2013(e)ko otsailaren 27(a), asteazkena

NEU TXILETAR


Munduan herrialde gutxik begiratu ahal diote beren iraganari Txilek egiten duen harrotasunaz. Bere azken hamarkadetako kondaira, umeek ere ulertzen dute bestelako azalpenik gabe. Hauteskunde demokratiko batzuetan Salvador Allende izeneko gizon ezkertiarra aukeratu zuten 1973. urtean. Militar kolpistek, Estatu Batuetako Inteligentzia zerbitzuen laguntzaz, gobernu demokratikoa indarrez suntsitu egin zuten, “komunismoaren deabrua” saihesteko eta haren ordez Augusto Pinochet diktadorea jarri zuten, bidean milaka hildakoen eta desagertuen ilara lotsagarria utziz.
Hamabost urte geroago, diktadoreak indartsu ikusten du bere burua. Ekonomiaren zenbakiak bere alde ditu eta nazioarteko legitimitatearen ordua heldu zaiolakoan dago. 1988an Txilek ezagutu zuen Gobernu batek galtzen duen erreferendum bakarra, demokraziaren bidea ezinbestean zabalduz.
Herrialde honen ibilerak hain garbia eta ulergarria ematen du non txikiak ere ulertzeko gai diren. Nire alaba, zazpi urterekin interesatu zen istorio honetaz, Garzon epaileak haren estradizioa eskatu zuenean. Bere marrazkien bildumari burdinsarez estalitako Pinochet bat gehitu zion. Protagonisten izenak ere, gaizkile eta ongileen ipuin batetik ateratakoak ematen dute: Salvador-salbatzailea “Allende” (urrutira) begira eta Pinotxo-Pinochet gezurtia... gainera erromatar enperadore baten izen harroputz horrekin: “Augusto”. Apropos eginda ere ez lukete lortuko hain zehatzak eta deskriptiboak izatea.  
Mundu osoak ulertzen du argi eta garbi hor gertatu dena eta Costa Gavras-en “Missing” tankerako pelikulak lagungarri izan dira honetarako.
Pablo Larrain-en “No” pelikulan, urtarrila honetan aurtengo oscarretara izendatua izan den horretan, plebiszitu horren inguruko pasadizoak kontatzen zaizkigu. Ezinezko helburu bezala agertzen zena (“Inork ez du egiten erreferendumik galtzeko”) pixkanaka badoa eskura dagoen zerbait bilakatuz. Egunero aukera bakoitzak hamabost minutu ditu telebistan hiritarren iritzia bereganatzeko. Hasieran dena da nahiko aurreikusteko modukoa, baina laster, sormena, malezia, umorea eta harritzeko gaitasuna bilakatzen dute kanpaina erronka bizi. Garai hartako benetako iragarkiak, artxiboetatik berreskuraturik, filma honen gatza eta piperra dira, barrea eta hunkidura gehien sorrarazten dutenak.
Herrialdeak, gizakiak bezala, askoz lasaiago bizi dira atzera begiratzeko gai direnean.
Herrialdeen artean, gizakien artean bezala, iraganarekin dugun harremanak, oraingoa baldintzatzen du. Horregatik, behar izanez gero, historia eraldatu, makillatu, moldatu egin daiteke, gure oraingo irudia haren ispiluan islatzeko modukoa bihurtzeraino. Eta hori historiarekin egiten bada, zer esan fikzioaz: hor agertzen zaizkigu inoiz existitu ez diren erresistentziak, asmatutako justiziaren aldeko heroiak.
Herrialdeak, gizakiak bezala, batzuetan gardenak agertzen zaizkigu, bestetan ulertezinak. Zaila egiten zaigu Sirian edo Somalian gertatzen ari dena epaitzea, erraza eta logikoa aldiz Txileren prozesua.
Herrialdeetan, gizakietan bezala, gure buruarekin bakean egotea aurpegian ere igartzen zaigu. Horregatik zinetik irtetean, neu Txile bezain ederra izatea desiratzen nuen.
 
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina