2013(e)ko otsailaren 26(a), asteartea

PHIL DUMPHY LAZTANA




Ty Burell (Phil Dumphy)
“Modern Family” telesaio arrakastatsuan lehenengoz ikusi zintudanetik guztiz harrapatuta naukazu. Zugan sumatzen dut milurteko berriko gizon askorekin zerikusia duen zerbait, gerra eta pobreziarik ez duzu ezagutu, bizitzak oro har  ongi tratatu zaitu eta orain pozik bizi zara emazte eta seme-alabekin, askotan ongi ulertzen ez dituzun arren. Agian hori litzateke arazo gehien ekartzen dizuna:  poztasuna erakustea amorragarria da askorentzat. Urrutira joan gabe, zure aitaginarrebaren gustuko izan nahiko zenuke, baina ez da erraza. Hura Vietnamen izan zen gudari eta Kolonbiako Gloria izeneko neska puska batekin ezkonduta dago, bera baino askoz gazteago batekin. Ez da morroi gaiztoa eta nola edo hala maite nahi zaitu, baina… ez zaio erraza egiten, antza. Zure etengabeko irribarreak, zure baldarkeriak eta batez ere zure txepelkeriak bere onetik ateratzen dute. Azken finean hura da lehengo gizonen eredu, eta zu, bere alaba kuttunaren lapurra.
Baina ez pentsa, Ed ez da zurekin urduri jartzen den bakarra. Nire inguruan ere, konturatu naizenez, zure izaerak ispiluarena egiten du, eta gehienetan ez zaigu gustatzen islatzen dena. Zergatik izango ote da hori?
Egia esateko, familiako aita zintzoa zara, seme-alabekin askotan ikusten zaitugu eta antzinako aitak ez bezala, “guay” izaten saiatzen zara, maiz barregarri geratzeraino.
Zugatik izango balitz, Phil maitea, sekula ez lituzkete bukatuko familia-udalekuak eta bertan, talde zuriaz lortutako garaipenak. Ez duzu gauza handirik behar zoriontasunera heltzeko: basket partida bat Lukerekin, zure seme… ezberdin horrekin, ezinezko munstroen pelikula on bat zure emazteaz edo luzaroan eta patxadaz berriketan egotea zure alaba Haleyren mutil lagunaz.
Ez Phil, ez, gizarteak askotan ez du ongi ulertzen zein zaila den gaur egun aita izatea. Ausarta nahi zaituzte eta nahiko daukazu gure koldarkeria gainditzearekin. Leiala nahi zaituzte tentazioak nonahi agertzen zaizkizunean (edo hori uste nahi duzu) eta nolabait betiko gizontasunaren ezaugarriei eutsi behar diezu (etxeko gauza guztiak nola konpontzen diren jakitea, lanean su eta gar aritzea…)
Hau dena gutxi balitz-edo, Phil, badirudi ez dagoela zugan aldarrikapenik. Hor dituzu koinatu-koinatak, haien alabatxo vietnamdarraz, gay harrotasunaren aroan garrantzizko joera aurrera eramaten, hor dituzu emakumezkoak, dagokien lekua berreskuratzen. Eta zein da zure jokaera garai mugikor hauetan, Phil gizagaixoa? Non kokatzen da orain ehiztariaren, gudariaren, indarraren eredua? Posible  al da hori guztia mantentzea ume-gurdiaz pasieran ibiltzen zaren bitartean?

Horrelakoak erantzuten ditugun bitartean, Phil, aitortu behar dizut barre eginarazten nauzula gutxik lortzen duten bezala. Ez nau harritzen Ty Burellek, zure pertsonaiak antzezten dituenak, horrenbeste sari jaso izanak. Baina egia esan, horrek ez du zurekin zerikusirik, Woody Allenek “The Purple Rose of Cairo” film  ahaztezinean  ongi irakatsi zigunez.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina