2013(e)ko martxoaren 4(a), astelehena

MALDAN BEHERA


Orain bai, esan daiteke. Txirrindularitza profesionalean dopina ez da lau katuren arteko gauza izan, oso zabalduta eta onartuta zegoen ohitura baizik. Era berean, orain arteko buruzagien ezezko gehienak gezurra besterik ez dira izan. Salbuespenak ez dira tranpatiak, tranpa egin ez dutenak baizik.

EITBn kiroletako lankidea dudan eta txirrindulari ohia den Xabier Usabiagak argi eta garbi utzi du idatzita: “Ohikoa zen. Iraganetik zetorren ohitura, bilakaera naturala. Beraz ez zegoen errudunik. Denak ziren errudun, aldi berean: babesle, manager, zuzendari, masaje emaile eta, nola ez, txirrindulariak. Denek joko berean hartzen zuten parte. Joko arauak berdinak ziren denentzat. Denak pozik. Lance Armstrong, bere belaunaldi osoa, eta aurreko eta ondorengo batzuk, horrela hazi eta hezi ziren, giro horretan” .

Badakigu, egia da, banakaren batzuk bakarrik aitortu dutela, baina Usabiagak azaltzen duenez: “Ez al duzue uste bere iruzurrak beste ziklistak kaltetu izan balitu, orain, Armstrongen lege haustura frogatu denean, denek joko luketela auzitara kalte ordain eske? Dirua eta tituluak. Lasai, ez du inork joko. Inork. Zergatik? Denak ziren sistema beraren biktima”.

Baten batek, arrazoi osoz, zergatik honelako zerbait orain arte salatu ez den galdetuko

luke. Orain dela gutxi arte ez da horren erraza izan. David Walsh izeneko kazetari britainiarra saiatu zen Lance Armstrongen egia erakusten. Auzia galdu egin zuen. Sunday Times egunkariak kalte-ordainak eman behar izan zizkion ziklistari. Estatu Batuetan ikerketa federala zabaldu zuten. Itxi egin zuten, ezer frogatu gabe.

Orain dena aldatu da. Hots, ziklista gehienak al dira tranpa izugarri batean gaizkideak? Ez al dute izan, urte hauetan guztietan, inolako damurik? David Millarden hitzetan: “ Denak ez gara berdin, gutariko hiru hil ziren ezin zutelako horrekin bizi: Marco Pantani, Chava Jimenez eta Frank Vandenbroucke dopinaren ondorio psikologikoengatik hil ziren eta honetaz ez da behar beste mintzatu”.

Baina xehetasunak behar izanez gero, hobe Jesu Manzanoren aitorpenak irakurtzea. Txirrindulari madrildarrak kirol aldizkari batean idatzi duenak honen guztiaren alderik ilunena erakusten digu. Atalen izenburuak besterik ez dira behar: “Bi aldiz hiltzear egon naiz”, “hazteko hormonentzat ez dago mugarik”, “Animalientzako hemoglobina eman zidaten”, “Badakit ez ditudala 50 urte beteko”.

Usabiagak esan zidanez, honengatik guztiagatik, ziklismoa osperik  txarrena ezagutzen ari da une honetan, hain justu ere, dopina zeharo desagertu denean. Lehiaketa handietan orain egiten diren markak, antzeko etapetan, jaitsi egin dira, izandakoekin alderatuta.

Baina ez dakit beranduegi ez ote den izango. Horrenbeste biografia zikinduta, horrenbeste egitandi faltsu, horrenbeste ondasun tranpaz bildua, horrenbeste gaztetxoren ametsak zapuztuta. Hau guztia ez da sententzia ziztrin eta eskas batekin konpontzen. Izandako salbuespen horiek dira benetako heroiak hemen. Izenak jakiteko garaia da. Beraientzat ospe eta ohorea.

Eta ziklismoaz bakarrik ari gara. Auskalo zenbat ustekabe ez ote ditugun izango oraindik. Berriz ere esaera zaharrak dioena bete da: “Tranpa paratu zuna, tranpan erori”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina