Portugaleteko jeitsiera 1977 |
URTEAK pilatzen diren heinean zaila bihurtzen da urte
zehatz bate-
tan zertan genbilen gogoratzea.
Norbaitek 1994 urtean –esate baterako– zer egiten nuen
galdetzekotan, egia esan, ezer gutxi izango nuke erantzuteko.
Baina nerabezaroko urteak argi eta garbi buruan finkatuak
geratzeko ohitura dute. Bizirik eta sasoian nagoen bitartean 1977. urteak
ahaztezin jarraituko du nire baitan. Hamazazpi bete nituen urte hartako martxoan
inguratzen ninduen guztia itxuraz aldatzeko lasterketa zoroan zebilela zirudien.
Aurreko urteak nahiko potrosoak izan ziren, egia esan.
Haurtzaroaren amaierarekin batera, Egiptoko izurriteak izango bailiran, ezbeharrak
pilatu ziren kupidagabe: lehenengo porrotak Batxillergoan, uda ziztrinak akademiaz-akademia,
ziurtasunik-eza,
aspertzea… Baina astroak ilaran jarriko ziren inoiz
ahaztuko ez dudan urte kuttun hartan, bizitza merezi duen zerbait dela
iragartzeko.
1977. urtean kazetaritza ikasten hasi nintzen.Izan ere,
klaseak, salbuespenak salbuespen, erabat etsigarriak suertatu ziren, baina eguneroko
bidaiak, garai hartan horren urrun zegoen fakultateraino, ezkerraldeko koadrila
aparta koskortzea lortu zuen. Lagun-tal-
de horren inguruan beraien artean zerikusi handirik ez
zuten ekimenak sortuko ziren: mus-partidak, mota guztietako dastatzeak,
militantziak, jaialdi antolatzeak, ikasteko bilerak
(zeinetan batzutan ikasten genuen eta guzti), fanzine baten elaborazioa… Urte
magiko hura punk mugimenduarena izango zen. Ordurarte
rock musika zen eguneroko bizitzaren miseriak gainditzeko lagun-
tzen ninduena, baina do it yourself lelopean sortu zen
mugimendu horrek gure talde propioa egiteko ateak zabaldu zizkigun.
1977. urtean nire atzerrirako lehen bidaia egin nuen,
Britainia Handira, hain zuzen. Ikasleentzako lan-zoroetara joan nintzen,
Imanol Martin, nire orduko lagun minarekin. Ez genituen
aski begi aurpegietan horrenbeste nobedadekin gozatzeko. Asteburuetan London
aldera zuzentzen ginen eta hor Zero Urtea deitzen zutenaren bitxikeria guztiak
dastatzeko aukera izan genuen… Nabaria zen belaunaldi oso bat kalea hartzeko
irrikitan zegoela, hippien garaia behin-betiko gainditzeko asmoz. Santurtzira
bueltatu ostean, berehala sortu zen geure taldea osatzeko ideia, erdi
txantxetan hasi zena, urteak pasa ahala nire bizitzaren
ardatz bihurtuko zen egitasmoa.
Baina urte horretako gertakarien zerrenda ez da amaitu.
Abuztuan Portugaleteko jaitsieran hartu nuen parte lehenengo aldiz. Txi-
kitatik mitifikatuta nuen jai hori, nolabait heldutasunera
heltzea suposatzen baitzuen.
Baina zer edo zer falta zitzaidan 1977koa urte biribiltzat
hartzeko.
Uda ostean udazkena heldu zen eta, berarekin, neguko
arropen garaia, gorputzak berriro goitik behera guztiz estalita ikusi
genituela. Joandako udarako baneukan sinaturik ezkutuko
paktu bat nire buruarekin:
1977 izango zen nire lehen musuaren urtea, bestela,
ezinbestean, argi gorriren bat piztuko zen nire gogoan.
Eta irailean gertatu
zen. Urte osoan zehar nire ametsik ederrenetan agertzen zen neskak, “nire
herriko neskatxa maite”, Benitok esango lukeen moduan, baietz esan zidan (edo,
hobeto esanda, ez zidan ezetz esan), eta kaia barrenean, Karmengo Ama Birgina
lekuko, nire lehen musua (egiazko musua) eman zidan, eman nion, gau hotz
eta eder (ezin ederrago) batean. Musu baldarra, urduri
xamarra eta apur bat mozkortia, baina, bitxia bada ere, betirako hobere-
na izango dena. Ezbairik ez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina