"Relatos Salvajes" pelikularen une bat |
Azaroarekin batera, neguko giroari ongi etorria emanez-edo,
baditugu hemen berriro Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea,
Halloweeneko jaiak eta zonbien inguruan nonahi ospatzen diren ekitaldiak.
Egun laburrak eta gau luzeak betidanik izan dira
beldurrezko ipuinetarako lurralde egokiak. Haien baitan hazi dira ingumak,
errai-ateratzaileak, ogroak, sorginak, otsokoak, zaku-gizonak, mamuak eta bestelako
amesgaizto sortzaileak.
Egun hauetan ere hildakoei eskainitako ospakizunak
ditugu, ikertzaileen arabera zelten garaietan jatorria dutenak. Azaroaren lehenengoan
hasten zen haien urte berria, Samhain-en, hildakoen jainkoaren eguna ospatuz.
Pixkaka-pixkaka kristau tradizioetan
sartu zen.
Data ezin hobeak hauek, bada, ikararen plazeraz gozatzeko
gai direnentzat. Steven Spielbergen Amazing Stories
izeneko telesaioan inspiraturik, egunotan gure pantailetara RelatosSalvajes pelikula argentinarra heldu zaigu. Beharbada ez da normalean
“beldurrezko zinea” izendatzen denaren
barruan egongo, baina agian horrexegatik, erakusten dituen mehatxuak erabat
sinesgarriak direlako, izoztutako irribarre batez atera zaitezke zine
aretotik.
Gutxien espero duzunean -esaten zaigu kontaketa honetan- ikararen
bisita izan dezakezu. Ziur aski ez du motozerra bat esku artean edukiko eta ez
da mozorrotuta agertuko. Odola arras izoztuko dizun ikara udaberriko asteazken
argitsu batean gerta liteke. Etxeko postontzian utzita edota udal-garabiaren leihatilaren
atzean egon daiteke zain, gure bizimodua betiko hondatzeko prest.
Autobidetik zoaz, laneko bidaia luzean eta zure aurretik
doan gidariak ez dizu uzten aurreratzen. Saiatzen zaren bakoitzean haren auto ziztrinak
oztopoa jartzen dizu, zure onetik atera arte. Printzipioz garrantzi handirik
gabeko gertakaria dirudiena, zure patua erabat aldatuko duen zerbait bilakatuko
da...
Zure ezkontza-egunean zaude, inguruan denak dira
irribarreak eta zorionak. Gidoian idatzita dagoenez, zure bizitzako egunik
zoriontsuena izan behar du eta erritu ezagunaren pauso guztiak betetzeko prest
zaude, zure aurpegirik alaienaz. Meza amaitu ostean hoteleko jaian zaude eta
hor bertan, ezustean, zure senarraren desleialtasunaren susmoa duzu... Ametsetako
eguna amesgaizto bihurtuko ote?
Telebistako albisteak ere beldurrezko filmak baino
zirraragarriagoak izaten dira askotan. Gaurko honetan sutan jartzen gaituen berri
horietako batekin ari dira: “Auto batek haurdun dagoen andre bat harrapatu du
eta gidariak ihesari eman dio”... Beste edozein egunetan, tipo horren maltzurkeria
madarikatuko zenuke gupida gabe, baina gau honetan, gertaeraren erruduna zure
semea da, bere logelan negar batean dagoena, hain zuzen. Haren kartzela zigorra
ekiditeko behar beste baliabide erabiltzeko prest zaude. Di-da batean, ustel bihurtzea
zein erraza den jakingo duzu.
Ez, benetako ikara ez da derrigorrez trumoi eta tximista
artean gertatzen. Damián Szifrón-ek sinatutako film
honetan oso era bortitz eta bikain batez islatzen da hau. Ustelkeria, mendekua,
hilketa... gurekin zerikusi zuzena ez duten kontzeptutzat har ditzakegu, baina
bat-batean gure buruak halakoetan erabat murgilduta egon daitezke ezinbestez. Hori
bai ikaragarria.
ROBERTO MOSO
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina