2013(e)ko urriaren 14(a), astelehena

IXO!



Zutabe honen irakurleok dakizuenez, berriki Nick Hornby-rekin bazkaltzeko aukera izan dut. Ez da niretzat edozein gauza izan. Patua eta Bilboko Barrea jardunaldien antolatzaileak nire alde jarri ziren, gaur egun gehien miresten dudan idazlearen ondoan jesartzeko. Nire aurretiko beldur guztiak laster desagertu ziren. Aurkezpenak egin ondoren alboan neukan pertsonaiaren jarrera ezin atseginagoa izan zen. Lasai-lasai sortu ziren solasean Arsenal eta Athletic, Ruben Blades eta Regina Spektor, Nazioarteko Brigadak, eta Mediterraneoko kostaldeko turista britainiarrak. Hizkuntza ez zen oztopo gertatu elkar ulertzeko eta ondokoen laguntzaz gai batetik bestera egin genuen jauzi, aparteko zailtasunik gabe.
Solasaldiaren une batean ulertezina egin zitzaidan zerbait bota zuen: “Badirudi norbait kolpeka dabilela... agian giltzapean sarturik dago aurreko bazkariren batean protesta egiteagatik...”. Inguruan geundenok, guztiok, aho bete hortz geratu ginen zertaz ari zen jabetu arte. Alboko gelaren batean norbait kolpeka ari zen, paretaren kontra mazo batez ari balitz bezala, baina bitxiena zen ordura arte idazleak bakarrik aditu izan zuela. Horren ohituta al gaude zaratarekin, ezen jada konturatu ere ez garen egiten? Aspalditik entzuna dugu oso herrialde zaratatsuan bizi garela, baina Hornby berak esan zuenez -agian erlatibizatzeko asmoz- ezberdintasun bakarra, ezagutzen dituen hirietan, “zarata motan” datza. New Yorken adibidez, jasanezina egiten zaio haizeak etxe-orratzetako goi aldeko pisuetan sorrarazten duen hotsak.
Hurrengo egunean Kiko Amatek egin zion elkarrizketan honako hau bota zuen: “Orain nire arazorik handiena, zerbait berria prestatzerakoan, kontzentrazioa da. Nik badaukat bulego txiki bat bereziki apainduta idazteko. Hor ez daukat ez telebistarik ez irratirik. Baina ordenagailuan tentazio ugari dago, klik pare batekin saltoki handiak, diskodendak eta gainerako eskaintzak eskura dauzkazu, gehiegitan nire burua horrelako oihanetan galtzen da”.
Kontzentrazioa. Nola garestitu den. Erasoak nonahi. Sakelako telefonoen “tutuak”. Kafe makinen burrunba, hari musikala, mota guztietako ospakizunen diktadura zaratatsua, telefonoz egindako publizitate-eskaintzak, gaueko eztabaida ezinezkoak bafleetatik sortzen den danbada gainditu ezinik... 
Bai, inguruan dauden zaratak hor daude, jakina, baina baita gu geuk aukeratzen ditugunak ere. Isiltasuna ez dago modan. Hausnarketa lasai eta sakonak ere ez. Metroko bagoietan edota mendiko ibilaldietan gero eta ugariagoak bihurtu dira aurikularrak. Telebistan, ohiko ziren hizketaldi sakonak, “La Clave” eta antzeko telesaioetakoak, oilategi zalapartatsuetako liskarrek ordezkatu dituzte. Badirudi zabalduta dagoen goiburua honelako zerbait dela: “Kontuz, ez egon luzaroan isilik, deprimitu egin zaitezke eta”.                  
Bai, badakit, horrenbeste urtetan rock talde batean aritu dena agian ez da aproposena isiltasunaren goraipamena egiteko, baina nola esan, abestiak konposatzeko, hitzak osatzeko, musika indartsua  bera nolakoa izango den irudikatzeko, bakea eta zaratarik eza ezinbestekoak dira baita ere, kontrajarriak iruditu arren. Herri-jakinduriak oso ondo utzi zuen esanda: “Zarata handia denean, zarata bera bakarrik handi”.  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina