Nick Hornby etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Nick Hornby etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko uztailaren 19(a), asteartea

NOT COOL


Paul McCartney bere Madrilgo ekitaldian
1967. urtean, munduan izan den talderik eraginkorrenak, The Beatlesek, “Seargent Peppers” diskoa argitaratu zuen. “When I’m Sixty Four”abestian, John Lennonek bere erretiroa nolakoa izango zen irudikatzen zuen: pozik biziko zen biloben zainketan eta udaro “cotagge” bat Wight uhartean alokatuz. Hirurogei urtekoen bizimodua, hirugarren adinekoa zen nolabait. Joan den hilean Paul McCartneyk Madrilgo Vicente Calderon estadioa mukuru bete zuen, musikariak hirurogeita hamalau urte betetzen zuen hilean hain zuzen. Lagun batek esan didanez, malko bat baino gehiago somatu zen tartean, berrogei mila eztarrik “Hey Jude” kantua aho batez jarraitzen zuten bitartean.
Ia konturatu barik 1960ko hamarkadako gazteria... zahartzarora heldu da. Bidean geratu dira asko, HIESA, heroina, minbizia, istripuak eta beste hainbat arrazoi direla medio, baina azken finean, askoz gehiago ziren aurreko belaunaldietan bidean geratzen zirenak. Ezinbesteko legea da, bai, gaztetasuna uste dugun baino azkarrago pasatzen da beti, baina hirurogeiko hamarkadan, lehenago inoiz ez bezala, gaztetasuna gurtua izan zen.
Hamarkada hartan, besteak beste, Erresuma Batua ezinbesteko erreferente bihurtu zen Europa osoan. Garaiko hogeitaka urtekoek ez zuten jada poeta tristerik ez kantautore existentzialistarik bilatzen. Lehenengo aldiz, belaunaldi askotan zehar, urte horietako gazteek bazuten gastatzeko sosik eta euren arbasoek ezagutu ez zuten zerbait: dibertitzeko eskubidea. Europa nekatu eta zaharkitu batean, modernotasun gosea zegoen: Beatles, Rolling Stones, Carnavy Street, minigonak, Wight irlako jaialdia, psikodelia, Mary Quant, Monthy Piton, Bobby Charlton... gerra osteko depresioa ahazteko irrikan zeuden eta munduko gazte askoren begiak pil-pilean zebilen Londres hiriari begira jarri ziren.
Besteak beste gai honetaz ari da Nick Hornbyren azken eleberria, “Funny Girl”. Nola kudeatu zahartzaroa zure belaunaldiko ikurra gaztetasuna izan ondoren. Honela dio liburu honen paragrafo batek:
“Zentzugabea zen zahar bihurtzea -pentsatu zuen Sophiek- zentzugabea eta okerrekoa. Agureen oroimenak zuri-beltzean ziren eta horietan gerrak, kabaretak, gaixotasun ikaragarriak eta kandelak agertzen ziren. Beraren oroimenak, ordea, koloretsuak ziren eta horietan ozenki entzundako musika zegoen, eta diskotekak eta Marlon Brando gurinarekin”...
Horietako artista asko hirurogeita hamar urtetik gorakoak dira dagoeneko: Mick Jagger, Keith Richards, bizirik dirauen Beatles taldekoak, Marian Faithfull, Ian Anderson... Pete Thousend, Roger Daltrey – “hil nahi dut zaharra izan baino lehenago” abesten jarraitzen duena-...
Orain, horrenbeste jenderentzat ispilu izan den herrialdeak gugandik urruntzea erabaki du. 1977. urtean amorrua sentitu nuen Londreseko aireportuan“gainerako herrialdeak” izeneko ilara luzean jarri behar izan nuelako. Orain mundu osoa egongo da sarturik bigarren izendapen horretan. Britainia Handian nagusi bihurtu dira atzerritarrarekiko mesfidantza eta inperio zaharraren oroitzapena. Bere musika taldeak ere nekosoagoak bilakatu dira. Ez dira horren “cool” jada.   The Clashek abesten zuen legez:  “All that phoneyBeatlemania has bitten the dust” (Beatlemania faltsu horrek lur jo du).
                    

2014(e)ko apirilaren 22(a), asteartea

ITZULPENEAN GALDUA




"Mejor Otro Día", "A Long Way Down" liburuan oinarriturik
Bi sagu zine bateko sotoan zeuden zeluloide zinta bana gogotik marraskatzen. Bat- batean horietako batek besteari galdetzen dio:

-Zer, gozoa al dago?

Eta besteak:

-Tira! Liburua askoz hobea zegoen.

Txiste zahar horretan bezala, eleberri batean oinarritzen diren pelikulek nekez lortzen dute liburuak behar den moduan islatzea. Ez da lan erraza, jakina: berrehun eta berrogeita hamar orrialdeetan  kontatzen dena ordu eta erdian laburtzea, literaturaren lengoaia zinera itzultzea, eleberrian marraztu diren pertsonaiak antzezteko gai diren aktore egokiak bilatzea...

Aste honetan estreinatu berria den Long Way Down(Mejor Otro Día) pelikula ikusten nengoelarik, aurreko burutazio horiek izan nituen.

Laugarren aldiz Nick Hornby britainiarrak idatzitako nobela bat zinera eraman dute. Oraingo honetan suizidioa da gai nagusia. Beren buruaz beste egin nahi duten lau gizakume Londres hiriko “puntu beltzean” elkartzen dira kasualitatez, Gabon zahar egunean. Hor bertan paktu bat sinatuko dute: San Valentin egunera arte ez dituzte beren buruak hilko.

Gainerako moldaketetan bezalatsu, honetan ere “zerbait falta den” ohiko inpresioarekin geratu nintzen, baina honetan, gainera, mamitik zerbait lapurtzen zidatelakoan nengoen. Gauza bat da komedia beltza egitea, eta beste bat, suizidioa den bezalako gai batekin azalean geratzea. Liburuan, nahiz Hornbyren onena ez izan, komediaren eta dramaren arteko oreka mantentzea lortzen da, baina pantaila handira pasatzerakoan badirudi ikusleria handienetarako filmetan ertzak biguntzeko joera dagoela. Bost axola milaka hildako agertzea tiroketa baten ondorioz, baina suizidioaren arrazoietan sakontzean, aldiz, ... kontuz.

Eta gero bikoizketa dago. Nik ez dakit betiko bikoiztaileak erretirora pasatzen ari direlako izango den  ala agian LTDri esker jatorrizko bertsioa ikusteko ohitura hartzen ari naizelako izango den, baina gero eta gogorragoa egiten zait halako ahots tentelak entzutea. Duela gutxi Espainiako Bikoizketako Profesionalen Federazioak protesta egin du Toni Cantok bikoizketaren debekuaren aldeko adierazpena egin duelako. Argitaratu duten agirian, ulertzekoa denez, haien ibilbidearen defentsa egiten dute eta Cantori aktore askorentzat funtsezkoa den zeregina akabatu nahi izatea leporatzen diote. Baina gure zinema aretoetatik ia guztiz desagertu dena, jatorrizko bertsioa da.             

Eta ez da bikoizketa bakarrik. Badirudi zinerako lan egiten duten zenbait itzultzaile, inork egiten ez duen hizkuntza arrotz bat zabaltzeko teman hasita daudela.

Egia da. Bikoizketa ez da frankismoaren asmakizuna, bigarren errepublikan sortu omen zuten, baina argi dago helburu politikoekin bultzatua izan dela.

Jatorrizko bertsioa bultzatzeko arrazoiak ez dira falta: Belarriak beste hizkuntzetara ohitzea, aktoreen benetako lanaz gozatzea, hizkuntza ezberdinak agertzen diren eszenetan nahasteak saihestea...

Hala eta guztiz ere, argi dago, gehiengoak nahiago du atzerrian egiten diren pelikulak bikoiztuta ikusi eta euskararen kasuan ezinbestekoa ematen du, fikzioa gure hizkuntzan entzuteko ohitura sendotzeko beharrean gaudelako, baina gaur egun, gure etxeetan edozein pelikula, jatorrian egin den moduan dastatzeko aukera dugularik, hain zaila izango al zen zine aretoetan bat-bateko itzulpenaren aukera izatea?  








2013(e)ko urriaren 14(a), astelehena

IXO!



Zutabe honen irakurleok dakizuenez, berriki Nick Hornby-rekin bazkaltzeko aukera izan dut. Ez da niretzat edozein gauza izan. Patua eta Bilboko Barrea jardunaldien antolatzaileak nire alde jarri ziren, gaur egun gehien miresten dudan idazlearen ondoan jesartzeko. Nire aurretiko beldur guztiak laster desagertu ziren. Aurkezpenak egin ondoren alboan neukan pertsonaiaren jarrera ezin atseginagoa izan zen. Lasai-lasai sortu ziren solasean Arsenal eta Athletic, Ruben Blades eta Regina Spektor, Nazioarteko Brigadak, eta Mediterraneoko kostaldeko turista britainiarrak. Hizkuntza ez zen oztopo gertatu elkar ulertzeko eta ondokoen laguntzaz gai batetik bestera egin genuen jauzi, aparteko zailtasunik gabe.
Solasaldiaren une batean ulertezina egin zitzaidan zerbait bota zuen: “Badirudi norbait kolpeka dabilela... agian giltzapean sarturik dago aurreko bazkariren batean protesta egiteagatik...”. Inguruan geundenok, guztiok, aho bete hortz geratu ginen zertaz ari zen jabetu arte. Alboko gelaren batean norbait kolpeka ari zen, paretaren kontra mazo batez ari balitz bezala, baina bitxiena zen ordura arte idazleak bakarrik aditu izan zuela. Horren ohituta al gaude zaratarekin, ezen jada konturatu ere ez garen egiten? Aspalditik entzuna dugu oso herrialde zaratatsuan bizi garela, baina Hornby berak esan zuenez -agian erlatibizatzeko asmoz- ezberdintasun bakarra, ezagutzen dituen hirietan, “zarata motan” datza. New Yorken adibidez, jasanezina egiten zaio haizeak etxe-orratzetako goi aldeko pisuetan sorrarazten duen hotsak.
Hurrengo egunean Kiko Amatek egin zion elkarrizketan honako hau bota zuen: “Orain nire arazorik handiena, zerbait berria prestatzerakoan, kontzentrazioa da. Nik badaukat bulego txiki bat bereziki apainduta idazteko. Hor ez daukat ez telebistarik ez irratirik. Baina ordenagailuan tentazio ugari dago, klik pare batekin saltoki handiak, diskodendak eta gainerako eskaintzak eskura dauzkazu, gehiegitan nire burua horrelako oihanetan galtzen da”.
Kontzentrazioa. Nola garestitu den. Erasoak nonahi. Sakelako telefonoen “tutuak”. Kafe makinen burrunba, hari musikala, mota guztietako ospakizunen diktadura zaratatsua, telefonoz egindako publizitate-eskaintzak, gaueko eztabaida ezinezkoak bafleetatik sortzen den danbada gainditu ezinik... 
Bai, inguruan dauden zaratak hor daude, jakina, baina baita gu geuk aukeratzen ditugunak ere. Isiltasuna ez dago modan. Hausnarketa lasai eta sakonak ere ez. Metroko bagoietan edota mendiko ibilaldietan gero eta ugariagoak bihurtu dira aurikularrak. Telebistan, ohiko ziren hizketaldi sakonak, “La Clave” eta antzeko telesaioetakoak, oilategi zalapartatsuetako liskarrek ordezkatu dituzte. Badirudi zabalduta dagoen goiburua honelako zerbait dela: “Kontuz, ez egon luzaroan isilik, deprimitu egin zaitezke eta”.                  
Bai, badakit, horrenbeste urtetan rock talde batean aritu dena agian ez da aproposena isiltasunaren goraipamena egiteko, baina nola esan, abestiak konposatzeko, hitzak osatzeko, musika indartsua  bera nolakoa izango den irudikatzeko, bakea eta zaratarik eza ezinbestekoak dira baita ere, kontrajarriak iruditu arren. Herri-jakinduriak oso ondo utzi zuen esanda: “Zarata handia denean, zarata bera bakarrik handi”.  

2013(e)ko irailaren 29(a), igandea

NICK HORBYREKIN BAZKARIA


Nick Hornby
Irakurle kuttuna: Datozen lerro hauek zuk irakurtzerako,  ezer gutxi faltako zait gehien miresten dudan idazlearekin mahaia eta bazkaria partekatzeko. Egia esan, izkiriatzen ari naiz hitzordua baieztatuta dagoelako, baina neuri ere kosta zait egiatan, diotsuedana sinistea. Eta bitxia da benetan: Nick Hornby-ren azken eleberrian horrelako zerbait gertatzen da baita ere. Juliet, Naked nobelaren protagonista erremediorik ez duen mitomano hutsa da. Aspaldian erretiratuta dagoen Tucker Crow izeneko rock-kantaria du idoloa eta haren ibileraren arrastoa segitzeko behin eta berriz barregarri geratzeko gai da. Gutxien espero duenean eta sekula imajinatuko ez zuen moduan, bere ametsetako artista bat-batean sartzen da haren bizitzan eskema guztiak apurtuz.

Esan dizudanez bihar Nick Hornbyrekin –besteak beste– bazkaltzeko konpromisoa hartua dut. “Bilboko Barrea” nazioarteko astearen antolaketan dabilen emakume adeitsu batek, ia opari, horrelaxe egokitu du inaugurazioko bazkaria. Nire aulkia idazle britainiarraren ondoan izango dut eta ezin ukatu: hori dela eta, arnasa estututa dabilkit.

“Underground Umorea” gaiaz antolatu dira aurten jardunaldiak eta hortik abiatuz Bilboratuko diren partaideen zerrenda sinestezina osatzea lortu dute: Robert Crumb, Ouka Lele,  Javier Mariscal, Kiko Amat, Fernando Trueba, Nazario, Diego Manrique, Pilar Adon, Sabino Mendez, Santiago Segura, Fernando Marías, Pablo Martinez Zarracina, Nick Hornby...  tira, barre egiteko baino, gehiago da aho bete hortz geratzeko!

Euskal “underground”ik izan ote den aztertzeko asmoz urriaren 3an ariko gara Fermin Muguruza, Gari eta hirurok euskaraz solasean. Hala, eta nire Horbyrekiko mirespena tarteko dela, dator biharko topaketa.

Ziur aski ez zait komeni hau horren agerian uztea, baina zer esango dizuet!, Alta fidelidad  irakurri nuenetik, Nick izan da niretzat ezinbesteko erreferentea. Interesatzen zaizkion gaiak maiz niri axola zaizkidanak izaten dira. Berarekin ikasi nuen idazle batek irakurketa “erraza” izan dezakeela, aldi berean sakona eta landua izanez. Fiebre en las gradas liburuak ere, futboletik edo itxura batean azalekoa dirudien gai batetik abiatuz gogoeta mamitsuak sor daitezkeela irakatsi zidan... Jakina, bere argitalpen guztiak ez zaizkit era berean heldu, baina guztietan aurkitu dut atentzioa eman didan zer edo zer. Egia esan, oro har, esker ona zor diot gizon honi...

Eta orain zer. Seguru asko nekez egingo dut lo biharko hizketaldia gogoan dudala, eta nire osatu gabeko ingelesak, gehi nire urduritasunak eta lorik ezak, interesik gabeko mahai-konpainia bihurtuko nau, funtsezko ezer esan ezinik utziz neu. Nire barnean bizi den mamu batek biharko bazkaria bertan bera geratzea desiratzen du, etengabe aitzakiak asmatzen ditu jantokira ez agertzeko eta “underground” ezkutatzea nahi du, baina, aldi berean, saiatzen da esango diona entseatzen eta bere takikardietako Arsenal taldearen aurtengo ibileraz jabetzen. Azken batean, horrenbesteko garrantzia al du miresten duzun egilearen nolakotasunak? Erabateko aldaketa ekarriko al luke bere lanarekiko dudan iritzian? Argitaratua den unetik autorea ez da bere produktuaren jabe eta bere lanaren inguruko gogoetak ez dira hartzaileenak baino pisu handiagokoak... hori da, hain zuzen ere, Nick Hornbyren azken eleberrian ikasi nuena.

To be continued...