2014(e)ko apirilaren 7(a), astelehena

BREAKING BAD



Breakin Bad



Gaizto bihurtzea. Zeinek ez du bere burua eginkizun horretan irudikatu? Zeinek ez du pentsatu bere barruan bizi den gaizkilea ateratzea izorratzen zaituen norbaiti bereak eta bi ematearren? Antzerkia, literatura, zinea, egun batetik bestera gaizto bilakatu diren pertsonaiez beteta daude. Eta ezin erakargarriagoak izaten dira hauek.
Alejandro Dumasen Montekristoko kondea bertutezko gizona zen, baina azpijokoak zirela medio, etsaiek betiko sartu zuten urrutiko irla bateko espetxe-gazteluan. Patuak mendekuaren plater hotzak dastatzeko atea zabaldu zion eta milaka irakurlek, urteetan zehar, berak asmatu zituen gaiztakeriekin gozatu izan dugu, haurtxoak titian bezala.
Txikitako heroien artean ere, ugari dira halakoak: El Fantasma, Tulipan Negro, El Zorro, Batman... guztiak bihotz oneko gizakiak, egunen batean euren kontu hartuko zutenak justizia, gaizkiaren biktimak izan ondoren.
Gure irakasleek guztiz kontrako istorioak kontatzea nahiago zuten: gaizkileak eta emagalduak santu eta done bilakatzen zirela... aharrausi egiteko modukoa.   
Nire belaunaldiko mutikoek, Kung-Fu telesaioa maite genuen oso. David Carradin protagonista zuen abenturetan, indarkeriarik ezaren mezua saltzen omen zen. “Matxinsalto txikia” ekialdean irakatsitako arte martzialetan aditua zen, baina inoiz ez zituen alferrik  erabiltzen. Hortaz,  atal osoan zehar gorriak eta bi jasaten zituen inolako erantzunik eman gabe... baina azkenean, denok irrikitan geundenean, bortizkeria erabili zezan desiratzeraino, ostiko eta zartaden jai alaia lehertzen zen biba eta txalo artean.      
Gerrillari eta bidelapurren hainbat biografiatan ere horrelako ibilaldiak errepikatzen dira.  Izan ere Jesukristok berak bortizki bota behar izan zituen fariseuak tenplutik, bere bizitzaren argumentua guztiz borobila eta sinisgarria ager zedin.
Egun hauetan ahoz aho dabil Breaking Bad telesaio aparta. Bertan, Walter White izeneko irakasleak gogor egiten du lan bere familia aurrera ateratzeko. Seme minusbaliatu baten aita da eta haren emaztea haurdun dago. Egun batean biriketako minbizia daukala jakinarazten diote. Nola edo hala diru mordoa lortzeko premia du. Bere antzinako ikasle baten eskutik datorkio aukera. Familiaburuak bere kimika-adimena erabiliko du lehen mailako meta-anfetamina lantzeko. Konturatzen denerako bere burua krimen munduan leporaino sartuta ikusiko du. Denbora pasa ahala bere lehenengo helburuak (tratamendua ordaintzea, familia babestea) aitzakia besterik ez dira izango.
Ongiaren alde gaizkia egitea: erabateko kontraesana. Zuzenbide Estatua bera kriminala bilakatzen da krimenaren kontra bere legeak bortxatzen dituenean.
Ongia eta gaizkiaren arteko muga, mehea bezain lausoa. Nire haurtzaroan nonahi entzuten zen “Viva la Gente” abestian, honako hau kantatzen zen: “Dentro de cada uno/ hay un bien y hay un mal/ Mas no dejes que ninguno/ Ataque a la humanidad”... Ongia ere gizakia erasotzeko gai al zen? Ez nuen ezer ulertzen. Orain aldiz, uste dut badakidala zer esan nahi zuen eliza-kutsuko kanta horrek (nahi gabe agian): Ongiaren alde gaizkia egitea ez da benetan ongiaren alde egitea... Ongia eta gaizkiaren arteko marra gorria ekintzetan datza. Ez iezadazu esan zer pentsatzen duzun, zer egiten duzun baizik. 


2 iruzkin:

  1. Ez dut inoiz ikusi "breaking bad" bainan zurea irakutzen konturatu naiz batzuetan premiak behartzen zaituela. Eta, horrez gainera, "viva la gente" abestian mezu izkutua zegoela: zure ontasuna erasotzailea izan daitekela. Uh, latza.

    ErantzunEzabatu
  2. Ba erabat gomendatzen dizut. Ez da batere zaila on-line ikustea eta ingelesa praktikatu nahi baduzu azpitituluekin ikusi dezakezu. Hori bai, batzutan tripek sufritzen dute...

    ErantzunEzabatu