Nick Hornby |
Irakurle kuttuna: Datozen lerro hauek zuk
irakurtzerako, ezer gutxi faltako zait
gehien miresten dudan idazlearekin mahaia eta bazkaria partekatzeko. Egia esan,
izkiriatzen ari naiz hitzordua baieztatuta dagoelako, baina neuri ere kosta
zait egiatan, diotsuedana sinistea. Eta bitxia da benetan: Nick Hornby-ren
azken eleberrian horrelako zerbait gertatzen da baita ere. Juliet, Naked
nobelaren protagonista erremediorik ez duen mitomano hutsa da. Aspaldian
erretiratuta dagoen Tucker Crow izeneko rock-kantaria du idoloa eta haren
ibileraren arrastoa segitzeko behin eta berriz barregarri geratzeko gai da.
Gutxien espero duenean eta sekula imajinatuko ez zuen moduan, bere ametsetako
artista bat-batean sartzen da haren bizitzan eskema guztiak apurtuz.
Esan dizudanez bihar Nick Hornbyrekin –besteak beste–
bazkaltzeko konpromisoa hartua dut. “Bilboko Barrea” nazioarteko astearen
antolaketan dabilen emakume adeitsu batek, ia opari, horrelaxe egokitu du
inaugurazioko bazkaria. Nire aulkia idazle britainiarraren ondoan izango dut
eta ezin ukatu: hori dela eta, arnasa estututa dabilkit.
“Underground Umorea” gaiaz antolatu dira aurten jardunaldiak
eta hortik abiatuz Bilboratuko diren partaideen zerrenda sinestezina osatzea
lortu dute: Robert Crumb, Ouka Lele,
Javier Mariscal, Kiko Amat, Fernando Trueba, Nazario, Diego Manrique,
Pilar Adon, Sabino Mendez, Santiago Segura, Fernando Marías, Pablo Martinez
Zarracina, Nick Hornby... tira, barre
egiteko baino, gehiago da aho bete hortz geratzeko!
Euskal “underground”ik izan ote den aztertzeko asmoz
urriaren 3an ariko gara Fermin Muguruza, Gari eta hirurok euskaraz solasean.
Hala, eta nire Horbyrekiko mirespena tarteko dela, dator biharko topaketa.
Ziur aski ez zait komeni hau horren agerian uztea, baina
zer esango dizuet!, Alta fidelidad irakurri nuenetik, Nick izan da niretzat
ezinbesteko erreferentea. Interesatzen zaizkion gaiak maiz niri axola
zaizkidanak izaten dira. Berarekin ikasi nuen idazle batek irakurketa “erraza”
izan dezakeela, aldi berean sakona eta landua izanez. Fiebre en las gradas
liburuak ere, futboletik edo itxura batean azalekoa dirudien gai batetik
abiatuz gogoeta mamitsuak sor daitezkeela irakatsi zidan... Jakina, bere
argitalpen guztiak ez zaizkit era berean heldu, baina guztietan aurkitu dut
atentzioa eman didan zer edo zer. Egia esan, oro har, esker ona zor diot gizon
honi...
Eta orain zer. Seguru asko nekez egingo dut lo biharko
hizketaldia gogoan dudala, eta nire osatu gabeko ingelesak, gehi nire
urduritasunak eta lorik ezak, interesik gabeko mahai-konpainia bihurtuko nau,
funtsezko ezer esan ezinik utziz neu. Nire barnean bizi den mamu batek biharko
bazkaria bertan bera geratzea desiratzen du, etengabe aitzakiak asmatzen ditu
jantokira ez agertzeko eta “underground” ezkutatzea nahi du, baina, aldi
berean, saiatzen da esango diona entseatzen eta bere takikardietako Arsenal
taldearen aurtengo ibileraz jabetzen. Azken batean, horrenbesteko garrantzia al
du miresten duzun egilearen nolakotasunak? Erabateko aldaketa ekarriko al luke
bere lanarekiko dudan iritzian? Argitaratua den unetik autorea ez da bere
produktuaren jabe eta bere lanaren inguruko gogoetak ez dira hartzaileenak
baino pisu handiagokoak... hori da, hain zuzen ere, Nick Hornbyren azken
eleberrian ikasi nuena.
To be continued...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina