaltzen zaigula!” esaten zigun lagun batek. Hemengo hedabiderik garrantzitsuenen web-orrietan gertaeraren berri ematen hasi ziren zuhurtzia handiz: Sustatxa bidean sortutako sutea zela, foku ezberdinak zeudela hiru kilometroko eremu batean, Unbe mendiko errepidea itxita zegoela eta kasu batzuetan (ez guztietan) zenbait etxetan izandako irtenarazteen berri ematen zuten baita ere.
Iluntzean ke usaina nabaria zen Sopelako herri osoan eta sutearen ingurutik hurbil bizi den lagun batekin kontaktuan jarri ginen. Izuturik zeuden, baina momentuz behintzat suhiltzaileek ez zuten etxea uzteko agindurik eman.
Gauarekin  batera su-garren arrisku itxura areagotu zen. Urko polikiroldegiaren inguruetan ikusnahiak ugaritzen ziren. Sare sozialetan hasia zen informazioaren eta desinformazioaren dantza. “#Sute” eta antzeko hashtag-ak sortzen ziren eta bertan baieztapen kezkagarriak ez ziren falta: “La cervecera en llamas”, “Sua Ikastola parean dago”, “Hemen ez dago ezer kontrolaturik, guztiz kontrakoa”.
Egia esan, etengabeko haize-boladak ez ziren batere lasaigarriak eta usaina gero eta nabariagoa zen. Informazio berrien faltan iruzkinak ugaltzen ziren. Honelakoetan inoiz ez dira faltako Eusko Jaurlaritza seinalatzen dutenak: “Non dago euskal ejertzitoa?, non gure herri-zainak? Ezdeusen eskuetan gaude”, “helikoptero bat ere ez da inguruetan ikusten, hau da murrizketek ekartzen digutena, lotsagarria”. Laster gehituko zaizkie mesfidatiak: “Berango eta Sopela artean hain zuzen, zein lurralde egokia kristoren urbanizazioak eraikitzeko , Partido Popularrak horrelakoak errazten dituen legea aprobatu berri denean, hau kasualitatea!”.
Oheratzeko orduan, irratian eta hedabide nagusietako webgunetan jakin daitekeenak ez zuen gauza handirik gehitzen ordura arte jakin zenari. Sutetik gertuago bizi diren lagunengandik mezu lasaigarriak jaso genituen baita ere. Twitterren eta Facebooken ordea,   berri beldurgarriak eta iruzkin apokaliptikoak jaun eta jabe. Ikastola, “Garden Centerra” eta inguruko garagardotegi bat kiskaldutzat ematen ziren.
Hurrengo egunean suak eta haizeak bizirik zirauten, baina suhiltzaileen etengabeko lanari Madrildik bidalitako ur-hegazkina gehitu zitzaion. Arratsalde partean suteak kontrolpean ematen zuen eta zeruak suhiltzaileek egindako lanari sari bat eman nahi balio bezala, luzaroan ikusten ez zen euri-zaparrada bota zuen.
Suaren jatorria ikertzen ari diren bitartean, informazioaren ikuspuntutik, gertatutakoak badu zenbait hausnarketa egiteko mamia.
Badirudi honelako gertaeretan irratiak zuen bat-batekotasuna lehentasuna galtzen ari dela, sareak duenarekin konparatuz. Hala ere, iturburuen fidagarritasuna ez da beti areagotzen “bertan dagoen lekuko” batengandik omen datorrelako. Hedabide ezagunek badakite euren fidagarritasuna jokoan dagoela eta horrek honelako berriak zuhurtziaz kudeatzera eramaten ditu.
Bestalde harrigarria da batzuek ikaragarrizko titularrak emateko duten zaletasuna. “Amarillismoa” edo “anpolai-prentsa”, honelakoetan ikus daitekeenez, ez dago  erredakzioetan bakarrik.