![]() |
| Fernando Rey eta Alfredo Landa TVErako eginiko Kixotearen moldaketa batean |
Sanchooo... Quijote.
Quijoteee... Sancho. Nik ez ezik, “zer-ondo-kontserbatzen-zaren” adinean
zaudetenok, lelo horrekin hasten zen 1979. urteko marrazki bizidunak izango
dituzue gogoan. Zehatzago izateko, gogoan izango dituzue hasierako sintonia
hori eta protagonistak. Gainerako guztia, gehienontzat, ahanzturaren
bidezidorretan galduta dago.
Garaiko tele-agintariek,
ziur aski intentziorik onenarekin hartuko zuten erabakia: mundu mailako
literatur lanik laudatuenen artean dagoena, umeentzako moldatzea.
Baina ez, ez dago gehien
gogoratzen diren telesaioen artean eta oso gai hezigarria izan arren, inork ez
du horretan pentsatzen antzinako telesaioak erreskatatzeko orduan, ez eta
“Cachitos de Hierro y Cromo”edo “Ochéntame Otra Vez” tankerako programetan ere.
Urte batzuk lehenago
protagonista berberak Madrilgo Espainia Plazan agertu ziren, estatua gisa.
Europako beste hiriburuetan horren ikono esanguratsuak baldin badituzte
postaletan agertzeko modukoak, zergatik Madrilen ez? Eta zein izan liteke
irudirik egokiena Espainiako aurpegia garbitzeko? Eureka: Mantxako Kixotea etabere idazlea, mundu osoan ezagunak eta miretsiak direnak: aurrera bolie.
Eta bai, egin, egin
zuten eta ezarri, ezarri zuten, baina gustatu?... Ez zen inoren gustukoa izan.
Horrenbeste urte pasa eta gero eskultura-talde horrek hor jarraitzen du
ikusgai, egun hauetan horrenbestetan agertzen ari den Madrid eraikinaren
ondoan, Santxo eta Kixoteren figurak altxatzen dira, triste, ilun, erabat lekuz
kanpo. Haien atzetik Cervantesen bustoa, berak sorturiko kreaturei so. Inoiz ez
da izan turistek gehien maite izan duten helburua eta bere inaugurazio egunetik
kritika zorrotzak izan ditu lagun.
Aurten, Cervantesen
heriotzaren laugarren mendeurrena ospatzen delarik “Mantxako Gizona” izeneko
musikala berriro martxan jartzeko proiektuaz mintzo dira, Mario Gasen eskutik.
Enegarren saiakera izango da. Cervantes bera protagonista duen musikal hau ez
dago Broadwayko historian zehar arrakasta gehien lortu dutenen artean eta ildo horretatik
egindako pelikulak, hobe ahaztea.
Bada, Kixotearen eta
zinearen arteko harremana ez da izan suziriak botatzeko modukoa. Hirurogeita
hamar aldiz baino gehiago haren inguruko pelikulak egin dira eta bakar bat ere
ez da bereziki aipatua, saritua edo gogoratua izan.
Txikitan errusiar
produkzio bat ikustera eraman ninduten (Irakurri dudanez, hobetsienen artean
dago) eta benetako terrore-filma bezala izango dut betirako nire baitan.
Eleberrian dagoen edozein umore-izpi aldera utzita, errusiarrek pelikula osoan
zehar jipoitzen zuten Kixote ergel eta goibel bat algara maltzurren
artean.
Antzeko zortea izan dute
antzezlanek, umeentzako ipuin moldatuek, edizio errazek, telesaioek,
komikiek... Edonon izanda ere Miguel de Cervantes pozik egongo da hau guztia
ikusita. Literaturaren mundu mailako arrakasta lortu duenak (urtez urte bere
oihartzuna handitzen duelarik) ez du formatu gehiagorik onartu nahi.
Mantxako Kixotea
literatura jaio zen eta literaturaren bidez ulertu behar da. Ez bestela.
Pertsonaien gogoetek, pasadizoek, bizipenek... zentzu osoa galtzen dute, ez
badira literaturaren legeak errespetatzen.
Eleberritik kanpo,
Kixoteak ez du funtzionatzen. Itxura tristeko zalduna, berak miretsitako Cid
Campeador-en antzera, batailak irabazteko gai da hil ondoren ere.
ROBERTO MOSO
