2013(e)ko urriaren 6(a), igandea

UNDERGROUND


Robert Crumb eta emaztea atzo Bilbon
Aste honetan Underground mugimenduari eskainitako jardunaldietan esku hartzea gertatu zait, bai kazetari eta bai hizlari, eta nire gaztaroko zenbait mitorekin topo egin dut ostera.

Aurkezpenaren egunean, Javier Mariscalek mikrofono guztiak inguratzen zituen bitartean, Nazario komikilariak apenas lortzen zuen “plumilla” pare baten arreta eskuratzea. Eta Mariscalek esan zuenez: “Bai underground garaian eta bai ostean, ni beti ondo bizi izan nintzen eta bizi naiz, baina nire lagun Nazariok ezin izango zuen berdin esan, homosexuala izateagatik kristoren jipoiak jasotzen zituelako, haien kontrako oso lege gogorra baitzegoen indarrean. Demokraziarekin batera, zorionez, underground zegoena argitara atera zen”.

Fermin Muguruza eta Garirekin batera 1980ko hamarkadan gertatutakoak gogoratzeko, berriz neurona bakarra astindu behar izan dut, nahiz, zoritxarrez, bizi izan ditugun gertaera batzuek (langabeziaren igoera, kutsu mediatikoa duten atxiloketa bortitzak) iraganeko mamuak ekarri dizkigute berriro.

Nazario eta Mariscal dagoeneko ez daude, ez, lurpean. Gari, Fermin eta hirukok ere ez. Eta are gutxiago Robert Crumb, Frantziako herri txiki batean “dolce vita”ri ekin diona edo “movida madrileña”ko bozeramaileak. Zorionez edo zoritxarrez, ezkutuan hazi ziren mugimendu horiek guztiek modu batean edo bestean bizirik irauten zuten, nolabaiteko boterea hartu nahi izan zutelako, eta nolabait lortu egin zuten.

Orduko bide nagusietan zebilenak ez gintuen batere betetzen eta agian jakinaren gainean izan gabe “alternatiba” izan nahi genuen.

Egun hauetan, bai hitzaldietan bai elkarrizketetan Internet behin eta berriz aipatu da. Oro har, askoren ahotsean entzun da honelako zerbait: “sareari esker gaur egun ez du zentzu handirik underground mugimendu batez mintzatzeak. Liburu bat argitaratzeko edo zure musika entzunarazteko edo komikiak zabaltzeko, gaur egun, ez dira beharrezkoak diskoetxeak, argitaletxeak edo fanzineak. Nahikoa duzu blog bat egitearekin edo zure kantak sarean eskegitzearekin. Gero hor dituzu sare sozialak zabalkundea emateko”. Baina honetan ere tranpa garbia sumatzen dut. Sarean ez dugu denok berdin jokatzen. Liga ezberdinak daude. Ohiko industria kulturalen jaitsierak, ez du benetako ordezkorik sarean, ez behintzat merkatu bat bizirik mantentzeko adinakorik. Egiaz gertatzen ari dena oso hitz sinple eta ezagun batekin labur daiteke: monopolioa. Auzoko liburu-dendak orain Amazon du izena eta disko-dendak I-Tunes edo Spotyfy. Esparru horietan dena eskuragai daukazu eta beti preziorik onenean. Egia da, hor daude gaztetxeetan mugitzen diren ekimenak edo banatzaile alternatiboak, baina diruaren parterik handiena urrutiratzen ari da egunez egun eta tokiko kulturgintza nekez saiatzen da aurrera jotzen, dagoen diru publiko eskasaren laguntzaz. Interneten bidez kulturarekin negozioa egiten ari direnek ez dute kulturan inbertitzen. Labur esanda, gaur egungo “underground”a lurpean usteltzeko arriskuan ikusten dut eta bitartean “mainstream”ak gero eta baliabide indartsuagoak ditu nonahi finkatzeko. Aste honetan hizlari izan garenok eman genuen “jauzia” -bakoitzak bere neurrian- nahiko garesti atera da. 

Bide batez: zoragarria Nick Hornby-rekin izandako bazkaria. Idazle aparta izateaz gain, oso tipo jatorra da. Baina hori beste kontu bat da.

          

 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina