La Radio Encendida etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
La Radio Encendida etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013(e)ko martxoaren 12(a), asteartea

PIANO ETA OLATUETARAKO KONTZERTUA



 

 
Itzulpena eta marrazkia by bAst (Iñaki Bastarrika)

Milesker Omar Bashir, zure musikaz  itzulpen hau egiten laguntzeagatik


 Ivan maitea. Orain hilda nagoenez zuk karta hau letzeko unea iritsi da. Hasieratik ohartarazi behar dizut garrantzizko kontua dela eta zuri eragingo dizula, zalantzarik gabe.

Guztia nik asmatu bezala gertatu bada, zuri helaraziko zizuten kartazala, testu hau barruan duena, nire desagerpenaren ondoren. Oharrak jarraitu badituzu, bakarrik zaudela irakurtzen irudikatzen zaitut, aski denbora hartuz irakurketa astiro egiteko.

Ezer baino lehen, seme, zuk jakin dezazun nahi dut beti saiatu nintzela zuretzat aita ona izaten. Erdizka lortu nuelakoan nago. Nik ez nuek sekula bokazio handiegirik izan. Nire arimaren barrenean beti pentsatu izan nuen inork ez daukala eskubiderik mundu  makur honetara bizitzak ekartzeko eta askoz gutxiago inor behartzeko bere akaberaren ezezagunaren aurrean jartzera. Gogorra egingo zaizu akaso aditzea, baina niretzat “onartutako” seme izan zinen, desiratua baino gehiago, garai hartan zure amaganako neukan amodioaren ondorioa, eta neurri batean, gure urruntzearen arrazoietako bat. Kontuz Ivan, ez dizut errurik egozten. Esan nahi dut zu han egoteak gure arteko aldeak  handitu zituela, baina alde horiek gure maitasuna zapuztuko zuten lehenago edo geroago. Ez, nik ez nuen zu mundura  iristea desiratu, baina gertatu eta gero beti izan zintudan bihotzean eta gogoan. Oso bizi daukat itsatsita oroimenean minez maite izan nuen nire aitaren gomuta eta egia esateko, harreman zail hura hobetuko ahal nuen sikiera.

Jakin ezazu, aldez aurretik, sekretu bat zuri agertzea dela eta beraz zuri barkamena eskatuz hasiko naizela. Irakurketa amaitzean, nago, ulertuko duzula zergatik gorde nizun dena nire heriotza eguna arte. Beste kontu bat da, oso bestelakoa, kontatuko dizudana barkatu ahal izango duzun. Zure lekuan jartzen naiz eta aitortzen dut nik neuk ez nukeela jakingo nola erreakzionatuko nukeen zure egoeran egonda. Baita ere aitortzen dizut xehetasunez neurtu dudala, urte hauetan guztietan, betiko gordetzearen aukera, azken batean atsekabeak saihesteko era litzateke. Azkenik horrela kontatzea erabaki dut. Batek daki, patua traidorea da eta beti dago aukera, txiki-txikia izanda ere,  gertaerak modurik ezustekoenean agertzeko, zuk neure ikuspegia ezagutu gabe. Horrek barru-barruan estutzen nau gogor eta hori ere bada finean idazten hastearen arrazoi sakona. Esango dizut halaber sekretuak, itxura denez, iraunkorrak direla nire familian. Neure aitak amodio harreman bat izan zuen zenbait hamarkadatan eta amonak ez zuen jakin hura hil ondora arte.

Esango dizkizudan  gertaerak orain denbora asko gertatu ziren, zuk hamasei urte zenituela eta zure ama eta biok bereizi berri geundela. Aldi gogor penagarria izan zen guztiontzat. Ez dakit oso ongi zenbat oroipen dituzun aldi triste hartaz, utzidazu girotzen.

Banandu eta gero ni kostaldeko gure apartamendu zaharkitura joan nintzen bizi izatera. Ilbeltz kabroi bat zen eta ni unibertsoko azken kaka sentitzen nintzen. Egun amaigabeak izan ziren, oporraldi maleenkoniatsuak, pijama eta zapatilak jantzita (hobe kenduta). Nire lagun bakarra pianoa izan nuen. Musika tresna hura altzari bizigabe mutua zen, zuk ikasteari utzi zenionetik. Udako zure gela izan zen hartan hura ager-agerian egoteak porrotari egindako monumentu bat zen. Jakin ezazu, agian horrexegatik jotzen nuen haren alboan esertzera eta haren teklekin jolastera. Badakizu nik ez nekiela askorik notei eta armoniei buruz, baina senaz neure melodiak eginez nindoan. Zuk uste ez arren, beti izan dut belarri zenbait musikarako. Lehen hezkuntzan zenbait urtez aritu nintzen koruan kantatzen eta nire gaztaroan ahalegintxoak egin nituen ene osabarengandik hartutako Hammond organo zahar batekin. Oharkabe egun batzuk endredatzen pasa ostean, sendotasun apur bateko zirriborroak ateratzen zitzaizkidan, badakit bai, hori ez dela “pianoa jotzea”, baina sinfonia handiak ez izan arren, emaitzek bazuten edertasunik eta gutxienez arindu egiten zuten denboraren joan geldo barru-zulatzailea. Olatuen marmarrak, bizi nintzen apartamendu eraikinaren ondoko itsaslabarren aurka segundo batzuen tartearekin jotzen baitzuten olatuek, eta nire hastapen-konposizio haiei lagun egiten zieten negu latz hartan.

Horrela, zeregin utziezinezko batzuk egiteko indarrak biltzen nituen: neure egunak igarotzen ikusten nituen etxebizitza madarikatu hura saltzea, hirian pisu merkeren bat alokatzea eta lanerako itzulera erabakitsu baikorra prestatzea, gehiegi luzatzen ari zen depresio baja hura amai zezan. Negu pasa nengoen zulo bera ere, familian han uda iskanbilatsuak igarotzen genituen aldiaren arrasto penagarria zen eta pianoa zen altzari bakanetako bat  -pisuzko arrazoiak zirela eta- maitasun hondoratze luze mingarri hark arrastatu ez zuena. Ez neukan ez, telebistarik ere…

Gorabehera handirik gabeko izate-goibeltasun batean bildurik –nago medikazioari esker izango zela- saiatzen nintzen nire egunek beti zeregin sinple berehalakoak izan zitzaten: Erosketa egitera jaistea, jateko zerbait berotzea, dutxaraino arrastaka joatea, irratitik zer edo zer entzutea, edozein ordutan lo egitea, higiezinen agentziara deitzea…Egiaz, landarearen moduko bizitza hura azkenean ia eramangarri izaten bukatu zuen eta nigatik izan balitz, sine die luzatuko nukeen, baina zu ere bazeunden Ivan. Zuk aita bat behar zenuen zure nahasmen hamasei urte haiekin eta ez txingote zarpail bat, noizbehinka harekin nabarmen aspertzeko. Gehiegitan nik uko egiten nien zurekin bakarrik egoteko neuzkan egunei, ez bainuen ikusten neure burua nire konpainia hutsaren hurrengoa eskaintzeko baino.

Etortzea tokatzen zitzaizunean, legeak behartuta eta seme onaren erantzukizunez, nik bizarra kentzen nuen astiro eta neketsu, benetako otorduak prestatzen nituen eta jantzi batzuk plantxatu ere egiten nituen, Alpe d’Huez igotzen duenak bezalatsu. Etxea pixka bat itxuratu ere egiten nuen, aski ondorengo galdeketan zure ama  agurgarriak nire egoeraz ondorio  kezkagarriak atera ez zitzan.

Baina dena alferrik zen. Gure elkarrizketak topiko trukaketa, hitz gutxikoak ziren,  denbora astiro igarotzen zen, dentso, jasanezin eta bistakoa izan arren elkar maite genuela, bistakoago zen aurkako noranzkoan ihes egin nahiago genuela. Despedida bakoitzean,  berriro neure burua bakarrik ikustean, nire gaztelu-karta animako hauskorra erremediorik gabe jausten zen behera. Gutxi balio zuten orduan pastillek eta mediku aholkuek, tristura min bihurtzen zen eta izatea bera zigor. Noten kadentzia astiro gogaikarri errepika zitekeen orduetan eta orduetan.

Baina egun batez zerbait aldatu zen. Bat-baten igande arratsalde goibel batean, gure bazkalosteko solasak ezusteko gonbidatu bat izan zuen. Olatuen orroa nahastu egin zen beheko solairutik zetozela ziruditen arnasots asaldagarri batzuekin. Kostaldeko apartamentuak ez dira harro beren barne-hormaz. Hura gauza ageri-agerikoa zen. Han sexu-jardun irmoa zebilen, amodioa egiten zuten atzeratutako gosea duten maitale oldartuek soilik egin dezaketen gisan. Nik kontzientzia lauso bat neukan, etxebizitza hartan oraintsutik  bizi zirela, inoiz topo egin nuen eskaileran emakume gazte batekin, seguru asko atzerritarra, baina hau zen haren presentzia nabaritzen zuen lehen aldia. Ez dut uste gogoratuko duzunik, baina gu bion artean, orduan,  bat-bateko elkarkidetza korrontea sortu zen eta gure ahoek irribarre egin zuten batera. Bai, badakit gauza  handia ez dela baina arratsalde hura hobeki joan zen.  Arnasestu espiral bakoitza, malguen kirrinka erritmikoaren gorakada bakoitza, berriro ere arrazoi zen gure ospakizun intimorako.
Ordu batzuen buruan errezel artean ikusi ahal izan genuen nola urruntzen zen, isilpeko keinuz, ustezko maitalea, gizon sendo txikia, adin ertainekoa, biboteduna eta ilea urdintzen hasita zeukana, txaketa bakero batean sartuta, lepoak gora altxatuak.

Hura lehen serie luze bateko lehena baino ez zen izan. Antzekoak gertatu ziren ordutik maiztasunez. Batzuetan, ohiko zarataz gain baziren jatorri zehaztugabeko soinuak. Karraska arraroak, kolpe lehorrak, alarau motelak… nire kontzientzia ez zen gai haiek deskodetzeko eta nire irudimenak kendu aukerak zerabiltzan ni neroni ere izutzera iristen zirenak. Antzeko zerbait gertatzen zen lantuekin. Hauen kokapena, plazer-intziri artean erantsita, hondogabe sailean geratzen ziren. Saioak benetan azkengabe izan zitezkeen eta akidurak haiek mendean hartuak zituela pentsatzen nuenean, nire harridura gaitasunari beste goraldi batek egiten zion erronka. Zenbait denbora igarota, ez asko, bibotedun gizon trinkoa presaka ateratzen zen ataritik eta itzaletan galtzen.

Goiz batez emakumea dendan ikusi nuen. Nik  uste nuena baino gazteagoa zen. Top-modela izan gabe ere, osotasunean edertasun narea zerion. Irribarre adeitsua zuen arren, iruditu zitzaidan haren begiradak ezin zuela disimulatu malenkoniaren bat. Txandaren zain geunden eta harritu egin ninduen zuzen neuri mintzatzeak:


-“Zeu izan behar duzu neure bizilaguna, pianoa jotzen duena, ezta?”

Nire ustezko tasun hark barruan bero asaldagarria eragin zidan. Loli dendariari denbora falta izan zitzaion hartaz jabetzeko. Nire bizilagun berriarekiko lehen adeitasun truke hartan, jakin nuen Olga zuela izena, Georgia urrunetik zetorrela eta biolina jotzen zuela. Bi urte baino gutxiago eginak zituen herrialdetik kanpo eta halere ederto egin zuen gazteleraz. Dendatik irten zenean, Loli, alarguna, bereizi zenetik apenas hitz egiten zidanak, bere zenbait ondorio adierazi zizkidan:

-“Nire ustez tipoak denbora-pasakotzat dauka, badakizu, neska gaixo hauek esku hutsik eta non etzanik gabe ailegatzen dira-eta”.

Loli, hau da, Dolores andrea eta biok, ez genuen sekula elkarrekiko begikotasunik izan. Honen senarra, bizi zelarik, urbanizazioko mozkor ofiziala edo zebn, eta urte askotako nekaldiaren ostean, bazirudien emakumeak barne-erresumina zeukala gizaseme guztiekiko. Gure maitasun kataklismoaren egunetan hura konfidentea zen Juliarentzat. Haren  begiradan zerbaitek ttu egiten zidan sotiltasunez. Halabeharrak, baina nahi izan zuen biok neguko bakardadeak elkarrekin igarotzea udako apartamendu jende-gabe eta menostu haietan, urbanizazio ahul bat baitzen itsasertzean, hirurogeigarren hamarkada urrun hartan egina, hura galarazteko legerik ez zegoenean. Burlaizea agertu zen haren begirada unatuan:

-Ez nekien musikaria zinenik.
-Ez naiz eta.
-Ja.

Esan behar dut, ordudanik, saihestezin, pianoan jartzen nintzen bakoitzean Olgaz gogoratzen nintzela. Nire ezagupenik ezak mugatuta nengoenez eta bilbatzen nituen piezak nahitaezko bakunak ziren eta nahiko errepikakorrak, baina asetzen zuten nire iheserako beharra, beste ezerk ez bezala. Sekula ez nengoen seguru entzuten ote zidan, bera maiz ateratzen zen etxetik. Batzuetan eskaileretan gurutzatzen nintzen, oso prestatuta ikusten nuen irteten, elegante eta sexy batera. Hura suertea zeukana txaketadun morroi hark.

Egun eskasak etorri ziren orduan. Haize izoztu altxakorra sartzen zen paperezko horma  haietatik eta olatu oldartuak fatxadaraino bertaraino altxatzen ziren. Irratiak errekor historikoak aipatzen zituen tenperatura jaitsieretan eta berehala zetorrela hotz eta elur ekaitza. Etxe madarikatu hartan, neguaren berri jakin gabe diseinatua, ganbaratik erreskatatu nuen plaka elektriko zahar bat baino ez zegoen berogailu. Nire burua ikusi nuen arropaz josita, belarrietaraino sartutako artile txapel batekin eta eskularruak jantzita pianoa jotzen saiatuz. Orduan txirrina izan zen.

-“Barka molestatzea, ez dut estufa jartzea lortzen, lagunduko didazu faborez?

Olga etxera lagun niezaion eskatzen ari zitzaidan. Zapatilatan egiten zuen eta koadrodun bata soil bat soinean zuela. Disimulatzen saiatu zen arren, nire eskale itxurak harritu egin zuen.
-“Hotz egiten du, ezta?, nik sekula ez nuen uste hemen halako hotza egingo zuenik, nire herrialdean bai egiten du hotza, handia”.

Ni nintzen heldua eta bera gaztetxoa. Ni bertakoa eta bera atzerritarra, berak arazo bat zeukan eta nik –agian- soluzioa, zentzuzkoena nik lasaitasuna eta berak urduritasuna agertzea zen. Bada ez. Egoitza hartan sartzea, hainbesteko amodio jardunen eszenatokira, edertasun eslaviar harekin batera, eskale baten jantzian, takikardia izateraino asaldatzen ninduen. Nire baitan eskertu nuen hotzak nire dardara esplikatzea.

Haren pisuak gutxi zuen ikustekorik nire piztia-zuloarekin. Altzariak ere gutxi ziren, baina gustu fin-bikaineko alfonbra eta tapizek zoruak eta paretak janzten zituzten. Sukaldea modernoa zen eta goxoa eta bainugelak egonaldi luze patxadako bat egiteko gonbita egiten zuen. Xehetasun horiei guztiei erreparatu ahal izan nien, hain zuzen, berogailua martxan jartzeko prozesuari esker. Berak “estufa” esaten ziona propano gasezko instalazio osoa zen eta aski zuen ikututxo bat egitea martxan jartzeko: galdara erabat hoztua piztea. Pizteko mekanismoa martxan hasi zenean, tenperatura goxatuz joan zen pixkanaka, bizitzeko/bizigarri moduko giroa iritsi arte. Haren begietan heroi txiki bat egina nengoen. Kafea hartu genuen elkarrekin haren sukaldean. Georgiaz mintzatu ginen, komunismoaren porrotaz, haren haurtzaro zoriontsuaz eta gaztaroko penuriez/gabetasunaz, haren familia etsi-etsian oroituz, musikaz eta honen ahalmen baltsamikoaz, hotz-giro hartaz... jakina ez genuen ukitu haren amodio saio burrunbatsuen konturik.

Jainkoa, zenbat samin gordea haren hitz ahalegintsuetan, haren begien urdinean, haren irribarre-eredietan. Bulkada lelo batek bultzatzen ninduen etengabe hura besarkatzera, haren buru politta nire bularrean pausatu eta laztan amaigabean. Uneren batean, ontziteria hartzen hasi zen eta bere keinuek ohartarazi zidaten ni han geratzea zuhurgabea gerta zitekeela. Haren maitale sendoa gogoratu nuen orduan eta zirrara eragin zidan, bat-batean ager zitekeela pentsatzeak. Zezel aitzakiaren bat bota eta alde egin nuen.

Elur iragarriak heldu ziren kostalde bertaraino eta hondartzaraino zuri-zuri berun koloreko zerupean, eta ustezko itxura hartu zuen. Sofan uzkurtuta, plaka elektrikoa  sudurraren aurrean neukala, telefonoak amets sakon batetik esnatu ninduen. Haren txirrin sarkorrak amorruz jotzen zuen nire garezur horma artean. Julia zen.

-Alvaro?
-Bai Julia, egun on.
-Arratsaldeko zazpiak eta laurden dira.
-Eskerrik asko argibidearengatik. Besterik?
-(Hasperena) Bai, jakingo duzu noski elurrak dena hartua duela, gaur ezin izando du Ivanek joan, gaur tokatzen zitzaiola jakingo duzu,ezta?
-Bai jakina -esan nuen gezurra-.
-(Hasperena) Beste gauza bat. Bizilagun berriak dituzu azpiko pisuan, ezta?
-Ee… bai.
-Tira, arren eskatzen dizut mutikoarekin sexu kontuekin txantxan ez ibiltzeko. Gai horretaz hitz egiteko behar den heldutasunik ez daukazunez, gutxienez egin dezakezuna…

Aski da. Eseki egin nion, kontenplaziorik gabe. Buruko mina nuen presioz hura bete izan balute bezala. Bi lasaigarri disolbatu nituen uretan eta soluzio eferbeszentea edan nuen. “Gosaltzeko” arrautza batzuk prestatzen nituen bitartean, nire subkontienteak kemenak hartua neukan piano melodia errepikatzen zuen. Bai, jasan berri nituen amets aztoratzaileen ondorena zen, artean goiari eutsi nahi zion zakil-tentetze erdizkako hura bezalaxe.  Kristalak pitzatu guran bezala jotzen zuen orduan haizeak. Irratiak behin eta berriz esaten zuen lasai egoteko, eta aldi berean alarmatu egiten zuen hotzez hildakoen eta istripuen zerrenda emanez. Groenlandiako farozaina edo sentitzen nintzen. Gogorik gabe gosaldu nuen, arrautza horiek ez zeudela beren onenenan susmatuz, eta zeregin neketsu bati heltzea erabaki nuen: "Butater" plaka herdoildua pianoaren gelaraino eramatea.

Han denbora asko eman nuen kadentzia itsukor hura birsortzera. Ez dakit mendebala zen orkestari lagun egin nahi ziona edo zure amaren dei madarikatua ahanzteko beharra, baina egun hartan guitarra bat bezain afinatua sentitzen nuen neure burua eta gorputz eta arima sartu nintzen nota haietan. “Musika da gizakiek jainkoekin mintzatzeko duten lengoia” esaten zuten grekoek. Bai, ba zuen erlijiosotik zerbait nik tresna desafinatu harekin komunioan bizi nuena eta agian horrexegatik gertatu zen miraria. Hasieran ez nuen lortzen gertatzen zenaren jatorria, baina laster ederretsi ahal izan nuen, emozio garbiz, nola egiten zuen bat nire notekin biolin urrun baten doinu goxo ingurakor batek. Hasieran izutu egin nintzen, pilulen eragina izango zela pentsatu nuen edo nire piskanako degradazio psikikoarena. Bat-batean utzi nion jotzeari eta pixkatera/berehala biolina mututu zen. Laster ulertu nuen. Olgak jarraitu egiten zidan. Berriz ekin nion emozionatuta, kitzigarriagatik dorpe samar baina. Nire bizilagun abilak atzetik segi zidan eta extasira bidean eraman nazaten utzi nuen neure burua, sekula gertatu ez zitzaidan bezala. Orduan ez zegoen miseriarik munduan, ez eta nire bizitza deitoragarrian. Berez ez zegoen ezer, pianoa, biolina eta haizeerauntsia biraka besterik.

Ezin nuen zehaztu zenbat denbora egin genuen zehatz biraka egitura beraren inguruan. Modu naturalean mararzkiak aldatuz zihoazen emeki tonua galdu gabe. Haren biolina bereziki librea eta ederra zen eta aurreratzen genuen ahala, lan hura berez zebilen, gu interpreteak ez bagina legez, Jainko baten borondatea baino egingo ez bagenu legez, edertasunaren Jainko,  elkar-hartzearen eta zergatik ez esan, maitasunarena. Bizitza ironikoa agertzen zen berriro ere: kolpe berezi anker batetik sendatzen ari nintzela, hiltzeko ausardiarik ez eta koldarkeria hutsagatik bizirik irauten nuela, bat-batean, nahita egin gabe, besoak zabalik zetorkidan esperientzia bortitz mistiko bat.

Baina gorena eta arruntetan arrunteena ezarrita egon ohi dira. Hotzak azkenean nire hatzak gogortu zituen eta uneren batean magiak alde egin zuen.
Nire hatz hotzak estufa zaharrari hurreratu nizkion eta egiaztatu nuen dardarka neuzkala, deliriun tremens batean bezala.

-Neska, puta bat da, eta, beharbada trafikatzailea gizona. Administratzaileari esan behar zenioke.
-Oso egozpen larriak dira, ez al zaizu iruditzen?
Loliri kiskali egiten zen zuka hitz egiten nionean, azken batean ez zen ni baino askoz zaharragoa. Baina egiaz nik ezin nuen hura saihestu.
-Dena zen oso arraroa. Tipo horrek beti uzten du autoa etxetik urrun, gune diskretuetan, zergatik?
Dolores andrea Fletcher doktorearen jarraitzaile sutsua zen. Behin eta berriz ziharduen bertsio nobeleskoa eta zinez sumingarria berregiten.
-Ni naiz bere bizilagun bakarra eta ikusi dudan bakarra da, bakarrik bizi den emakume bat eta harremana duena. Emakumeak ikasia dirudi…
-Eta oso goapa. Gizonezkoak itsutu egiten zarete horrekin. Hona etortzen diren errusiar gehienak putak dira edo antzerako zerbait. Han oso txarki pasatzen dute gaixoek. Gizonak ere errusiarra izan behar du, ba dakizu?
-Neska Georgiakoa da eta biolina jotzen du- esan nuen, hura lepotik heldu eta ito ordez-.
- Bai, nik esango dizut zer jotzen duen, “txirula eztia” jotzen du horrek.

Bi arrazoi sendo zeuden maltzur harekin desatsegin ez agertzeko: Lehenik, guzti hartatik zerbait egia izan zitekeela, eta bigarrenik, ni trapu zahar bat eginda nengoela. Sukarra izan behar nuen, baina ez nintzen gai izan termometroa aurkitzeko. Izatez, ekaitzaren erdian dendaraino txangoa egin behar izatea, etxean gordailu txiki bat ere ez izatearen ondorioa zen.

Bi tableta hartu nituen eta estalkien artean bildu nintzen, aurkitutako estalki guztiak hartuta. Nire transistore zaharrak entretenitu egin nahi ninduen burukopean. Babes zibilak autorik ez hartzeko gomendatzen zuen eta bideak ez atzera eta ez aurrera geratutako gidariek infernuko kaos haren berri ematen zuten. Gogoan dut bortizki berrindartu ninduen musika tartea: Beatles taldearen Girl. Orduan begi urdin urrun batzuk agertzen zitzaizkidan urruneko historiak kontatuz/tzen. Inolako erreferentziarik ez orainari, ezta bibotedun gizon harekiko harreman grinaz beteari. Tarteka lo hartzen zuen eta nire ametsak nahastu egiten ziren irratiko hitzaldiekin eta pertsianen zirrikituetako haizearen txistuarekin. Telefono  txirrina entzun nuen aldiro jo ta jo, baina ezin nuen bildu indarrik oin bat higitzeko ere.

Irratia hiltzen zihoan eta nik harekin egiten nuen bat.

-Har ezazu zukuitxo hau, maite, C bitamina behar duzu eta.
Ez, nire ama gaixoa ez zegoen han ni zaintzeko eta denbora astuna  eta mingarria egiten zitzaidan. Tarteka etxeko oihartzunen bat aditzen nuen beheko pisutik zetorrena. Komuneko ponpa, sukaldeko lapikoak, telebista. Bat-batean, lantuak ere entzun nituen. Errusiar hizkuntza gogorarazten zuen hizkuntza batean egindako telefono elkarrizketa labur asaldagarri baten ostean. Tarte txikietan egiten zuen negar, etsipen handi baten aztarna utziz eta tristura hura bularrean itsatsi zitzaidan. Berriro egon ginen sinfonia bera interpretatzen, baina oraingoan haren borondaterik gabe.

Ongi, Ivan. Orain arreta guztia jar dezazun nahi dut esango dizudanaz. Funtzezkoa heldu da, kontatzen ari natzaizun nahasmen honen guztien azken arrazoi sakona eta, seguru asko, nahastu samar edukiko zaituena. Gizaki ororen bizitzan badira uneak ibilbidea markatzen dutenak zirt eta zart. Niri dagokidanez, kontatuko dizkizudan gertaerek zakarki hautsi zuten gidoia eta  markatu zituzten ondorengo nire bizitza guztiko egunak. Berehala jakingo duzu zergatik hainbatetan harrapatzen ninduzun pentsakor eta aurpegi serioz, zergatik beti eta beti ixten nuen atea barrutik eta, batez ere, zergatik arduratzen nintzen horrenbeste zure segurtasunagatik. Ohartarazi nahi zaitut irakurriko duzunak zirrara eginarazi diezakezula, eta baita shock bat eragin ere. Zuk ulertzea nahi dut nik gorde ahal izan nuela eta neurekin hilobira eraman, aitortzen dizut ordu asko eman ditudala hausnarrean, egunak osorik, baina zu ezin zaitut engainatu. Beti sartu nahi izan dizkizut zintzotasuna eta leialtasun balioak. Gertaera hauek beste bide batzuetatik irits balekizkizu, Jaunak/Jainkok daki zein  irudi osagabe egingo zenukeen buruan gertaeraz  eta non kokatuko zenukeen nire jokabidea. Hau baino ez dizut eskatzen, astiro irakur dezazula konttauko dizudana eta behar beste denbora har dezazula hau digeritzeko.

Ataritik irteten ikusten genuen gizon ezezagun hartaz, gogoratzen al zara? Bada, gau hartan Olgaren etxera oldarka sartu zen haserre bizian. Nire minezko ohetik ezindu entzun ahal izan nuen emakumeari nola egiten zion oihu eta kolpatzen zuen deabrutu balitz bezala eta nola meskak alarau egiten zuen, nik sekula entzun dudan alaraurik zaurtzaileenak. Ni izerditan nengoen eta bihurtzen nintzen estalki artean eta nabari nuen nire bihotza abaida bizian, hainbesteko indarrez, nire soin guztia hartzen zuela zirudien. Gogo onez jaitsiko nintzatekeen eta hustuko nion kargadore bat osorik basapizti nazkagarri hari, baina zuk ezagutzen nauzu. Sekula ez dut arma bat eskuan izan eta sekula ez naiz izan tipo bipil bat, esan ohi denez. Gainera, nor nintzen ni haien artean sartzeko? Dakizunez, haiek maiz izaten zituzten haragi grina erakustaldi amaigabeak eta ordura arte ziur nengoen bizi maite zutela elkar, harremana edozein zutela ere. Iskanbilaren erdian nabaritu nuen bat-batean nola hausten zuten zurezko zerbait. Eteten ari ziren soken erresonantzia iltzatu zitzaidan bihotzean, labankada sartu balidate bezala. Biolina zen. Astakirten puta hori txiki-txiki egiten ari zen instrumentua, loriarantz egin genuen bidaian Olgak niri lagun egin zidan tresna. Ezin izan nuen gehiago eutsi. Zoramenak aholkaturik, aurkitu nuen lehen jantzia jarri eta izarpe ilunera oldartu nintzen ezeren axolarik gabe. Ez dakit zenbat denbora eman nuen jende gabeko paraje haietan alderrai batetik bestera. Badakit denbora puska batean uharriak inguratzen ibili nintzela, amildegiaren sakonetik deika neuzkan olatu haserretuak sorgorturik. Ni ez nintzen deus ere, substantzia puska bat baino ez, elurrezko galarren haren erdian. Nire ustetan, une hartan aitarik gabe geratu ez bazinen, honegatik izan zela, hau da, bizitzeko senak eta nire berezko koldarkeriak, eragotzi zidatelako azken jauzi sinple hori egitea.

Ez zen hori, beraz, idatzita zegoena. Geratzen zitzaizkidan indar ahuleziz saiatu nintzen nire gordelekura itzultzen. Kotxearen ondotik pasatzean, ia osorik geruza txuri batez estalita, barruan babes hartzea erabaki nuen. Martxan jarri nuen motorra, berogailua jarri eta oreinkuma zauritua bezala uzkurtu nintzen. Kontzientziagabetasuneranzko bidean zehar, itzaletako mulko bat deigarria egin zitzaidan. Hantxe zegoen berriro putasemea, itzulera bizkorhasita erruduntasun zipitzik ere kenduta? gabe, “Hor geratzen haiz puta, jo ezan biolina hain gogoko badun”, esaten arizela zirudien bere pausaje aidosoan eta bere judo keinuan. Nire parean pasatzean, esan liteke, motorraren zarata antzeman zuela doi-doi, baina ez zuen izpirik ere aldarazi. Eta hemen dator mamia.

Egiten nuenaz oso jabetu gabe, minutu batzuen buruan autoa jarri nuen martxan eta zenbait distantziara segi nion. Oinez zihoan itsaslabarrak inguratzen dituen bidera. Zer demontre egitera zihoan? Tren geltokia juxtu aurkako norantzan zegoen eta ez zen frogagarria bera haraino kotxez iritsia zenik. Erantzuna harrigarri bezain eskasa izan zen: tipoak hantxe bertan hustu gura zuen maskuria, amildegiaren ertzean.

Gogoan al dituzu nobela beltzaz egiten genituen solasaldiak? Nik beti esaten nizun krimen perfektua guztiz posible zela. Zuk argudioa argudioaren gainean, nik gau hori baino lehen egingo nukeen gisan: “Beti daude lits solteak, hiltzaileak ezin du bere baitan gorde hilketa eta azkenean bere burua salatzen du era batera edo bestera, gorpuek badute justizia egiteko sena esplikaezina ….” fantasiak, Ivan maitea. Hilketa perfektua ez posible bakarrik, batzuetan halabehar hutsez ere gerta daiteke. Batzuetan, eztabaidetako batean hasten ginenean, aurrez aurre zuri muturrera botatzeko tentazioa izaten nuen:
-Seme maitea, nik hilketa perfektua egin nuen eta ez zitzaidan ezer txarrik gertatu. Aitzitik, nire bizitza hobea izaten hasizen orduz geroztik.

Jakina zuk ere bazeneukan arrazoi puska bat. Hildako hark bai jarraitzen nau oraindik eta sekula ez dut uxatu ahal izan guztiz haren mendekuaren beldurra. Edozein arrazoi dela medio polizia bat inguratzen zaidanean edo baten bat telefonoz deitzean erratzen denean, ezin dut eragotzi ikaraldia. Hura gertatu eta hilabete gutxiren buruan gertaera zentzugabe bat bizi izan nuen butano banatzaile batekin. Eslaviar itxura zeukan eta ziur nengoen nire bila zetorrela. Haren aurpegi punpatuak behin eta berriz eskatzen zidan irekitzeko atezain automatikoko monitore txikitik. Norbaitek atea ireki zion eta nik hiltzaile betartez sartzen ikusi nuen. Ikaraturik poliziari deitu nion, esanez lapurtzera zetozkidala. Hainbesteko sinesgarritasunaz egin nuen, berehala bidali zidaten patruila bat. Pentsa dezakezu zer nolako egoera zentzubakoa. Ez dut sekula berdin begiratu bibotedun pertsona baten aurpegiari.

Bai, seme. Ni izan nintzen zorioneko “hilketa perfektua” egin zuena eta planik egin beharrik ere ez nuen izan. Berezko bulkada izan zen, ni ia zoratzeko zorian nengoelako agian. Ez nuen ausartu beharrik izan. Ez nuen egoera segundo bakar batez ere neurtu, azeleratu eta aurrean eraman nuen. Autoak haren atzetik amildegian behera jarraitu ez bazion zentimetro batzuen gorabehera izan zen. Balaztada hori zure aitarekin batera bizi izan da bere bizi guztian, egun guzti guztietan, motora arrankatzen nuenean, oheratzean, altxatzean, pentsa nezakeen bakoitzean, beti seme, beti.

Oraindik ez dakit indarrak nondik atera ahal izan nuen, baina hala ere lortu nuen berriz aparkalekuraino gidatzea, arrastaka apartamentura igotzea eta larrialdi zerbitzuari deitzea.

Zuk badakizu, seme, ni ez naizela sekula sinesteduna izan. Hala ere, ordudanik sekula ez naiz ausartu naturaz gaindiko eraginen bat ukatzen, gure gainetik dagoen zerbait, inurriei gizakien ulermena gailentzen zaien bezala. Egun batzuk geroago etorri nintzen neure onera zainketa intentsiboetako unitatean. Oso bizipen arraroa izan zen, nire jaiotza bizi izan banu bezalaxe. Badakit zenbait denbora pasa nuela kontzientzia maila arin batean. Bizirik iraunarazten ninduten asmakizun haien ertza guztiak oso astiro joan ziren zehazten, niri denbora tarte hura amaigabekoa egin zitzaidan, baina gero egiaztatu nuen ez zela nonbait hainbesterainokoa izan. Erizain ahaztezin hura niri laguntzera lasterka etorri zenean ni hunkikortasun sakon egoeran nengoen, malko bizitan barrez, deabrutua bezala dardarka, zoriontsu murgilduta nire erraiek erakutsi nahi zuten bizi leherketa hartara.  Baina laster egin nuen jauzi beste aldera. Bizitako azken gertaeren pixkanakako kontzientziak seko geratu ninduen eta zin dagizut izuikara bat jabetu zela nire izate ahulduaz. Bat-batean jabetu nintzen galdeketa izugarriak neuzkala zain eta seguru asko espetxealdi luzea, agian bizi guztirako.

Ez zen hala izan. Inguruan atzematen nuena ez ziren susmoak edo tirabirak, zuon guztion giza berotasuna zen. Bai zuk eta bai agertuz joan ziren lagun eta senitartekoek, zure ama ere bai, ni oneratua ikusteko gogo bizia adierazten zenidaten eta horrek eragin zuen ni bizirik irauteko. Han ez zegoen polizia arrastorik eta ospitaleko zaindariek adeitasun berebizikoz tratatzen ninduen. Hor ustezko hiltzaile bat baldin bazegoen, ez zirudien hura ni nintzenik.

Handik onik atera nintzen, Ivan maitea, oraindik ez dakidan arren nola. Egun zoriontsu batean ospitaleko ate narrazgarriak udaberrirantz ireki ziren  irribarrez hartzen nindutela. Hilabete gutxitan apartamendua estreinatu nuen, jada metropoli betean, eta nire ohiko lan jardunean sartu nintzen, eta berehala berreskuratu nuen pultsua. Nire autoa ere ez zen berdina. Nire eginkizunen aurrenetako bat delituaren proba ageriko bakarra desguazera bidaltzea izan zen: antza inork ez zion erreparatu aurreko kapotean zegoen mailatu arin hari.

Eta hildakoa? Ezagutzen zaitut Ivan, horrek jaten zaitu barrutik, ez al zuen ezer “esan” hildakoak?

Hildakoak apenas susurlatu zuen. Mundura itzuli ostean lehen lanetako bat udal hemerotekara maiz joatea izan zen. Periodiko metak begiratu nituen arrasto txikiena edo bilatuko ote nuen eta bai, azkenean zerbait topatu nuelakoan nago. Hotz denboralearen biktimen balantzean, egunkariren batean, ez guztietan, zekarren identifikatu gabeko gizon baten gorpuaren aipamena, atzerritarra izan zitekeena, hondartzan aurkitu zutena. Itxura batean, bertako agintarien arabera “ekaitzak harrapatuko zuen arrantzan ari zela, kostaldeko puntaren batean, non, seguruenik, Itxaso kolpe batek jo zuen”. Horretan ere suertea aldeko. Elurrak eragindako trafiko istripu arranditsu batean familia oso bat galtzeak, arreta guztia desbideratzen zuen. Iraulitako monobolumena eta tapakiekin estalitako zenbait mulkoekin batera ateratako argazki izugarria, ilunbeetan geratzen zen tipo gris bakartia “gaueko arrantzan jarduten zuena”. Ezin dut seguru jakin ere, gorpu bera den, hura agertu zen hondartza gertaeren lekutik kilometro batzuetara dago.

Sekula ez nuen jakin Olgarekin zer gertatu zen. Ikusi zuten azken aldian bere etxetik irteten ari zen maleta bat hartuta geltokirantz. Lolik esan zidan etxearen jabeek "txerri-korta" bat eginda aurkitu zutela etxebiiztza, lurrean gauza asko botata, eta bibolina mila puska eginda pusketa eginda.

Haren helmuga zein izan zitekeen, arrastorik ere ez daukat. Aitortzen dut bilatu nuela hura, baina jakina, polizia eta detektibeekin batere mintzatu gabe. Berriro hura ikusteko gogoak itsutu ninduen, bilatu nuen orkestretan, kontserbatorioan, alterne tabernetan. Georgiako enbaxadarekin ere hitz egin nuen, baina beti zegoen langa. Ba al dakizu ezkonduta zegoen edo bikotekidea zeukan? Galdetu zidan egun batez enbaxadoreak. Arranpa hark ulertarazi zidan heriotzeko zepoko gaztara doan sagutxo samurra izan nintekeela neu.

Ez dut sekula gehiago pianorik jo. Ez naiz gauza… baina melodia bilgarri hark noranahira segitu dit, egunero. Melodia hura entzunez hilko naiz eta badakit, seguru-seguru nire mundualdi apal honen plazerrik handiena piano, biolin eta olatuetarako kontzertu ezusteko hartan izan zela.

Destinuak barka bekizu, seme.

Ez nazazu zorrotzegi juzgatu,

Zure aita, beti maite izan zaituena.


*******************

Ivanek paperak utzi zituen mahai gainean eta une batzuetan pentsakor geratu zen, burua ohe-lumardian pausatua eta lainoartean begirada galduta leihoan zehar aurreratzen ikus zitekeen artean.
-Zer zen hainbesteko interesarekin leitzen ari zinen hori? Galdetu zuen ondoan lokartuxe zegoen neskak, ahots lotiz.
-Familia kontuak, maitea.

Ivanek musu eman zion Olgari goxoki, belarri ondoan. Honek laztan irribarretxo bat erakutsi zuen.
                       


bAst 2013

2013(e)ko otsailaren 27(a), asteazkena

ISKANBILA DANTZA ARETOAN





Nire lehengusu Juan Pablok eta Santi Pechotorok liskar bat izan zuten 76ko igande beltz batean Young’s diskotekan.

Nire lehengusuak 15 urte zeuzkan orduan eta Pechok 16. Nik 14 urte neuzkan eta gertaera sinestezin hura hasi zenean nahiago izango nukeen bertan hil, han bertan atoan desagertu. Nire lehengusu Juampa bizi Donostian bizi zen eta ikastegi frantsesean ikasten zuen. Haren notak oso onak ziren, iraingarriak, eta berak itxura apain-aratza zeukan, bista zauritzerainokoa.

Neure haurtzaro guztian, hura behin eta berriro aitatzen zuten eredu gisa: ongi hezia, etorrikoa, atsegina... kalifikazio on-onak ateratzeaz gain, eskolaz kanpoko jardun sofistikatuak egitea bazeukan, orduan exotiko iruditzen zitzaizkidan izenekoak: informatika, ai-kido, armonia, patinetako hockeya... Familiako ospakizunetan beti izan zuten numero nagusi bat, non Juampak buruz ikasitako poema luze bat errezitatzen zuen, eta ondoren bere ikastetxeko ereserkia kantatzen nire lehengusina Ana Mari-rekin batera. Osaba-izeba, aitona-amona eta gurasoen txaloak bizilagunen patio guztian aditzen ziren eta ni handik joaten saiatzen nintzen, inork kanta nezala esan aurretik, irmo, Athletic-en ereserkia kanta nezala, bazkalosteko numero komikoa eginez.

Inork pentsa dezakeen hori pentsatu aurretik, esan dezadan oso atsegin nuela Juampa nire lehengusua. Jarraitzeko eredu gisa besteek niri jartzea arbuiagarria zen, baina ez nion hari errurik egozten, ez. Zeukan curriculum berebizikoa bere kontua zen, betebeharren munduari zegokiona eta beraz, batere interesatzen ez zitzaidan mundukoa.

Haurtzaro guztian, bera zen niretzat joko desberdinak zekizkien ahaidea, mago batek bezala margotzen zuena, lehengusina eta izebak sustatzeko txantxa txit dibertigarriak asmatzen zituena. Lehengusutxoa berritasuna zen, haren presentzia beti zegoen lotuta familia bilera jendetsuei eta beraz festa, joko, tarta eta kanapeei.

Egurra partitu zen egunean nire lehengusuak zuen adina zehatz nik jakitearen arrazoia hau da: ni baino urte bete zaharragoa da. Bada beste arrazoi bat nire kontrarioaren urteak gogoratzeko: nire gelan zegoen eta bigarrenez errepikatzen ari zen.

Liskar berezi hark eszenatoki berean jarri zituen nire izatearen antzokian bateraezin ziren bi aktore.  Juampa sendiko jai-giroko parte zen, eta Santi beste muturrean zegoen justu: nire kezkarik handiena zen, izua bera haragitua, giza izatea eta bizitza bera arbuiatzeko arrazoi nagusienetako bat zen.

Institutuan sartu nintzen lehenengo egun zorigaitzekotik bertatik, izan zen nigan zerbait atentzioa benetan eman ziona.  Ikastetxean izana nuen ikasle bizimodu atsegina kalbario bihurtu zen “instia” eraiki zutenean eta nire gurasoek erabaki zutenean aski zela hilero dirutzak ordaintzeaz. Bat batean nire burua galdua ikusi nuen pasillo etsai haietan, ez nuen inor ezagutzen eta asko ziren gogor izateko bokazioa zuten mutilak. Eskolako nire aurreko aldian ikasle “zail” ziren haiek eredugarri zitezkeen leku berrian. Santi hori zen nire bizitza laburrean aurkitua nuen txarrena. Haren begietan gorrotoa zegoen, ahoan mespretxu irribarrea zegoen beti, ibilerak, presiozko bakero batzuek behartua, txulo-itxurakoak ziren, haren gogoa beroa, eta gainean txima sorta koipetsua zuen, patrikako orrazi batekin errepasatzea maite zuena, besteei bizitza nola izorratu beste asmorik ez zeukan buruan... Ikastetxe berrian sartu aurretik, guztiek bezala, baneukan haren ibileren berri. Berak eta bere koadrilak eskuratua zuten kabroi fama, ondo merezita, haurren irudimenean neurrigabe handitua. Haren ezizenak berak nekez sinisteko bertsioak zekartzan: gehienek zioten adore harrigarria zuela olatu-hormako uretara jauzi egiteko arrezifeen gorenetik, bularrez.  Beste kondaira batek zioen norbait saiatu egin zela labana hari bularrean sartzen eta labana hautsi egin zela. Egia hau zen, bera “Pechotoro” zen;  anai txikia, haren berdina txikiagoan, “Pechines” zen.
            Ikasturteko lehen egunetan ni ikasle bat gehiago nintzen, hasberri sustatu olde baten baitan murgildua, oharkabean pasatu nahirik, noiz arte eta, modurik  zentzugabeenean patuak atentzio foku bat jarri zidan arte niregan, nik sekula isiotuko ez nuena. Historia irakasle madarikatu hark behin eta berriz errepikatu zuen errutina pedagogikoa: dorpeari galdetu eta hau umiliatu ostean, beste baten erantzunarekin egurtu; ohitura txepel horrek ondorio bakarra izan dezake: ikasle “distingituari” etsaiak sortzea. Eta hori da hain zuzen ere gertatu zitzaidana. Santik bizkarra uzkurtu zuen mindu itxurarekin eta maisuaren hatz erakuslea nire pertsonatxo umil uzkurrera zuzendu zen, ez nuen behar besteko ernetasuna izan erantzun okerra emateko. Laido haren prezioa oso garesti ordaindu nuen. Hobe nukeen askoz irakaslearen errieta jasotzea, edo zigorra, edo irakasleak zartako bat jotzea, hitz atsegin haiek entzutea baino: “Oso ongi, gutxienez bada inor gela honetan ikasten duena”, eta horrek markatu ninduen hainbat astez eta astez.

-Ea, esadak Pitagorin, zein dok Italiako huriburua?... ea, asmatzen badok gazta bat emango juat eta asmatzen ez badok gaztako bi, bale? Benga... Pechotoro eta honen mariatxiak, dozena erdi meritudun prest hari heriotzaraino segitzeko, horrelako eskaintzak egiten hasi zitzaizkidan niri oldartzeko aukera zuten bakoitzean.

Nire egoerak etsipen erabatekora egin zuen. Erraz da esatea “etxean esan behar da”, baina itxuraz hain gauza erraza adin horretako parametroekin neurtu behar da. Guraso, irakasle eta ikasleen aurrean kakati gisa agertu aurretik, norberak bere burua engainatu ohi du, egoera hoberantz doala, jada ez zirela hainbeste sartzen zurekin, badela besteren bat antza, gehiago puteatzen dutena. Logika zentzugabe bat aplikatuz pentsatzen duzu libratua izango zarela behar bezala jokatzen baduzu, hau da, irakaslearen galderei gaizki erantzuten badiezu eta jakina, hatza altxatzen ez baduzu, enpoiloi zikin batek bezala ikasi duzula erakusteko. Beste umiliazio batek engainutik ateratzen zaituenean, berriz pentsatzen duzu etxean nola esan, baina txibatazorik txikiena gertatuz gero arrautzak erauzteko mehatxuak, egi dirudite hartarako kapaz dela sinisten duzun haren ahotan. Heldu zen unea, ezagutzeko, agian lehenbizikoz, larritasun existentziala zer zen.

Halako estutasuna gainditzeko irudimena baino ez neukan. Gran Cinema-ko arratsaldeko saioek nire ametsik ederrenak elikatzen zituzten: bat batean, egun batez, bost alprojek inguratu egiten ninduten patioko iskin batean eta espero gabe, hostia piloa hartzen zuten erantzun ezinik. Ni Terence Hill nintzen, Bud Spencer, Bruce Lee, 007... ez zuten hura espero, baina izaki hark, itxura batean ahul, autodefentsarako teknika sekretuak ezagutzen zituen  eta gai zen –nahi izanda- bat bateko heriotza eragiteko ostiko taxuzko batez. Hodeia lurruntzen zenean, malenkonia eta musika bakarrik geratzen zen. Maletako tokadisko zaharrak, ganbaran abandonatua, bere protagonismo antzinakoa hartu zuen berriro. Nire anaia “goatekeak” antolatzen aspertu zenetik abandonaturiko dozenaka disko berriz hasi ziren biraka orratz magikoaren pisupean, plastiko zati soil batetik plazer txirbilak ateratzen zituen orratz-pean. Ondoez gau ilunetan, transistore txiki batek laguntzen ninduen benetako mundu puta hegaldatzen, izan ere ez nuen aldirik onena. Nekez izango zen gaurik Radio Luxenburgo eta hasiberri ziren efeemeak nire ametsekin nahasten ez zirena egunsentira arte. Rock&Rolla zen nire droga, nire prozac, nire paradisu artifiziala. Arrazoiren batek eraginda, guztiz argitu ez dudana, gitarra distortsionatu haiek, baxu eta bateria koltxoi sendo haien gainean egiten zuten marrua zen oihuka nire neuronek eskatzen zutena, eta horrek baretzen zuen nire bestelako sentsazio mira, eta hark ematen zidan urrundik adoreari eta neure buruarekiko segurtasunari hurreratzen zitzaiona.

Baina horretan ere ez zen falta kezkarik. Nire talde gustukoenek gaiztoak zebiltzan billar horietantxe jotzen zuten. Sartzea bururatzen bazitzaidan, Pecho eta honen jarraitzaileak edozein unetan ager zitezkeen eta niretzat minutu batzuk hartu. Giro horietan, gainera, etxean jokatzen zuten. Nire lagun koadrilak babestuta agertzeak ere ez zuen askorik balio, asko jota multzoa osatzen zuen eta hala ni ezkutuagoan pasa. Duro bat-bi abestiko “sinfonola” I´m The Leader Of The Gang-en motoekin marruka hasten zenean,  delinkuente-gai haiek bero-bero jartzen ziren. Adorea ematen zidan musika hura bera mehatxu bihur zitekeen. Zer iritzi izango zuten THE SWEET, GARY GLITTER edo SLADE-k hala elkar bultzatzen ikusiko balituzte? Nori zuzenduta zeuden nota haiek, haiei ala neuri?

Futbolinak minadun leku ziren eta zer esanik ez diskotekak. Galbide tenplu haiek, mitologia morboso batek inguratuta, goraldirik onena bizi zuten. Neure herriak, urte gutxitan amesgaizto kubista bihurtuta, apenas ezagutzen zuen “zerbitzuak” hitza, haren definizioarekin bat zetorren bakarra parkeko komunak ziren, barru zaildua zutenentzako soilik eramangarri.  Halere, boîteak, salafiestak eta bestelako zokoak ilara luzez janzten ziren eta beren ospea ezin eutsizkoa zeramaten Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko txokorik aldenduenetara. Galo’s, Brisa’s, Young’s, Delfín Verde, Country, Aloña, Volante... elkarren lehian zebiltzan ostegunetik igandera bitarte trenak ok egiten zituen gazte multzoak erakartzeko. Santurtzi pop espainiar zailaren izar nagusien zirkuituan zegoen eta ez zen arraroa ikustea hormak zikinduta puntako izenekin: MIGUEL RÍOS, EL DÚO DINÁMICO, JUAN Y JUNIOR, LOS BRAVOS, LONE STAR. Ikastegiko patioko burrun-burrunak, ausartenek zabalduta, nerabeaurrekoen ganbara beroberak astintzen zituzten. “Erreserbatuetan” gertatutako Sodoma eta Gomorra sinesgaitzak kontatzen zituzten, non neskak engainatzen baitzituzten “katxondina" pilulak emanda. Esan ere egiten zen, neska elementu batzuk bazirela "martxa gustatzen zitzaiena" eta sexu egarriz oldartzen zirela bazterretan. Baina behin betiko tentazio oro kentzen zuena liskarrak ziren. Horiek bai ziren sinesgarriak, ikusi besterik ez zegoen zein nolako bizitasunez zihoazen kalean gora gizonezkoen oldeak, hormona astinduak botaz pasaeran. Rock talde errepikaezinen urrezko aldiak neure herritik pasa ziren, ni artean gaztetxoegi nintzela, eta agian baita  lotsorregi ere. Baina orduan haiek iritsi ziren.
            Burumakur nindoan oinez, munduaren pisua eramanez nire eskolako kottetara, nire bidea inguratzen zuen murruan karteltzar handi hura itsatsita ikusi nuenean: Discoteca Young's presenta en directo: THE STORM. Une haietan huraxe zen nik ikusi nahi nuen taldea. Telebistan agertu ziren, Gonzalo García Pelayo-k aurkezten zuen programa sinestezin batean eta haien eszenaratzea basatiaren gehiegia iruditu zitzaidan. Soilik single bat zeukaten, baina futbolin makinek txirbila ateratzen zioten etengabe: It’s All Right eta I Gotta Tell Your Mama. Sevillarrak ziren eta ingeles makarroniko batean kantatzen zuten eta horrek are estimatuago egiten zituen. THE STORM taldeak gutxi iraun zuen, soldaduska tarteko, baina historiak ez du justizia egin, bat-batean pop zeltiberikoaren mindulinkeria eszenikoa kolpetik hautsi zuten ero haiekin.

Bazkalorduan giroa probatzea erabaki nuen. Sukaldeko mahaian batera eserita geunden, ohi zenez, nire anaia gaztea eta ama. Ni hausnarrean nenbilen gaia ateratzeko modu abilena zein izango, eta bera aurreratu zen berri egundoko bat emanez:

-Juan Pablo lehengusua dator egun batzuk pasatzera, osaba Alvaro ospitalean dago eta gurekin edukitzea eskaini dit hurrengo asteburura arte. Etxean bezala egonaraziko ahal duzue.

Bikain. Oztopo lasterketan hesi kopurua gehitzen ari zen, beldurra uxatu behar nuen, aurpegia txikituko zidatena, sarrerarako dirua lortu –nire asteko pagarekin atarira ere ez nintzen ailegatzen- eta lehengusutxoaren zama eroan, zeinaren bizi-planeta zenbait milioi urte argitara zegoen STORM galaxiatik. Aski lan baneukan koadrilakoak konbentzitzen, haiek ez ziren ni bezain musikalak edo ez zituzten nire gustu berberak. Nire lagunak makina pintxa-diskora joaten zirenean gauza ohikoagoak hartzen zituzten: SUPERTRAMP, ELTON JOHN, NINO BRAVO, OSKORRI... Nire talde faboritoak ez zituzten aintzat hartzen eta nire planak, soil, nire buruko osasunaz zalantza eragiten zien.
-Zure buruaz beste egin nahi duzu. Seguru Pechotoro bandak erosiak dituela sarrerak...

Beraz: ezer ez. Urrezko beste aukera bat haizatzen zen nire muturren aurrean. Nire sentimenduak zuri-beltzak ziren. Jakin, banekien, estantzi hartan ez sartzeak, dirua aurreztuko zidala eta seguruenik disgustuak ere bai. Neure buruari behin eta berriro esatearen poderioz arindu bat ere senti nezakeen. Baina, bulkada esplikaezin batek berriz jaurtitzen ninduen infernuko ateetara eta guztiz itxita sentitzeak frakaso sentsazio zaurgarria zekarkidan.
-Zer duk?, arraro hago oso...
Horixe behar genuen. Nire lehengusua neure etxean neuri galdeketa egiten.
-Arraro? Ez, zer ba?
-Ez zekiat. Hi beti hago barrezka eta berba egitea gustatzen zaik eta orain han habil isilik...

Ene Jainkoa. Juampa gizajoa bere benetako lehengusua deskubritzen, eta juxtu bere aita osatzen ari zenean bihotzeko batetik... haren begiek halako garbitasunez begiratzen zidaten, hainbesteko ulertezintasunez, ezin izan nuen dena aitortu gabe utzi. Nire gelan geunden, emisore musikal bat ari zela fondoan, “Monopoly”aren ustezko emozioetan murgildu nahian eta berak:
-Noiz duk emanaldi hori?
Eta nik:
-Arratsalde honetan, mmm ... bi ordu barru.
-Nahi baduk joango gaituk. Ondo pasako diagu.

Hala bota zidan, inolako hantusterik gabe, aurpegian gorabeherarik agertzen ez zuela, plana guztiz eskurakorra balitz-edo, parkean paseo bat ematea bezain. Egia esan, nire lehengusua Young’s-en irudikatzea erabateko zirkuitulaburra zen, Juan Pablo ondo etortzen zen sendiko urtebetetzeekin, edo Gabonetako Haur-Parkearekin, baina STORMen kontzertu batean...

Egia zera da, handik gutxira ilaran geunden nagusiki gizonezkoz eratutako pelegrin olde eszitatuan. Berak dena erraz jarri zidan. Baimena? “Tira, ezin da denerako eskatu, batzuetan gauzak gurasoek jakin gabe egin behar dira”. Dirua? “Lasai, etxean nahiko eman didate egun batzuk pasatzeko”. Liskarrak? Jendetzak? “Jarriko gaituk bazter txokoren batean, handik eszenatokia ongi ikusteko eta kito...” Nire lehengusuak, Donostiako eder-orraztuak hainbesteko konfiantzaz hartzen bazuen, zergatik egin behar nuen atzera neuk, proletalgo industrialaren ustezko semeak?

Ilaran geundela, bera bezalako elementu baten presentziak magnetismo urduri bat eragiten zuen. Egun euritsua zen eta aukeratutako gabardina, haren betaurreko eta orrazkera aratz harekin batera, egundoko probokazioa zen antza. Nik nabaritzen nuen ilaran atzetik geneuzkan hiru mutilak hartaz ari zirela. Elkarrizketa zati kitzikagarriak heltzen zitzaizkidan: “Begiraiok gabardinadun horri”, “emaiok betaurrekoak dauzkan horri”. Ez dakit zein ondorio ateratzen zuten, baina zalantza barik oso dibertigarri zitzaizkien. Ilara astiro zihoan eta ni saiatzen nintzen neurean irauten, tentsio espirala gorantz zihoan, une bat heldu zen jolas maltzurra zena elkarri bultza egitea nire lehengusuaren aldera. Pare bat bultzara izan ziren, ekaitza ote zekarren, baina horretan geratu zen, neska talde zerutiar bat lotu zitzaien erasotzaileei eta gurekiko interes guztia galarazi zieten.

Minutu batzuen buruan lehen aldiz sartu nintzen diskoteka batean. Hastapen bizipenekin gerta ohi denez, oso bizi daukat gogoan itsatsia une hura.

Alferrikako pisuak arropategian utzi ostean ate batienteetarantz zuzendu ginen. Harrera egin zigun infernu distirapean zeuden soslai eszitatuz betetako leize-zuloak. Musika ordura arte ezagutu gabeko ozentasunez ari zen eta grabeek burrun egiten zuten elkarrizketa ia eragozteraino. Soinu dorre handi haietan une hartako abesti arrakastatsua ari zen trumoitsu: Master Blaster, STEVIE WONDERena. Juampak eskailera batzuk erakutsi zizkidan eta haietara zuzendu ginen gorputz gogor izerditsuen artean. Ikusgarritasun oneko talaia batean kokatzea lortu genuen. Haraino heltzen zen kirats lodia, ke eta esentzia zorabiagarriz zamatua, dantzako oldearengandikoa. Nire lehengusuak eszitatua eta dibertitua zegoela zirudien. Nik ez nion nire kezka sakonenen berri eman, ez zehatz-mehatz, eta nahiz eta ugari ziren liskargile-koadrilak, inon ez nituen ikusten Pechotoro eta bere Pechetteak, eta horrek pixkana laxatu egiten zizkidan esfinterrak. Tribuna hartatik xehetasunez ikus zitezkeen estantzian zeuden elementu anitzak eta haien jokabide bitxiak. Han zebiltzan otso koadrilak igandetuta disimulu eskasez begiratuz ardi iheskorrei. Barran jartzen ziren lautadako bakartiak, kubata alboan, bere unearen zain, saloon jarreraz.

Koadrilatxo trinkoetan antolatutako neskak etengabe sartu eta irteten ziren bainutik, bulkada arraro batek harrapatuta edo. Itxuraz berdina zen dantzari oldeak  ere pistan, erakusten zuen, ongi behatuz gero, zenbait ñabardura: azarri hesteratua mokorra astintzen, neska bakarti dibinoa adatsa astintzen, ipurdi begi-luze maltzurra, mozkor amorragarria, etxean koreografia txepel bat entseatu duen neska parea. Nik, egiaz, ezin nuen ulertu zer ikusten zioten hain dibertigarri. STORM eszenatokian agertzekoa zelako izan ezik, zer grazia zeukan hark?

Bero itogarria egiten zuen, oxigenoa eskas zen ke-laino kirastu hartan, modako musika, “Filadelfia soinu” jasanezinak burrunba egiten zuen buruko-min gogorreraino eta edonolako leku aldatzek astindu izerditsua zekarren, betilunen oldeetan. Zoroetxe hartatik kanpo baziren kaleak paseatzeko, bankuak esertzeko, tabernak itomenik gabe kontsumitzeko. Bai, zalantzarik gabe zerbait oso indartsua eta kitzikagarria zen denak leku batean biltzen zituena, kontatzeko duin izango zen zerbait gerta zitekeen lekuan, zerbait horrek agian bazuen ikustekorik lainoki fokoen artean dirdira egiten zuten praka estu haiekin, nire begiratua eramana baitzuten, ia nahi gabe, puntu finko baterantz.

-Kontsumizio bat zeukaagu. Goazak zerbait eskatzera.
Nire lehengusua aspertzen ari zen. Beheratu egin beharko genuen. Ondo pentsatuta agian alkohol pixka batek on egingo zidan egoerari aurre egiteko –“kontzertu” kontu hori garai hartan orkestra sinfonikoetarako bakarrik erabiltzen zen-.

Juamparen esperientzia handiagoari kasu eginez, ikasle festaren bat sikiera ezagutzen baitzuen, onartu nuen txokolate batidoa eta Licor 43 nahasketa gozoegia zanga-zanga sartzea. Hura gogoratze hutsak heste-minak eragiten dizkit, baina neure orduko urdail burdinazkoak apenas nabaritu zuen aldaketarik. Nire buruan bai igarri nuen, bai. Alkohol dosi ezusteko horrek mamuak uxatzen lagundu zidan. Azkenean lortu nuen nire lehengusuaren bromaren batekin barre egitea eta igandeko zonbi oldearekin mimetizatzea. Hain solte sentitu nintzen, eszenara hurreratzea proposatu nuen holaxe.

Zergatik ez?  Seguru asko banda zuzenean ikusteko gogo benetako gehien zuenetako bat izango nintzen. Aurrera egin genuen bultzada harat-honat artean eta dantzarako pistara heldu ginenean zoria alde izan nuen:  burrunbaz hasi zen SUZI QUATROren 48 Crash eta biok sentitu ginen animatuta dantza-modukotxo bat entseatzeko.

Tira, gauzak ongi zihoazen. Dasta nezakeen nire lagun –zalantzarik gabe- harrituei kontatuko nien kontakizun bizia: “Ez dakizue, ondo, Young’s-ean egon nintzen eta primeran pasa nuen, batido bat hartu nuen Licor 43rekin eta asko dantza egin nuen eta kontzertua putamadrekoa izan zen”... Ez Juampak ez nik ez genuen dantzaz lasai gozatzen. Egiaz, gozamena, ausartze hutsetik zetorkigun, geure burua ikustetik guzti baten parte izaten non ez zen nabaritzen -hala geunden gu- gure ageriko gaxtetasuna, are gehiago, zin egingo nuke inguruan geneuzkanetatik gutxik jakingo zutela abestia nik bezala. Notaz nota gure giharrak askatuz zihoazen, mugimenduak pixkatxo bat ausartagoak ziren, gitarreo itxuraren bat eginda eta ahopean korua egiten hasten ginen estribilloaren antzeko zerbait. Politegia egia izateko. Azken akorde rockeroen atzetik DEMIS ROUSSOS madarikatua eta honen Velvet Morning eztiegia etorri ziren, kolore mozkorraldia ilunpe bihurtu zen. "Agarraoa” hasi zen eta pistak segundo batzuetan erabateko birmoldaketa izan zuen. Buru asaldatuen oldeak zona hutsik utzi zuen eta tantaka astiro bikote akoplatuek zonalde hondatua birlandatu zuten. Gizonezkoen faunak gaizki disimulatutako bilaketa hasi zuen pieza egokien bila eta neskek diaspora hasten zuten atzeguardia posizioetara. Hura ez zen guretzako egina edo hala uste nuen behintzat nik.

-Dantza eskatuko diagu?
-Hi erotuta hago, begira ze neskak, hauek guztiak gu baino askoz nagusiagoak dituk, ikusi ere ez gaitiztek egiten, ikusezinak gaituk. Gainera mutil-lagunen bat moskeatu litekek.
-Ez ezak esan txorakeriarik, nahi ez badute ezetz esaten ditek eta kito. Ikus.

Soltura horrekintxe mugitzen zen ene lehengusutxoa. Saila tarte labur batez bistatu ostean, mahai baten inguruan alai hizketan zeuden neska lagun koadrila batengana hurreratu zen eta irribarrez eskaini zituen bere zerbitzuak. Eskaintza oso dibertigarria iruditu zitzaien nonbait, zeren kolpetik denak lehertu ziren barrez. Nolako paloa Juampa gizajoarentzat, ni prestatzen ari nintzen elkartasunezko animoen saioa egiteko, eta une horretan, ni harrituta lagaz, neska bat irribarretsu altxatu zen eta bai!, harekin dantzatuko zela. Hori ez zegoen gidoian. Nire lehengusua irribarretsu dantzan, morena txiki, baina itxurazko batekin eta ni zutabetik begira lelo aurpegiarekin. UMBERTO TOZZIk ilustratzen zuen eszena, oka egin arte errepikatzen zuen kalaka amorragarri harekin: “Te Amo, te aaamo”.

Bakarrik geratzea, minutu batzuetan baino ez bazen ere, ez zen gehien nahi nuena. Pose gogorra eta inguruarekin guztiz ezagutua marrazten saiatu arren, nire izurik handienak itzuli ziren. Diskoteka oro har lurralde makarra zen eta Young’s bereziki haien feudo faboritoetako bat. Sartu ginenetik,  bezero bolumena handituz zihoan eta aretoan egotea geroz eta deserosoagoa zen. Kea, lurrin oldarkorren nahasketa eta gradu etilikoak igotzeak tenperatura goratzen zuten unetik unera.

Argiak apalduak ziren ilunpera arte “agarraoa” girotzeko eta ispilu bola argi distirak islatzen hasi zen, zirkulutxo zuri euria paseatzen zen zirikalari bazter guztietan. Une batean bistatik galdu nuen ene lehengusua. JANE BIRKINen Je t’aime moi non plus abesti zakil-berotzailea entzuten zen, hainbeste hankarte zirraratu zituena eta dantzan zeudenek pista gainezkatzen zuten. Nik ez nekien non kokatu. Azarri hordi batzuek bultza egin zidaten pasatzean eupara pixka batez eta ni ez nintzen seguru sentitzen zutabean. Bulto ilunen artean zonbi gisa noraezean ibili ostean, serioski pentsatu nuen garaiz ihes egitea. Egia da, emanaldia ikusi gabe geratuko nintzen, baina nork goza zezakeen inguru hartan? Hala segituz gero ROLLING STONESek ere ez zuen merezi. Hori gutxi balitz legez, edari meleka hark, dantzaren astinduarekin batera, asaldatu samar nindukan. Aldiro iruditzen zitzaidan argi puntu mareatzaile haiek Pechotoro-ren ezker begia, eskuin belarria edo arrano sudur ezin nahastuzkoa erakusten zidatela. Baina nola joango nintzen ba Juampa han barruan utzita? Hura zoritxarra, ustez bera zegoen nire lurraldean eta ez alderantziz. Garbi zegoen Donostian zuen bizitzak bazituela nik ezagutzen ez nituen aldeak. Hainbesteko soltura diskoteka ezezagun batean ez zen gauza normala. Nahasmen une haietan gaueko lehen liskarra gertatu zen. Lehenbizi neskazko oihu aztoratu batzuk entzun ziren, eta ihes asmo bat. Zerbait bereizi ahal izan nuenerako, bi aurkariak elkarri irainka zeuden eta ttu egiten zuten aurpegiak furiaz ubelduta zituztela, eta beren kohorteek indar erakustaldiz aldentzen zituzten. Borrokalarietako batek, altu eta kaskailu, zeta gorri ikusteko bat zeukan alkandoran. Harritu egiten nau gogoratzeak areto hartan ez zela inolako ordena zerbitzurik. Zerbitzari batek, moztaka, trinkoa eta zirt-zart handikoa, aretorik bota zituen segundo batzuetan, aginte ganorazkoz eta inori ez zitzaion bururatu txistik esatea.

Eszena hura ikusten buru-belarri nengoen, nabaritu nuenean ezker ipurmasaila estutzen zidan gauza gogor bat. Izu korronte bat jabetu zen nire borondateaz eta nire barrabilak uzkurtu zituen miniaturaraino. Bera zen, bai, nire lehengusu pailazoa, begiak lurrunduta eta konbinatu txokolatero horietako bat esku banatan.
-Hik sartu didak sustoa, mongoloa!
-Eskuak okupatuta zeuzkaat... eta ez hadi kexatu, gasolina dakarkiat.

Ez dago esan beharrik arindu handia izan zela. Kezkatzen hasita nengoen beraren dantza uste baino urrunago joana ote zen eta orduan “ilunpean maniobra orkestralak” egiten ari zen. Ikusiak ikusita, ez ninduen asko harrituko. Halako gertaera batek ondo baino hobeto justifikatuko zuen nik abandonatzea, baina, egiaz, putada galanta izango zen.

Nire lehengusu kabroi puskak arratsaldeari ateratzen zion bai zukurik. Arrapaladan hartu ahal izan genituen “puff” batzuetan eserita, Juan Pablok berriz harritu ninduen iragandako minutu luze haien kontakizunarekin. Beraren bertsio arrapaladakoaren arabera,  neskak bi bider estutu zizkion titiak bularraren kontra eta ezpainekin ikuttu zion doi belarri inguruan...
-Leloa nauk, igotzeko esan banio, seguru nirekin batera etorriko zela erreserbatura.

Bekaitza. Sentitu nuena horixe izan zen, bekaitza. Lehengusutxoari ez nion inbidiarik izan sekula -eta ama neurea saiatzen zen bai saiatu- ez eskolaz kanpoko jardunik, ez ohorezko matrikula olderik, ez haren abestien txalorik, ezer ez, baina hainbesteko ausardiaz ezezagun bati dantza eskatzea eta honekin haragizko jarduna egin zezakeela pentsatzea bera... horrek, aitor dut, barrena jaten zidan.

Tragoak arindutako elkarrizketa alai hartan, Juan Pablok nik ezagutzen ez nituen gako batzuk sartu zizkidan. Zital halakoak dastatuak zituen zenbait gozamen haragizko, ez noski Emmanuelle-n agertzeko dina, berez ez ziren igurtzi batzuk eta musu iheskorren bat baino; luxuzko palmaresa zen, baina, entzuten zeukan ezjakin harritu harentzat. Gakoa irlandar udaldietan zegoen, nik hura irudikatua nuen tortura didaktiko jasanezinezko baten mende, familia natibo ezin sartuzkoetan.

Lehengusutxoak egundoko solturaz edaten zuen, solte eta “helduta” gutxi-usterik gabe, eta erne, bere balentriak kontatzen ari zela Lola pakete bat atera zuen alkandoratik, berez egiten den keinua eginez, eta zigarro bat piztu zuen estibatzaile baten teknika seguruz.

Ez zegoen zalantzarik, odol bereko izan arren, eta kilometro gutxitara bizi arren, bera hiriko mutila zen eta ni, hormigoizko oihan batean bizita, gainera herri bateko mutila nintzen, ikuitzak arrautzak. Arratsaldea aurreratu ahala, Juamparen itxura hain apain hura, hasieran hainbeste arduratzen ninduena, mundutarrago eginez zihoan. Orain orraztu gabea zegoen, apenas geratzen zen gomina arrastorik eta alkandora zeraman izerdi errekaz bustita eta zilborreraino irekia.

Juampa, lehen aldiz bere historia laburrean, bere kabuz ari zen lortzen nire amak bere bizitza osoan lortu ez zuena: nire miresmena. Bere egitandi sexual europarren kontakizunen artean, nik soilik ahopean esan ahal izan nuen gezur txikiren bat herriko festetan girotua -jakina-, asmatu ahal izan nuen egiantzekotasunik handienarekin -ez handiegia, beldur naiz-. Oyancas-eko zelaietan gertatu zen balizko zirri haren xehetasunez jakin-mina zuen unean, Mamy Blue-ren melodia sadikoa eten zuen disc-jockey berritsu batek, “40 Principales” eskolakoa, eta megafoniaz iragarri zuen laster agertuko zirela eszenatokian STORM taldekoak, “Sevillatik beren rock gogorrarekin”.

Ez, hari ez zitzaion erantzun poz oihu berebiziko batekin, ezta zerura altxatako ukabil itsaso batekin ere. Une horretan dantzarik gabe geratu ziren bikoteak nagi atera ziren pistatik amorru aurpegiz.

Kontzertu pentsaezin hura hain ahaltsu egin zitzaidan, batzuetan kosta egiten zait sinistea benetakoa izatea hura. Han ez zen liturgia aurrefabrikaturik ez made in London azken bideoklipetik kopiatutakorik. Rock kañeroa eta ikusgarria rara avis zen eta artean kaptazio fasean zegoen. Han geundenetako gutxiengo txiki batek baino ez genuen susmatzen ikusiko genuena, gainerakoek, ohiko olde diskotekeroak, bazuen ikusminik, baina ez mendetasunik. Egun hartan ikusi ahal izan nuen nola banda batek kostata lortzen zuen txaloa, melodia korutu bakoitza, pelbis mugimendu bakoitza, harik eta bis erabat zintzo gorgarria merezi arte eta, pospolotxorik eta zeremonia aurrez prestatutakorik gabe. STORM, izenak ongi zioenez,  energia ekaitza zen, erritmo atertu gabeko atseginetan emana. Lau tximadun beren postuak segurtasun osoz betetzen, zeinak abestiak aurkezten zituzten txandaka lehentasuna hartuz eta elkarri hitza kenduz erabateko aurpegiz. Hirurogeita hamargarren hasiera hartan derrigorrezkoa zenez. Bide eman zioten baita ere bateria soloari ere. Berdin zion JUAN BAUren kontzertua izatea edo LA CHARANGA DEL TÍO HONORIOrena. Perkusionistak hiru erredoble segidan lotzen baldin bazekien izorratua hengoen. Solo puta hura baliabide ezin hobea zen abeslariak atseden har zezan eta denborak aurrera egin zezan, hala, batakaren trebetasunen erakustaldi astunaren ostean, zetorren edozein abesti esker onez hartzen zen. STORM taldeak ere erabili zuen truku hori, baina beste era batera. Etsitzen hasia nengoen zartako gaindosia izango genuela, eta orduan tipoak salto egin zuen eszenatokitik eta guztiaren aurka bere makilekin errepikatzen hasi zen: baso, mahai, buru, lanpara, foku... hura bai hura! Artistak ezohiko zerbait lortu zuen: emanaldiaren ostean denek zuten mintzagaia... bateriaren soloa!

Jode, Nexus 6 replikanteak hau zioen Blade Runner-en: Nik ikusi ditut gauzak zuek sinistuko ez zenituzketenak. Ikusi ditut nabeak erasotzen garretan Oriondik haratago. Ikusi ditut C izpiak dirdirka ilunpetan Tannhäuser-ko Atetik gertu. Une horiek guztiak galdu egingo dira denboran... negar malkoak euritan bezala. Hiltzeko ordua da. Bada, nire ere -nago- izorratuko nau ederki hiltzeak, eta zalantzarik gabe esango dut zuzenean ikusi dudala STORM taldea Young’s Club-en.

Bai, baina ekitaldia aipagarria izanik ere, ez da hori kontatu behar nuena. Data hura neure gogoan iltzatzekoa zen gertaera bat baino gehiago zirela eta; nahiz eta esanguratsua izan neure lehen kontzertu fundamentuzkoa, ondoren etorri zenak bigarren mailan utzi zuen.

Diskoko argiak berriz piztu eta eszenario aurrean zeudenak sakabanatzen hasi ginenean hasi zen dena. Bat batean ulertu nuen, nire bizitza osoan baino alkohol gehiago edan nuela eta neure lehengusutxoak zeukan piura neurearen isla baino ez zela. Desmadratuak ginen bai, dantzatuak eta saltatuak eta estribilloak koroa eginak eta ospatuak abestien amaiera berebizikoak. Orain bat-batean bata bestearen aurrean geunden, izerditsu, sinesgaitz, lerdoki barrez, elkarri esan gabe esanez operazioa arrakastatsua izan zela. Aurrez ikusi gabe, lehen ilaran egonak ginen eta orduan burua kafetera bat irakiten bezala zegoen. Bizkarretik helduta bainurantz jo genuen, amonaren etxean egiten genuen bezala, telebistako doinutxo hura kantatuz: “Había una vez un barquito chiquitito que no podía, que no podía navegar”. Hura zen momentu handia, “urtebetetzeetan” gozatzen zuten umeen eta muturra azaltzen zuten gazteen artean. Eta bai, orduan gertatu zen.

Bainura hurreratu ahala,  bereiziz gindoazen atean agertzen zen irudia. Txulo plantan zegoen, esku bat aldakan eta bestea markoan pausatua. Laster onartu behar izan nuen horrore agerikoa. Barruko korronte batek erraiak korritu zizkidan eta zorabioaren atean utzi ninduen. Bai, bera zen, kaiman hortzak erakutsiz irribarrez, zetorkiona dastatuz delicatessen bailitzan. Itxura batean ezerk ez zion munduan hainbat plazer ematen ezen ni torturatzeak, klaseko galdera madarikatu bati erantzutera ausartzea besterik egin ez nuen alproja ezgauza hain zuzen.

-Goazemak!

Oihukatu nuen izutua Juamparen besotik tiraka. Irteera nola edo hala iristen saiatu ginen, baina laster ikusi genuen eszenatxoa ez zegoela inprobisatuta: bi ohiko morroik bidea eten ziguten atean bertan eta kalera atera gintuzten, zerbitzaririk ordena jartzera etorriko ez zen lekura. Une haietan izuak erabat gogortu ninduen. Berehala agertu zen Pechotoro pausu erlaxatuz eta keinu maltzurrez. Neure lehengusua eta biok erretenituta geunden bi kaikuk bihurritua baitziguten besoa bizkarraldearen aurka eta han pasatzen zen inor ez zen antza esku hartzeko asmotan.

-Ze, moteilek, apur bat ligetan?
Bi konpartsek barre egin zuten txiste on bat entzungo bailuten eta jefeak haserre itxura egin zuen:
-Ze pasatzen da? Ez al dostasue aituten? Gorrak zauzie ala nitaz paso egiten dozue? Hi, lau begi, kontestau, apur bat ligetan?

Makarrak delikatuki hartu zituen nire lehengusuaren betaurrekoak bi hatzekin eta lurrera eror zitezen utzi zuen. Guztiz eror zitezen baino lehen ostiko gogor bat eman zien eta errepideraino bidali zituen parabola eginez aparkatutako kotxeen gainean.
-Oh ene jainkoa! Hau zoritxarra! Zin egingo nuke kristal hautsien hotsa entzun dudala...

Orduan gertatu zen. Algara lerdoen eztanda betean, belaun iheskor bat iltzatu zen Pechotoro oharkabearen hankartean eta hau bihurkatu zenean ezusteko “o” bat ahoan zuela, Juampak buruko bat eman zion bete-betean aurpegian -bizi bazara- sekula ahazten ez diren horietakoa. Gaiztoetan gaiztoena muturra odoletan zuela ikusteak eta minez bihurkatua, eragin izan zuen bi sikarioen artean eta ihesi abiatu ziren bizkor kalean behera. Nire lehengusuak ez zuen jokaldia errematatu. Ziztu batean atera zen betaurrekoen bila eta berotu zen egiaztatzean -baietz- birrinduta zeudela. Neure begiak ez zeuden prestatuta horrelako eszena bat ikusteko. Juampablo bere biktimaren gainera oldartu zen, altxa zuen makarra zorutik paparretik helduta eta behin eta berriro zanpatu zuen han aparkatuta zegoen ibilgailu baten aurka.
-Zeinek ordainduko zidak hau, eh? (plof) zeinek? (plof), lelo bat haiz, aditzen? (plof), leloa (plof)...

Horrelaxe dira gauzak batzuetan. Juampa ezohiko hark, Mohamed Ali-k Sonny Liston nokeatu zuen bezala jardun zuenak, negarrari eman zion betaurrekoen zoria ikusirik. Eta une hartan asko miresten zuen memelo hau, kontsolatzen saiatzen zen, inoiz ikusiko nuela susmatuko ez nuen eszenarik harrigarrienetik urrundu ahala. Dardarka neuzkan hankak eta ezin nuen eragotzi sarri atzera begiratzea han segitzen zuela egiaztatzeko: Pechotoro, piltzar burumakur bat, zoladuratik auhenka.

Horixe dauka bizitzak. Zineak edo literaturak  amaiera garbia izan ohi dute ondorioak ateratzeko, eta aldiz, bizitzak aurrera egiten du lehentxeago edo geroxeago dena izorratzeko. Beraz, astelehen hartan ni puteatzen segi zuten, baina, bai, ahaleginaren indarra txikituz joan zen pixkana. Beste inozo batzuk sartzen ziren haren ikusmiran, eta gogaikarria sakabanatzen zen.

Neure lehengusua bere bizimodu donostiarrera itzuli zen, jai-desfileak eta lizeo frantsesa. Hori bai, sekula gehiago ez nintzen trufatu bere eskolaz kanpoko jarduerez, bereziki “ai-kido” hartaz, izan ere, ez baitzen inolako txorrada. Diskotekak ez ziren sekula izan nire aisialdiaren parte funtsezkoa, baina bai rock&rolla, loriazko urteak biziko zituena eta gehiengoaren txaloa jasoko.

Aldiro diskotekaren aurretik pasatzen naiz. Urteak dira ez dabilela. Kate uger batek lokalaren sarrera erdikusten uzten du eta han daude aritu ziren azken banden iragarkiak. Lau tipo daude kamiseta hawaiiarrak jantzita eta neska puska bulartsu bat, posterrean duten irribarre zoriontsua denborak egunez egun horiztatzen duela.


Into basque by bAst 2013