2016(e)ko otsailaren 7(a), igandea

KIXOTEREN MENDEKUA



Fernando Rey eta Alfredo Landa TVErako eginiko Kixotearen moldaketa batean

Sanchooo... Quijote. Quijoteee... Sancho. Nik ez ezik, “zer-ondo-kontserbatzen-zaren” adinean zaudetenok, lelo horrekin hasten zen 1979. urteko marrazki bizidunak izango dituzue gogoan. Zehatzago izateko, gogoan izango dituzue hasierako sintonia hori eta protagonistak. Gainerako guztia, gehienontzat, ahanzturaren bidezidorretan galduta dago.
Garaiko tele-agintariek, ziur aski intentziorik onenarekin hartuko zuten erabakia: mundu mailako literatur lanik laudatuenen artean dagoena, umeentzako moldatzea.
Baina ez, ez dago gehien gogoratzen diren telesaioen artean eta oso gai hezigarria izan arren, inork ez du horretan pentsatzen antzinako telesaioak erreskatatzeko orduan, ez eta “Cachitos de Hierro y Cromo”edo “Ochéntame Otra Vez” tankerako programetan  ere.
Urte batzuk lehenago protagonista berberak Madrilgo Espainia Plazan agertu ziren, estatua gisa. Europako beste hiriburuetan horren ikono esanguratsuak baldin badituzte postaletan agertzeko modukoak, zergatik Madrilen ez? Eta zein izan liteke irudirik egokiena Espainiako aurpegia garbitzeko? Eureka: Mantxako Kixotea etabere idazlea, mundu osoan ezagunak eta miretsiak direnak: aurrera bolie.
Eta bai, egin, egin zuten eta ezarri, ezarri zuten, baina gustatu?... Ez zen inoren gustukoa izan. Horrenbeste urte pasa eta gero eskultura-talde horrek hor jarraitzen du ikusgai, egun hauetan horrenbestetan agertzen ari den Madrid eraikinaren ondoan, Santxo eta Kixoteren figurak altxatzen dira, triste, ilun, erabat lekuz kanpo. Haien atzetik Cervantesen bustoa, berak sorturiko kreaturei so. Inoiz ez da izan turistek gehien maite izan duten helburua eta bere inaugurazio egunetik kritika zorrotzak izan ditu lagun.  
Aurten, Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrena ospatzen delarik “Mantxako Gizona” izeneko musikala berriro martxan jartzeko proiektuaz mintzo dira, Mario Gasen eskutik. Enegarren saiakera izango da. Cervantes bera protagonista duen musikal hau ez dago Broadwayko historian zehar arrakasta gehien lortu dutenen artean eta ildo horretatik egindako pelikulak, hobe ahaztea.
Bada, Kixotearen eta zinearen arteko harremana ez da izan suziriak botatzeko modukoa. Hirurogeita hamar aldiz baino gehiago haren inguruko pelikulak egin dira eta bakar bat ere ez da bereziki aipatua, saritua edo gogoratua izan.
Txikitan errusiar produkzio bat ikustera eraman ninduten (Irakurri dudanez, hobetsienen artean dago) eta benetako terrore-filma bezala izango dut betirako nire baitan. Eleberrian dagoen edozein umore-izpi aldera utzita, errusiarrek pelikula osoan zehar jipoitzen zuten Kixote ergel eta goibel bat algara maltzurren artean.  
Antzeko zortea izan dute antzezlanek, umeentzako ipuin moldatuek, edizio errazek, telesaioek, komikiek... Edonon izanda ere Miguel de Cervantes pozik egongo da hau guztia ikusita. Literaturaren mundu mailako arrakasta lortu duenak (urtez urte bere oihartzuna handitzen duelarik) ez du formatu gehiagorik onartu nahi.
Mantxako Kixotea literatura jaio zen eta literaturaren bidez ulertu behar da. Ez bestela. Pertsonaien gogoetek, pasadizoek, bizipenek... zentzu osoa galtzen dute, ez badira literaturaren legeak errespetatzen.
Eleberritik kanpo, Kixoteak ez du funtzionatzen. Itxura tristeko zalduna, berak miretsitako Cid Campeador-en antzera, batailak irabazteko gai da hil ondoren ere.          
                                                                 

ROBERTO MOSO

2 iruzkin:

  1. Eta gainera, don Kixote liburuak berak, norbaitek gaztelania zaharretik gaur eguneko gaztelaniara "itzulitakoa" irakurtzen badu (Andres Trapielloren urtetako lanaren ondorioz) zuk ematen duzun arrazoia nabarmenagoa da. Kasu honetan, askoz hobeto ulertzen zaio Cervantesi, eta hobeto ulertzen da zure ikuspegia, nineuk Robert.
    Hau da, gutxi izango dira literatura mailan, oso haundiak izan diren liburuak, zinemara, marrazkietara edo eskulturetara eramanda, bere balio geihena galdu ez dutenak. Kixotea ez da akzioko edo intrigazko nobela zirraragarria. Kixotea ez da heroia. Baina literatura mailan, Kixoteak, edo behintzat ni irakurtzen ari naizen edizioko Kixoteak, gauza oso erakargarriak ditu.
    Tipo arrunt bat zoratuta, eta bere Santxo laguntzaile inozente eta ogia baino onago bat, don Kixoteren edo Alonso Quijanoren buru zoratuan bakarrik dauden abenturak bilatzen lurralde ezberdinetan zehar; eta errealitate gogordinaren kolpeak hartzen... Eta hori da sinopsi guztia.

    Zirraragarria zineman ikusteko? Batere ez. Literatura onenetan geihegi esaten da "si no pasa nada en ese libro". Ba ez, asko, gauza asko "gertatzen" dira hor. Kixotea dibertigarria, interesgarria eta harrigarria izan daiteke literatura mailan. Zerem literaturan, askotan, formak, kontatzeko moduak, kontatzen dena baino erakargarriagoa da. Adibidez, edozein txorakeri era zirraragarri eta dibertigarri batean kontatzeko ahalmenak, irakurlearen barneko poza sortu dezake; eta zera "gertatzen" da baita ere: gogoeta interesgarriak eta atseginak nahiz sakonak izan.
    Kasu honetan, interesgarria ez da "akzioa". Horretarako beste pelikula edo telesaile bat hobe ikustea, nik egiten dudan moduan geihegi ez pentsatzeko, batzutan.
    Eta kontuz, nik Kixoteaz ondo hitzegiten badut ez da nere burua interesgarritzat erakusteko; ez da akademikoaren postura hartzeko. Zeren eta ni, irakurle nahiko txarra naiz. Eta irakurtzen ari naizen Kixotea, errepikatzen dut, gaur egungo gaztelaniara pasatutakoa da; eta horrelakoa delako gustatzen ari zait.
    Beharbada, edizio eguneratu horren aurrean Akademiko batek hori sakrilegio bat dela esango lidake. Baina zer nahi duzue, jendeak ez duela irakurtzen kexatzen bazarete, zubi batzuk ezarri beharko dira akademiko eta katedratikoen ikuspegi jakintsuengatik, eta ni bezalako pertsona arrunten artean. Cervantesek ez zuen Kixotea idatzi bere lana ikertua izateko intenzioarekin, baizik era guztietako jendeari heltzeko. Prologoan hori oso argi geratzen da.

    Bestalde, beharbada, Cervanteseri barre asko eragingo lioke akademiko orojakintsu hoien ikuspegiak, eta ez luke zalantzarik izango, historia bat kontatzean, beraien kontuz barre batzuk eragiteko irakurlearengan, eta bere barnekaldean. Nahiz eta akademiko horien artean idazle oso onak egon daitezkeen, eta beraien artean ere, eleberri oso onak egiten dituztenak egon.
    Beno, amak bazkaltzera gonbidatzen digu, aitari eta niri, eta horretara joan BEHAR naizenez, ezin dut honekin jarraitu. Beraz, barkatu akatsak, oraintxe bertan "argitaratu" botoiari eraman behar diodalako.
    Eskerrikasko Roberto. Idaztea gustatzen zaigu, nahiz dohainik.

    ErantzunEzabatu
  2. Benetan dohainik nik irakurtzen ari naizen bertsioa...lagun batek oparituta. Norbaitek esango luke (eta ez zitzaion arrazoi pixkat falta) kontraesana dela artikuluan esan dudana esatea eta gero edizio "moldatuta" irakurtzea. Baina ez dut uste horrela denik. Zuk oso ondo definitu duzunez, batzutan zubiak behar dira eta hau zubi ezinobea da bertsio originalarekin hasteko. Mila esker again.

    ErantzunEzabatu