Nire
lehengusu Juan Pablok eta
Santi Pechotorok liskar bat izan zuten 76ko igande beltz batean Young’s
diskotekan.
Nire lehengusuak
15 urte zeuzkan orduan eta Pechok 16. Nik 14 urte neuzkan eta gertaera
sinestezin hura hasi zenean nahiago izango nukeen bertan hil, han bertan atoan
desagertu. Nire lehengusu Juampa bizi Donostian bizi zen eta ikastegi
frantsesean ikasten zuen. Haren notak oso onak ziren, iraingarriak, eta berak
itxura apain-aratza zeukan, bista zauritzerainokoa.
Neure haurtzaro
guztian, hura behin eta berriro aitatzen zuten eredu gisa: ongi hezia,
etorrikoa, atsegina... kalifikazio on-onak ateratzeaz gain, eskolaz kanpoko
jardun sofistikatuak egitea bazeukan, orduan exotiko iruditzen zitzaizkidan izenekoak:
informatika, ai-kido, armonia, patinetako hockeya... Familiako ospakizunetan
beti izan zuten numero nagusi bat, non Juampak buruz ikasitako poema luze bat
errezitatzen zuen, eta ondoren bere ikastetxeko ereserkia kantatzen nire
lehengusina Ana Mari-rekin batera. Osaba-izeba, aitona-amona eta gurasoen
txaloak bizilagunen patio guztian aditzen ziren eta ni handik joaten saiatzen
nintzen, inork kanta nezala esan aurretik, irmo, Athletic-en ereserkia kanta
nezala, bazkalosteko numero komikoa eginez.
Inork pentsa
dezakeen hori pentsatu aurretik, esan dezadan oso atsegin nuela Juampa nire
lehengusua. Jarraitzeko eredu gisa besteek niri jartzea arbuiagarria zen, baina
ez nion hari errurik egozten, ez. Zeukan curriculum berebizikoa bere kontua
zen, betebeharren munduari zegokiona eta beraz, batere interesatzen ez
zitzaidan mundukoa.
Haurtzaro
guztian, bera zen niretzat
joko desberdinak zekizkien ahaidea, mago batek bezala margotzen zuena,
lehengusina eta izebak sustatzeko txantxa txit dibertigarriak asmatzen zituena.
Lehengusutxoa berritasuna zen, haren presentzia beti zegoen lotuta
familia bilera jendetsuei eta beraz festa, joko, tarta eta kanapeei.
Egurra partitu zen
egunean nire lehengusuak zuen adina zehatz nik jakitearen arrazoia hau da: ni
baino urte bete zaharragoa da. Bada beste arrazoi bat nire kontrarioaren urteak
gogoratzeko: nire gelan zegoen eta bigarrenez errepikatzen ari zen.
Liskar berezi hark
eszenatoki berean jarri zituen nire izatearen antzokian bateraezin ziren bi
aktore. Juampa sendiko jai-giroko parte
zen, eta Santi beste muturrean zegoen justu: nire kezkarik handiena zen, izua
bera haragitua, giza izatea eta bizitza bera arbuiatzeko arrazoi nagusienetako
bat zen.
Institutuan sartu
nintzen lehenengo egun zorigaitzekotik bertatik, izan zen nigan zerbait
atentzioa benetan eman ziona.
Ikastetxean izana nuen ikasle bizimodu atsegina kalbario bihurtu zen
“instia” eraiki zutenean eta nire gurasoek erabaki zutenean aski zela hilero
dirutzak ordaintzeaz. Bat batean nire burua galdua ikusi nuen pasillo etsai
haietan, ez nuen inor ezagutzen eta asko ziren gogor izateko bokazioa
zuten mutilak. Eskolako nire aurreko aldian ikasle “zail” ziren haiek
eredugarri zitezkeen leku berrian. Santi hori zen nire bizitza laburrean
aurkitua nuen txarrena. Haren begietan gorrotoa zegoen, ahoan mespretxu
irribarrea zegoen beti, ibilerak, presiozko bakero batzuek behartua,
txulo-itxurakoak ziren, haren gogoa beroa, eta gainean txima sorta koipetsua
zuen, patrikako orrazi batekin errepasatzea maite zuena, besteei bizitza nola
izorratu beste asmorik ez zeukan buruan... Ikastetxe berrian sartu aurretik,
guztiek bezala, baneukan haren ibileren berri. Berak eta bere koadrilak
eskuratua zuten kabroi fama, ondo merezita, haurren irudimenean neurrigabe
handitua. Haren ezizenak berak nekez sinisteko bertsioak zekartzan: gehienek
zioten adore harrigarria zuela olatu-hormako uretara jauzi egiteko arrezifeen
gorenetik, bularrez. Beste kondaira
batek zioen norbait saiatu egin zela labana hari bularrean sartzen eta labana
hautsi egin zela. Egia hau zen, bera “Pechotoro” zen; anai txikia, haren berdina txikiagoan, “Pechines” zen.
Ikasturteko lehen egunetan ni ikasle
bat gehiago nintzen, hasberri sustatu olde baten baitan murgildua, oharkabean
pasatu nahirik, noiz arte eta, modurik
zentzugabeenean patuak atentzio foku bat jarri zidan arte niregan, nik
sekula isiotuko ez nuena. Historia irakasle madarikatu hark behin eta berriz
errepikatu zuen errutina pedagogikoa: dorpeari galdetu eta hau umiliatu ostean,
beste baten erantzunarekin egurtu; ohitura txepel horrek ondorio bakarra izan
dezake: ikasle “distingituari” etsaiak sortzea. Eta hori da hain zuzen ere
gertatu zitzaidana. Santik bizkarra uzkurtu zuen mindu itxurarekin eta
maisuaren hatz erakuslea nire pertsonatxo umil uzkurrera zuzendu zen, ez nuen
behar besteko ernetasuna izan erantzun okerra emateko. Laido haren prezioa oso
garesti ordaindu nuen. Hobe nukeen askoz irakaslearen errieta jasotzea, edo
zigorra, edo irakasleak zartako bat jotzea, hitz atsegin haiek entzutea baino:
“Oso ongi, gutxienez bada inor gela honetan ikasten duena”, eta horrek markatu
ninduen hainbat astez eta astez.
-Ea,
esadak Pitagorin, zein dok
Italiako huriburua?... ea, asmatzen badok gazta bat emango juat eta asmatzen ez
badok gaztako bi, bale? Benga... Pechotoro eta honen mariatxiak, dozena
erdi meritudun prest hari heriotzaraino segitzeko, horrelako eskaintzak egiten
hasi zitzaizkidan niri oldartzeko aukera zuten bakoitzean.
Nire egoerak
etsipen erabatekora egin zuen. Erraz da esatea “etxean esan behar da”, baina
itxuraz hain gauza erraza adin horretako parametroekin neurtu behar da. Guraso,
irakasle eta ikasleen aurrean kakati gisa agertu aurretik, norberak bere burua
engainatu ohi du, egoera hoberantz doala, jada ez zirela hainbeste sartzen zurekin,
badela besteren bat antza, gehiago puteatzen dutena. Logika zentzugabe bat
aplikatuz pentsatzen duzu libratua izango zarela behar bezala jokatzen baduzu,
hau da, irakaslearen galderei gaizki erantzuten badiezu eta jakina, hatza
altxatzen ez baduzu, enpoiloi zikin batek bezala ikasi duzula erakusteko. Beste
umiliazio batek engainutik ateratzen zaituenean, berriz pentsatzen duzu etxean
nola esan, baina txibatazorik txikiena gertatuz gero arrautzak erauzteko
mehatxuak, egi dirudite hartarako kapaz dela sinisten duzun haren ahotan. Heldu
zen unea, ezagutzeko, agian lehenbizikoz, larritasun existentziala zer zen.
Halako estutasuna
gainditzeko irudimena baino ez neukan. Gran Cinema-ko arratsaldeko saioek nire
ametsik ederrenak elikatzen zituzten: bat batean, egun batez, bost alprojek
inguratu egiten ninduten patioko iskin batean eta espero gabe, hostia piloa
hartzen zuten erantzun ezinik. Ni Terence Hill nintzen, Bud Spencer, Bruce Lee,
007... ez zuten hura espero, baina izaki hark, itxura batean ahul, autodefentsarako
teknika sekretuak ezagutzen zituen eta
gai zen –nahi izanda- bat bateko heriotza eragiteko ostiko taxuzko batez.
Hodeia lurruntzen zenean, malenkonia eta musika bakarrik geratzen zen. Maletako
tokadisko zaharrak, ganbaran abandonatua, bere protagonismo antzinakoa hartu
zuen berriro. Nire anaia “goatekeak” antolatzen aspertu zenetik abandonaturiko
dozenaka disko berriz hasi ziren biraka orratz magikoaren pisupean, plastiko
zati soil batetik plazer txirbilak ateratzen zituen orratz-pean. Ondoez gau
ilunetan, transistore txiki batek laguntzen ninduen benetako mundu puta
hegaldatzen, izan ere ez nuen aldirik onena. Nekez izango zen gaurik Radio
Luxenburgo eta hasiberri ziren efeemeak nire ametsekin nahasten ez
zirena egunsentira arte. Rock&Rolla zen nire droga, nire prozac, nire
paradisu artifiziala. Arrazoiren batek eraginda, guztiz argitu ez dudana,
gitarra distortsionatu haiek, baxu eta bateria koltxoi sendo haien gainean
egiten zuten marrua zen oihuka nire neuronek eskatzen zutena, eta horrek baretzen
zuen nire bestelako sentsazio mira, eta hark ematen zidan urrundik adoreari eta
neure buruarekiko segurtasunari hurreratzen zitzaiona.
Baina
horretan ere ez zen falta
kezkarik. Nire talde gustukoenek gaiztoak zebiltzan billar horietantxe
jotzen zuten. Sartzea bururatzen bazitzaidan, Pecho eta honen
jarraitzaileak edozein unetan ager zitezkeen eta niretzat minutu batzuk hartu.
Giro horietan, gainera, etxean jokatzen zuten. Nire lagun koadrilak babestuta
agertzeak ere ez zuen askorik balio, asko jota multzoa osatzen zuen eta hala ni
ezkutuagoan pasa. Duro bat-bi abestiko “sinfonola” I´m The Leader Of The
Gang-en motoekin marruka hasten zenean,
delinkuente-gai haiek bero-bero jartzen ziren. Adorea ematen zidan
musika hura bera mehatxu bihur zitekeen. Zer iritzi izango zuten THE SWEET,
GARY GLITTER edo SLADE-k hala elkar bultzatzen ikusiko balituzte? Nori
zuzenduta zeuden nota haiek, haiei ala neuri?
Futbolinak minadun
leku ziren eta zer esanik ez diskotekak. Galbide tenplu haiek, mitologia
morboso batek inguratuta, goraldirik onena bizi zuten. Neure herriak, urte
gutxitan amesgaizto kubista bihurtuta, apenas ezagutzen zuen “zerbitzuak”
hitza, haren definizioarekin bat zetorren bakarra parkeko komunak ziren, barru
zaildua zutenentzako soilik eramangarri.
Halere, boîteak, salafiestak eta bestelako zokoak ilara luzez janzten
ziren eta beren ospea ezin eutsizkoa zeramaten Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko
txokorik aldenduenetara. Galo’s, Brisa’s, Young’s, Delfín Verde, Country,
Aloña, Volante... elkarren lehian zebiltzan ostegunetik igandera bitarte trenak
ok egiten zituen gazte multzoak erakartzeko. Santurtzi pop espainiar zailaren
izar nagusien zirkuituan zegoen eta ez zen arraroa ikustea hormak zikinduta
puntako izenekin: MIGUEL RÍOS, EL DÚO DINÁMICO, JUAN Y JUNIOR, LOS BRAVOS, LONE
STAR. Ikastegiko patioko burrun-burrunak, ausartenek zabalduta, nerabeaurrekoen
ganbara beroberak astintzen zituzten. “Erreserbatuetan” gertatutako Sodoma eta
Gomorra sinesgaitzak kontatzen zituzten, non neskak engainatzen baitzituzten
“katxondina" pilulak emanda. Esan ere egiten zen, neska elementu batzuk
bazirela "martxa gustatzen zitzaiena" eta sexu egarriz oldartzen
zirela bazterretan. Baina behin betiko tentazio oro kentzen zuena liskarrak
ziren. Horiek bai ziren sinesgarriak, ikusi besterik ez zegoen zein nolako
bizitasunez zihoazen kalean gora gizonezkoen oldeak, hormona astinduak botaz
pasaeran. Rock talde errepikaezinen urrezko aldiak neure herritik pasa ziren,
ni artean gaztetxoegi nintzela, eta agian baita lotsorregi ere. Baina orduan haiek iritsi ziren.
Burumakur nindoan oinez, munduaren
pisua eramanez nire eskolako kottetara, nire bidea inguratzen zuen murruan
karteltzar handi hura itsatsita ikusi nuenean: Discoteca Young's presenta en
directo: THE STORM. Une haietan huraxe zen nik ikusi nahi nuen taldea.
Telebistan agertu ziren, Gonzalo García Pelayo-k aurkezten zuen programa
sinestezin batean eta haien eszenaratzea basatiaren gehiegia iruditu zitzaidan.
Soilik single bat zeukaten, baina futbolin makinek txirbila ateratzen zioten
etengabe: It’s All Right eta I Gotta Tell Your Mama. Sevillarrak
ziren eta ingeles makarroniko batean kantatzen zuten eta horrek are estimatuago
egiten zituen. THE STORM taldeak gutxi iraun zuen, soldaduska tarteko, baina
historiak ez du justizia egin, bat-batean pop zeltiberikoaren mindulinkeria
eszenikoa kolpetik hautsi zuten ero haiekin.
Bazkalorduan
giroa probatzea erabaki nuen.
Sukaldeko mahaian batera eserita geunden, ohi zenez, nire anaia gaztea eta ama.
Ni hausnarrean nenbilen gaia ateratzeko modu abilena zein izango, eta bera
aurreratu zen berri egundoko bat emanez:
-Juan Pablo
lehengusua dator egun batzuk pasatzera, osaba Alvaro ospitalean dago eta
gurekin edukitzea eskaini dit hurrengo asteburura arte. Etxean bezala
egonaraziko ahal duzue.
Bikain. Oztopo
lasterketan hesi kopurua gehitzen ari zen, beldurra uxatu behar nuen, aurpegia
txikituko zidatena, sarrerarako dirua lortu –nire asteko pagarekin atarira ere
ez nintzen ailegatzen- eta lehengusutxoaren zama eroan, zeinaren bizi-planeta zenbait
milioi urte argitara zegoen STORM galaxiatik. Aski lan baneukan koadrilakoak
konbentzitzen, haiek ez ziren ni bezain musikalak edo ez zituzten nire gustu
berberak. Nire lagunak makina pintxa-diskora joaten zirenean gauza ohikoagoak
hartzen zituzten: SUPERTRAMP, ELTON JOHN, NINO BRAVO, OSKORRI... Nire talde
faboritoak ez zituzten aintzat hartzen eta nire planak, soil, nire buruko
osasunaz zalantza eragiten zien.
-Zure buruaz beste
egin nahi duzu. Seguru Pechotoro bandak erosiak dituela sarrerak...
Beraz:
ezer ez. Urrezko beste aukera
bat haizatzen zen nire muturren aurrean. Nire sentimenduak zuri-beltzak ziren.
Jakin, banekien, estantzi hartan ez sartzeak, dirua aurreztuko zidala eta
seguruenik disgustuak ere bai. Neure buruari behin eta berriro esatearen
poderioz arindu bat ere senti nezakeen. Baina, bulkada esplikaezin batek berriz
jaurtitzen ninduen infernuko ateetara eta guztiz itxita sentitzeak frakaso
sentsazio zaurgarria zekarkidan.
-Zer duk?, arraro
hago oso...
Horixe behar
genuen. Nire lehengusua neure etxean neuri galdeketa egiten.
-Arraro? Ez, zer
ba?
-Ez zekiat. Hi
beti hago barrezka eta berba egitea gustatzen zaik eta orain han habil
isilik...
Ene Jainkoa.
Juampa gizajoa bere benetako lehengusua deskubritzen, eta juxtu bere aita
osatzen ari zenean bihotzeko batetik... haren begiek halako garbitasunez
begiratzen zidaten, hainbesteko ulertezintasunez, ezin izan nuen dena aitortu
gabe utzi. Nire gelan geunden, emisore musikal bat ari zela fondoan,
“Monopoly”aren ustezko emozioetan murgildu nahian eta berak:
-Noiz duk emanaldi
hori?
Eta nik:
-Arratsalde
honetan, mmm ... bi ordu barru.
-Nahi baduk joango
gaituk. Ondo pasako diagu.
Hala bota zidan,
inolako hantusterik gabe, aurpegian gorabeherarik agertzen ez zuela, plana
guztiz eskurakorra balitz-edo, parkean paseo bat ematea bezain. Egia esan, nire
lehengusua Young’s-en irudikatzea erabateko zirkuitulaburra zen, Juan Pablo
ondo etortzen zen sendiko urtebetetzeekin, edo Gabonetako Haur-Parkearekin,
baina STORMen kontzertu batean...
Egia
zera da, handik gutxira ilaran
geunden nagusiki gizonezkoz eratutako pelegrin olde eszitatuan. Berak dena
erraz jarri zidan. Baimena? “Tira, ezin da denerako eskatu, batzuetan gauzak
gurasoek jakin gabe egin behar dira”. Dirua? “Lasai, etxean nahiko eman didate
egun batzuk pasatzeko”. Liskarrak? Jendetzak? “Jarriko gaituk bazter txokoren
batean, handik eszenatokia ongi ikusteko eta kito...” Nire lehengusuak,
Donostiako eder-orraztuak hainbesteko konfiantzaz hartzen bazuen, zergatik egin
behar nuen atzera neuk, proletalgo industrialaren ustezko semeak?
Ilaran geundela,
bera bezalako elementu baten presentziak magnetismo urduri bat eragiten zuen.
Egun euritsua zen eta aukeratutako gabardina, haren betaurreko eta orrazkera
aratz harekin batera, egundoko probokazioa zen antza. Nik nabaritzen nuen
ilaran atzetik geneuzkan hiru mutilak hartaz ari zirela. Elkarrizketa zati
kitzikagarriak heltzen zitzaizkidan: “Begiraiok gabardinadun horri”, “emaiok
betaurrekoak dauzkan horri”. Ez dakit zein ondorio ateratzen zuten, baina zalantza
barik oso dibertigarri zitzaizkien. Ilara astiro zihoan eta ni saiatzen nintzen
neurean irauten, tentsio espirala gorantz zihoan, une bat heldu zen jolas
maltzurra zena elkarri bultza egitea nire lehengusuaren aldera. Pare bat
bultzara izan ziren, ekaitza ote zekarren, baina horretan geratu zen, neska
talde zerutiar bat lotu zitzaien erasotzaileei eta gurekiko interes guztia
galarazi zieten.
Minutu batzuen
buruan lehen aldiz sartu nintzen diskoteka batean. Hastapen bizipenekin gerta
ohi denez, oso bizi daukat gogoan itsatsia une hura.
Alferrikako
pisuak arropategian utzi
ostean ate batienteetarantz zuzendu ginen. Harrera egin zigun infernu
distirapean zeuden soslai eszitatuz betetako leize-zuloak. Musika ordura arte
ezagutu gabeko ozentasunez ari zen eta grabeek burrun egiten zuten elkarrizketa
ia eragozteraino. Soinu dorre handi haietan une hartako abesti arrakastatsua
ari zen trumoitsu: Master Blaster, STEVIE WONDERena. Juampak eskailera
batzuk erakutsi zizkidan eta haietara zuzendu ginen gorputz gogor izerditsuen
artean. Ikusgarritasun oneko talaia batean kokatzea lortu genuen. Haraino
heltzen zen kirats lodia, ke eta esentzia zorabiagarriz zamatua, dantzako
oldearengandikoa. Nire lehengusuak eszitatua eta dibertitua zegoela zirudien.
Nik ez nion nire kezka sakonenen berri eman, ez zehatz-mehatz, eta nahiz eta
ugari ziren liskargile-koadrilak, inon ez nituen ikusten Pechotoro eta
bere Pechetteak, eta horrek pixkana laxatu egiten zizkidan esfinterrak.
Tribuna hartatik xehetasunez ikus zitezkeen estantzian zeuden elementu anitzak
eta haien jokabide bitxiak. Han zebiltzan otso koadrilak igandetuta disimulu
eskasez begiratuz ardi iheskorrei. Barran jartzen ziren lautadako bakartiak,
kubata alboan, bere unearen zain, saloon jarreraz.
Koadrilatxo trinkoetan
antolatutako neskak etengabe sartu eta irteten ziren bainutik, bulkada arraro
batek harrapatuta edo. Itxuraz berdina zen dantzari oldeak ere pistan, erakusten zuen, ongi behatuz
gero, zenbait ñabardura: azarri hesteratua mokorra astintzen, neska bakarti
dibinoa adatsa astintzen, ipurdi begi-luze maltzurra, mozkor amorragarria,
etxean koreografia txepel bat entseatu duen neska parea. Nik, egiaz, ezin nuen
ulertu zer ikusten zioten hain dibertigarri. STORM eszenatokian agertzekoa
zelako izan ezik, zer grazia zeukan hark?
Bero itogarria
egiten zuen, oxigenoa eskas zen ke-laino kirastu hartan, modako musika,
“Filadelfia soinu” jasanezinak burrunba egiten zuen buruko-min gogorreraino eta
edonolako leku aldatzek astindu izerditsua zekarren, betilunen oldeetan.
Zoroetxe hartatik kanpo baziren kaleak paseatzeko, bankuak esertzeko, tabernak
itomenik gabe kontsumitzeko. Bai, zalantzarik gabe zerbait oso indartsua eta
kitzikagarria zen denak leku batean biltzen zituena, kontatzeko duin izango zen
zerbait gerta zitekeen lekuan, zerbait horrek agian bazuen ikustekorik lainoki
fokoen artean dirdira egiten zuten praka estu haiekin, nire begiratua eramana
baitzuten, ia nahi gabe, puntu finko baterantz.
-Kontsumizio bat
zeukaagu. Goazak zerbait eskatzera.
Nire
lehengusua aspertzen ari zen.
Beheratu egin beharko genuen. Ondo pentsatuta agian alkohol pixka batek on
egingo zidan egoerari aurre egiteko –“kontzertu” kontu hori garai hartan
orkestra sinfonikoetarako bakarrik erabiltzen zen-.
Juamparen
esperientzia handiagoari kasu eginez, ikasle festaren bat sikiera ezagutzen
baitzuen, onartu nuen txokolate batidoa eta Licor 43 nahasketa gozoegia
zanga-zanga sartzea. Hura gogoratze hutsak heste-minak eragiten dizkit, baina
neure orduko urdail burdinazkoak apenas nabaritu zuen aldaketarik. Nire buruan
bai igarri nuen, bai. Alkohol dosi ezusteko horrek mamuak uxatzen lagundu
zidan. Azkenean lortu nuen nire lehengusuaren bromaren batekin barre egitea eta
igandeko zonbi oldearekin mimetizatzea. Hain solte sentitu nintzen, eszenara
hurreratzea proposatu nuen holaxe.
Zergatik ez? Seguru asko banda zuzenean ikusteko gogo
benetako gehien zuenetako bat izango nintzen. Aurrera egin genuen bultzada
harat-honat artean eta dantzarako pistara heldu ginenean zoria alde izan nuen: burrunbaz hasi zen SUZI QUATROren 48 Crash
eta biok sentitu ginen animatuta dantza-modukotxo bat entseatzeko.
Tira, gauzak ongi
zihoazen. Dasta nezakeen nire lagun –zalantzarik gabe- harrituei kontatuko nien
kontakizun bizia: “Ez dakizue, ondo, Young’s-ean egon nintzen eta primeran pasa
nuen, batido bat hartu nuen Licor 43rekin eta asko dantza egin nuen eta
kontzertua putamadrekoa izan zen”... Ez Juampak ez nik ez genuen dantzaz lasai
gozatzen. Egiaz, gozamena, ausartze hutsetik zetorkigun, geure burua ikustetik guzti
baten parte izaten non ez zen nabaritzen -hala geunden gu- gure ageriko
gaxtetasuna, are gehiago, zin egingo nuke inguruan geneuzkanetatik gutxik
jakingo zutela abestia nik bezala. Notaz nota gure giharrak askatuz zihoazen,
mugimenduak pixkatxo bat ausartagoak ziren, gitarreo itxuraren bat eginda eta
ahopean korua egiten hasten ginen estribilloaren antzeko zerbait. Politegia
egia izateko. Azken akorde rockeroen atzetik DEMIS ROUSSOS madarikatua eta
honen Velvet Morning eztiegia etorri ziren, kolore mozkorraldia ilunpe
bihurtu zen. "Agarraoa” hasi zen eta pistak segundo batzuetan erabateko
birmoldaketa izan zuen. Buru asaldatuen oldeak zona hutsik utzi zuen eta
tantaka astiro bikote akoplatuek zonalde hondatua birlandatu zuten. Gizonezkoen
faunak gaizki disimulatutako bilaketa hasi zuen pieza egokien bila eta neskek
diaspora hasten zuten atzeguardia posizioetara. Hura ez zen guretzako egina edo
hala uste nuen behintzat nik.
-Dantza eskatuko
diagu?
-Hi erotuta hago,
begira ze neskak, hauek guztiak gu baino askoz nagusiagoak dituk, ikusi ere ez
gaitiztek egiten, ikusezinak gaituk. Gainera mutil-lagunen bat moskeatu
litekek.
-Ez ezak esan
txorakeriarik, nahi ez badute ezetz esaten ditek eta kito. Ikus.
Soltura
horrekintxe mugitzen zen ene
lehengusutxoa. Saila tarte labur batez bistatu ostean, mahai baten inguruan
alai hizketan zeuden neska lagun koadrila batengana hurreratu zen eta
irribarrez eskaini zituen bere zerbitzuak. Eskaintza oso dibertigarria iruditu
zitzaien nonbait, zeren kolpetik denak lehertu ziren barrez. Nolako paloa
Juampa gizajoarentzat, ni prestatzen ari nintzen elkartasunezko animoen saioa
egiteko, eta une horretan, ni harrituta lagaz, neska bat irribarretsu altxatu
zen eta bai!, harekin dantzatuko zela. Hori ez zegoen gidoian. Nire lehengusua
irribarretsu dantzan, morena txiki, baina itxurazko batekin eta ni zutabetik
begira lelo aurpegiarekin. UMBERTO TOZZIk ilustratzen zuen eszena, oka egin
arte errepikatzen zuen kalaka amorragarri harekin: “Te Amo, te aaamo”.
Bakarrik geratzea,
minutu batzuetan baino ez bazen ere, ez zen gehien nahi nuena. Pose gogorra eta
inguruarekin guztiz ezagutua marrazten saiatu arren, nire izurik handienak
itzuli ziren. Diskoteka oro har lurralde makarra zen eta Young’s bereziki haien
feudo faboritoetako bat. Sartu ginenetik,
bezero bolumena handituz zihoan eta aretoan egotea geroz eta
deserosoagoa zen. Kea, lurrin oldarkorren nahasketa eta gradu etilikoak
igotzeak tenperatura goratzen zuten unetik unera.
Argiak apalduak
ziren ilunpera arte “agarraoa” girotzeko eta ispilu bola argi distirak islatzen
hasi zen, zirkulutxo zuri euria paseatzen zen zirikalari bazter guztietan. Une
batean bistatik galdu nuen ene lehengusua. JANE BIRKINen Je t’aime moi non
plus abesti zakil-berotzailea entzuten zen, hainbeste hankarte zirraratu
zituena eta dantzan zeudenek pista gainezkatzen zuten. Nik ez nekien non
kokatu. Azarri hordi batzuek bultza egin zidaten pasatzean eupara pixka batez
eta ni ez nintzen seguru sentitzen zutabean. Bulto ilunen artean zonbi gisa
noraezean ibili ostean, serioski pentsatu nuen garaiz ihes egitea. Egia da,
emanaldia ikusi gabe geratuko nintzen, baina nork goza zezakeen inguru hartan?
Hala segituz gero ROLLING STONESek ere ez zuen merezi. Hori gutxi balitz legez,
edari meleka hark, dantzaren astinduarekin batera, asaldatu samar nindukan.
Aldiro iruditzen zitzaidan argi puntu mareatzaile haiek Pechotoro-ren
ezker begia, eskuin belarria edo arrano sudur ezin nahastuzkoa erakusten
zidatela. Baina nola joango nintzen ba Juampa han barruan utzita? Hura zoritxarra,
ustez bera zegoen nire lurraldean eta ez alderantziz. Garbi zegoen Donostian
zuen bizitzak bazituela nik ezagutzen ez nituen aldeak. Hainbesteko soltura
diskoteka ezezagun batean ez zen gauza normala. Nahasmen une haietan gaueko
lehen liskarra gertatu zen. Lehenbizi neskazko oihu aztoratu batzuk entzun
ziren, eta ihes asmo bat. Zerbait bereizi ahal izan nuenerako, bi aurkariak
elkarri irainka zeuden eta ttu egiten zuten aurpegiak furiaz ubelduta
zituztela, eta beren kohorteek indar erakustaldiz aldentzen zituzten.
Borrokalarietako batek, altu eta kaskailu, zeta gorri ikusteko bat zeukan
alkandoran. Harritu egiten nau gogoratzeak areto hartan ez zela inolako ordena
zerbitzurik. Zerbitzari batek, moztaka, trinkoa eta zirt-zart handikoa,
aretorik bota zituen segundo batzuetan, aginte ganorazkoz eta inori ez zitzaion
bururatu txistik esatea.
Eszena
hura ikusten buru-belarri
nengoen, nabaritu nuenean ezker ipurmasaila estutzen zidan gauza gogor bat. Izu
korronte bat jabetu zen nire borondateaz eta nire barrabilak uzkurtu zituen
miniaturaraino. Bera zen, bai, nire lehengusu pailazoa, begiak lurrunduta eta
konbinatu txokolatero horietako bat esku banatan.
-Hik sartu didak
sustoa, mongoloa!
-Eskuak okupatuta
zeuzkaat... eta ez hadi kexatu, gasolina dakarkiat.
Ez dago esan
beharrik arindu handia izan zela. Kezkatzen hasita nengoen beraren dantza uste
baino urrunago joana ote zen eta orduan “ilunpean maniobra orkestralak” egiten
ari zen. Ikusiak ikusita, ez ninduen asko harrituko. Halako gertaera batek ondo
baino hobeto justifikatuko zuen nik abandonatzea, baina, egiaz, putada galanta
izango zen.
Nire lehengusu
kabroi puskak arratsaldeari ateratzen zion bai zukurik. Arrapaladan hartu ahal
izan genituen “puff” batzuetan eserita, Juan Pablok berriz harritu ninduen iragandako
minutu luze haien kontakizunarekin. Beraren bertsio arrapaladakoaren
arabera, neskak bi bider estutu zizkion
titiak bularraren kontra eta ezpainekin ikuttu zion doi belarri inguruan...
-Leloa nauk,
igotzeko esan banio, seguru nirekin batera etorriko zela erreserbatura.
Bekaitza. Sentitu
nuena horixe izan zen, bekaitza. Lehengusutxoari ez nion inbidiarik izan sekula
-eta ama neurea saiatzen zen bai saiatu- ez eskolaz kanpoko jardunik, ez
ohorezko matrikula olderik, ez haren abestien txalorik, ezer ez, baina
hainbesteko ausardiaz ezezagun bati dantza eskatzea eta honekin haragizko
jarduna egin zezakeela pentsatzea bera... horrek, aitor dut, barrena jaten
zidan.
Tragoak
arindutako elkarrizketa alai
hartan, Juan Pablok nik ezagutzen ez nituen gako batzuk sartu zizkidan. Zital
halakoak dastatuak zituen zenbait gozamen haragizko, ez noski Emmanuelle-n
agertzeko dina, berez ez ziren igurtzi batzuk eta musu iheskorren bat baino;
luxuzko palmaresa zen, baina, entzuten zeukan ezjakin harritu harentzat. Gakoa
irlandar udaldietan zegoen, nik hura irudikatua nuen tortura didaktiko
jasanezinezko baten mende, familia natibo ezin sartuzkoetan.
Lehengusutxoak
egundoko solturaz edaten zuen, solte eta “helduta” gutxi-usterik gabe, eta
erne, bere balentriak kontatzen ari zela Lola pakete bat atera zuen
alkandoratik, berez egiten den keinua eginez, eta zigarro bat piztu zuen
estibatzaile baten teknika seguruz.
Ez zegoen
zalantzarik, odol bereko izan arren, eta kilometro gutxitara bizi arren, bera
hiriko mutila zen eta ni, hormigoizko oihan batean bizita, gainera herri bateko
mutila nintzen, ikuitzak arrautzak. Arratsaldea aurreratu ahala, Juamparen
itxura hain apain hura, hasieran hainbeste arduratzen ninduena, mundutarrago
eginez zihoan. Orain orraztu gabea zegoen, apenas geratzen zen gomina
arrastorik eta alkandora zeraman izerdi errekaz bustita eta zilborreraino
irekia.
Juampa, lehen
aldiz bere historia laburrean, bere kabuz ari zen lortzen nire amak bere
bizitza osoan lortu ez zuena: nire miresmena. Bere egitandi sexual europarren
kontakizunen artean, nik soilik ahopean esan ahal izan nuen gezur txikiren bat
herriko festetan girotua -jakina-, asmatu ahal izan nuen egiantzekotasunik
handienarekin -ez handiegia, beldur naiz-. Oyancas-eko zelaietan gertatu zen
balizko zirri haren xehetasunez jakin-mina zuen unean, Mamy Blue-ren melodia
sadikoa eten zuen disc-jockey berritsu batek, “40 Principales” eskolakoa, eta
megafoniaz iragarri zuen laster agertuko zirela eszenatokian STORM taldekoak,
“Sevillatik beren rock gogorrarekin”.
Ez, hari ez
zitzaion erantzun poz oihu berebiziko batekin, ezta zerura altxatako ukabil
itsaso batekin ere. Une horretan dantzarik gabe geratu ziren bikoteak nagi
atera ziren pistatik amorru aurpegiz.
Kontzertu
pentsaezin hura hain ahaltsu
egin zitzaidan, batzuetan kosta egiten zait sinistea benetakoa izatea hura. Han
ez zen liturgia aurrefabrikaturik ez made in London azken bideoklipetik
kopiatutakorik. Rock kañeroa eta ikusgarria rara avis zen eta artean
kaptazio fasean zegoen. Han geundenetako gutxiengo txiki batek baino ez genuen
susmatzen ikusiko genuena, gainerakoek, ohiko olde diskotekeroak, bazuen
ikusminik, baina ez mendetasunik. Egun hartan ikusi ahal izan nuen nola banda
batek kostata lortzen zuen txaloa, melodia korutu bakoitza, pelbis mugimendu
bakoitza, harik eta bis erabat zintzo gorgarria merezi arte eta, pospolotxorik
eta zeremonia aurrez prestatutakorik gabe. STORM, izenak ongi zioenez, energia ekaitza zen, erritmo atertu gabeko
atseginetan emana. Lau tximadun beren postuak segurtasun osoz betetzen, zeinak
abestiak aurkezten zituzten txandaka lehentasuna hartuz eta elkarri hitza
kenduz erabateko aurpegiz. Hirurogeita hamargarren hasiera hartan
derrigorrezkoa zenez. Bide eman zioten baita ere bateria soloari ere. Berdin
zion JUAN BAUren kontzertua izatea edo LA CHARANGA DEL TÍO HONORIOrena.
Perkusionistak hiru erredoble segidan lotzen baldin bazekien izorratua hengoen.
Solo puta hura baliabide ezin hobea zen abeslariak atseden har zezan eta
denborak aurrera egin zezan, hala, batakaren trebetasunen erakustaldi astunaren
ostean, zetorren edozein abesti esker onez hartzen zen. STORM taldeak ere
erabili zuen truku hori, baina beste era batera. Etsitzen hasia nengoen zartako
gaindosia izango genuela, eta orduan tipoak salto egin zuen eszenatokitik eta
guztiaren aurka bere makilekin errepikatzen hasi zen: baso, mahai, buru,
lanpara, foku... hura bai hura! Artistak ezohiko zerbait lortu zuen:
emanaldiaren ostean denek zuten mintzagaia... bateriaren soloa!
Jode, Nexus 6
replikanteak hau zioen Blade Runner-en: Nik ikusi ditut gauzak zuek
sinistuko ez zenituzketenak. Ikusi ditut nabeak erasotzen garretan Oriondik
haratago. Ikusi ditut C izpiak dirdirka ilunpetan Tannhäuser-ko Atetik gertu.
Une horiek guztiak galdu egingo dira denboran... negar malkoak euritan bezala.
Hiltzeko ordua da. Bada, nire ere -nago- izorratuko nau ederki hiltzeak,
eta zalantzarik gabe esango dut zuzenean ikusi dudala STORM taldea Young’s
Club-en.
Bai, baina
ekitaldia aipagarria izanik ere, ez da hori kontatu behar nuena. Data hura
neure gogoan iltzatzekoa zen gertaera bat baino gehiago zirela eta; nahiz eta
esanguratsua izan neure lehen kontzertu fundamentuzkoa, ondoren etorri zenak
bigarren mailan utzi zuen.
Diskoko
argiak berriz piztu eta
eszenario aurrean zeudenak sakabanatzen hasi ginenean hasi zen dena. Bat batean
ulertu nuen, nire bizitza osoan baino alkohol gehiago edan nuela eta neure
lehengusutxoak zeukan piura neurearen isla baino ez zela. Desmadratuak ginen
bai, dantzatuak eta saltatuak eta estribilloak koroa eginak eta ospatuak
abestien amaiera berebizikoak. Orain bat-batean bata bestearen aurrean geunden,
izerditsu, sinesgaitz, lerdoki barrez, elkarri esan gabe esanez operazioa
arrakastatsua izan zela. Aurrez ikusi gabe, lehen ilaran egonak ginen eta
orduan burua kafetera bat irakiten bezala zegoen. Bizkarretik helduta
bainurantz jo genuen, amonaren etxean egiten genuen bezala, telebistako
doinutxo hura kantatuz: “Había una vez un barquito chiquitito que no podía, que no podía navegar”. Hura zen momentu handia, “urtebetetzeetan”
gozatzen zuten umeen eta muturra azaltzen zuten gazteen artean. Eta bai, orduan
gertatu zen.
Bainura hurreratu
ahala, bereiziz gindoazen atean
agertzen zen irudia. Txulo plantan zegoen, esku bat aldakan eta bestea markoan
pausatua. Laster onartu behar izan nuen horrore agerikoa. Barruko korronte
batek erraiak korritu zizkidan eta zorabioaren atean utzi ninduen. Bai, bera
zen, kaiman hortzak erakutsiz irribarrez, zetorkiona dastatuz delicatessen
bailitzan. Itxura batean ezerk ez zion munduan hainbat plazer ematen ezen ni
torturatzeak, klaseko galdera madarikatu bati erantzutera ausartzea besterik
egin ez nuen alproja ezgauza hain zuzen.
-Goazemak!
Oihukatu
nuen izutua Juamparen besotik
tiraka. Irteera nola edo hala iristen saiatu ginen, baina laster ikusi genuen
eszenatxoa ez zegoela inprobisatuta: bi ohiko morroik bidea eten ziguten atean
bertan eta kalera atera gintuzten, zerbitzaririk ordena jartzera etorriko ez
zen lekura. Une haietan izuak erabat gogortu ninduen. Berehala agertu zen Pechotoro
pausu erlaxatuz eta keinu maltzurrez. Neure lehengusua eta biok erretenituta
geunden bi kaikuk bihurritua baitziguten besoa bizkarraldearen aurka eta han
pasatzen zen inor ez zen antza esku hartzeko asmotan.
-Ze, moteilek,
apur bat ligetan?
Bi konpartsek
barre egin zuten txiste on bat entzungo bailuten eta jefeak haserre itxura egin
zuen:
-Ze pasatzen da?
Ez al dostasue aituten? Gorrak zauzie ala nitaz paso egiten dozue? Hi, lau
begi, kontestau, apur bat ligetan?
Makarrak
delikatuki hartu zituen nire lehengusuaren betaurrekoak bi hatzekin eta lurrera
eror zitezen utzi zuen. Guztiz eror zitezen baino lehen ostiko gogor bat eman
zien eta errepideraino bidali zituen parabola eginez aparkatutako kotxeen
gainean.
-Oh ene jainkoa!
Hau zoritxarra! Zin egingo nuke kristal hautsien hotsa entzun dudala...
Orduan gertatu
zen. Algara lerdoen eztanda betean, belaun iheskor bat iltzatu zen Pechotoro
oharkabearen hankartean eta hau bihurkatu zenean ezusteko “o” bat ahoan zuela,
Juampak buruko bat eman zion bete-betean aurpegian -bizi bazara- sekula ahazten
ez diren horietakoa. Gaiztoetan gaiztoena muturra odoletan zuela ikusteak eta
minez bihurkatua, eragin izan zuen bi sikarioen artean eta ihesi abiatu ziren
bizkor kalean behera. Nire lehengusuak ez zuen jokaldia errematatu. Ziztu
batean atera zen betaurrekoen bila eta berotu zen egiaztatzean -baietz-
birrinduta zeudela. Neure begiak ez zeuden prestatuta horrelako eszena bat
ikusteko. Juampablo bere biktimaren gainera oldartu zen, altxa zuen makarra
zorutik paparretik helduta eta behin eta berriro zanpatu zuen han aparkatuta
zegoen ibilgailu baten aurka.
-Zeinek ordainduko
zidak hau, eh? (plof) zeinek? (plof), lelo bat haiz, aditzen? (plof), leloa
(plof)...
Horrelaxe
dira gauzak batzuetan. Juampa
ezohiko hark, Mohamed Ali-k Sonny Liston nokeatu zuen bezala jardun zuenak,
negarrari eman zion betaurrekoen zoria ikusirik. Eta une hartan asko miresten
zuen memelo hau, kontsolatzen saiatzen zen, inoiz ikusiko nuela susmatuko ez
nuen eszenarik harrigarrienetik urrundu ahala. Dardarka neuzkan hankak eta ezin
nuen eragotzi sarri atzera begiratzea han segitzen zuela egiaztatzeko: Pechotoro,
piltzar burumakur bat, zoladuratik auhenka.
Horixe dauka
bizitzak. Zineak edo literaturak
amaiera garbia izan ohi dute ondorioak ateratzeko, eta aldiz, bizitzak
aurrera egiten du lehentxeago edo geroxeago dena izorratzeko. Beraz, astelehen
hartan ni puteatzen segi zuten, baina, bai, ahaleginaren indarra txikituz joan
zen pixkana. Beste inozo batzuk sartzen ziren haren ikusmiran, eta gogaikarria
sakabanatzen zen.
Neure lehengusua
bere bizimodu donostiarrera itzuli zen, jai-desfileak eta lizeo frantsesa. Hori
bai, sekula gehiago ez nintzen trufatu bere eskolaz kanpoko jarduerez, bereziki
“ai-kido” hartaz, izan ere, ez baitzen inolako txorrada. Diskotekak ez ziren
sekula izan nire aisialdiaren parte funtsezkoa, baina bai rock&rolla,
loriazko urteak biziko zituena eta gehiengoaren txaloa jasoko.
Aldiro
diskotekaren aurretik pasatzen naiz. Urteak dira ez dabilela. Kate uger batek
lokalaren sarrera erdikusten uzten du eta han daude aritu ziren azken banden
iragarkiak. Lau tipo daude kamiseta hawaiiarrak jantzita eta neska puska
bulartsu bat, posterrean duten irribarre zoriontsua denborak egunez egun
horiztatzen duela.
Into basque by
bAst 2013
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina