Oriol Jauregia, joan den mendearen hasieran |
Txikitan askotan gure fantasien gaia zen hura. Oriol familiaren jauregia.
Garai hartan haren itxura ezin beldurgarriagoa zen. Sasi artean erdi ezkutaturik,
hormak arrailez josita zeuden. Familian entzuna nuenez, joan den mendearen
hasieran ohikoak ziren bertan festak eta dantzaldiak. Artean Santurtzi eta Portugalete zenbait
jauntxoren oporraldien mapan zeuden eta Orioldarren etxetzarrak aparteko distira
zuen guztien artetik.
Itsaslabarraren gainean harro altxaturik, 1902. urtean egindako palazioak Abrako
badia osoa zuen ikusgai bere aurrean. Alboko irteera batetik, eskailera dotore
batzuetatik, Portugaleteko hondartzaraino jaits zitekeen.
Baina mendea aurrera zihoan heinean, industrializazioa erabat aldatzen ari
zen Ibaizabalen ezker ibarra. Hondartza zegoen tokian eskola nautikoa eraiki
zuten eta eskaileren tokian harkaitza zulatu zuten tunel bat egiteko, Bilbotik
zetorren trena pasa zedin. Egun batetik
bestera familiak bertan behera utzi zuen eraikina.
Urteak bizilagunik gabe egon ondoren, lapurrek barnekoak hustu zituzten eta
udaletxeak sarrerak itsutzea erabaki zuen, txakur pare bat zainketan jarriz.
Nik dakidanez, urte luze haietan ekitaldi bakarra antolatu zen lorategian:
Karinaren emanaldi bat. Korporazio frankistak herri guztia bete zuen artistaren
posterrekin, soilik gonbidatuentzat antolaturiko kontzertu bat iragartzeko.
Denbora pasa ahala legendak eta kondairak ugaltzen ziren: “Familiak etxea
aldera utzi zuen haien neskamea hondartzan agertu zelako hilda eta oraindik, batzuetan,
haren oihuak entzun daitezke laguntza
eske” edota “Ijito batzuek lapurtzera zihoazela mamua ikusi zuten”... Esan gabe
doa, garaiko mutikoentzat guztiz
erakargarri bihurtu zela inguru hori eta bisita egiteko planak (gehienetan
planetan geratzen zirenak) mintzagai genituela sarritan.
Milurteko berriarekin batera miraria gertatu zen: horrenbeste baserri eta
etxe zahar lurrera bota diren herrian, Oriol Jauregia berpiztu egin zen gure
begi sinesgogorren aurrean, lau izarretako hotel bilakatzeko. Gure amesgaiztoko
protagonista zenak, bere antzinako ospea berreskuratu zuen herritar guztiak aho
bete hortz utziz.
Esandakoan oinarriturik, “Vacaciones en Santurtzi” izeneko ipuina idatzi
nuen. Gaztaroan etxe horretara egindako gaueko txangoa kontatzen zen. Nire auzokide
batek eta biok lorategiko iturri baten
gainean amaitzen genuen, txakurren aurrean ziztu bizian korrika egin eta gero.
Jende askoren gustukoa izan omen da, gehienbat jauregiarekin inoiz amets egin
zutenen artean.
Lehenengo bertsioa prentsa idatzian argitaratu zen, udako ipuin horietako baten
eran. Gero udaletxetik deitu zidaten liburuxka moduan argitaratzeko asmoz eta
NH Oriol hotelekoek horren berri izan zutenean bertan aurkezpena egitea
proposatu zidaten.
Orain Gironako “URH & Co. Hoteliers” enpresak hartu du
hotela bere gain eta nire harridurarako ipuinaren beste berrargitalpen bat egin
dute. Joan den astean festa bat antolatu zuten etapa berriaren hasiera
ospatzeko: aktoreak, Elai-Alai orfeoia, Ana Bejerano abeslaria, kabiardun
pintxoak -besteak beste- eta oso gau epel eta ederra guztiaz gozatzeko. Hala
eta guztiz ere, ilargipean jauregi itzelari so egitean, ezin izan nuen
hotzikara saihestu.
Orioltarrek bazuten Urkabustaizen (Araban) beste "txaleta" bat. Talgo egiteko xoxa jarri zuenak (planoak egin zituen Goikoetxea traidoreak) bazuen etxe dotore bat han. Gero Izarra internatonal college zena bihurtu zen. Lastima orain abandonatua dagoela.
ErantzunEzabatuBai, dena abandonatu zuten , antza denez. ba dago beste anékdota bitxia. Bere santurtziko jauregiaren ondoan, bere lehengusuen jauregia zegoen (postalan ikuste da). Haserre zirenean kriston horma erraldoia eraiki zuen Oriolek bestea ez ikusiarren.
ErantzunEzabatu