2014(e)ko urriaren 6(a), astelehena

ORIOL JAUREGIA


Oriol Jauregia, joan den mendearen hasieran
Txikitan askotan gure fantasien gaia zen hura. Oriol familiaren jauregia. Garai hartan haren itxura ezin beldurgarriagoa zen. Sasi artean erdi ezkutaturik, hormak arrailez josita zeuden. Familian entzuna nuenez, joan den mendearen hasieran ohikoak ziren bertan festak eta dantzaldiak.  Artean Santurtzi eta Portugalete zenbait jauntxoren oporraldien mapan zeuden eta Orioldarren etxetzarrak aparteko distira zuen guztien artetik.

Itsaslabarraren gainean harro altxaturik, 1902. urtean egindako palazioak Abrako badia osoa zuen ikusgai bere aurrean. Alboko irteera batetik, eskailera dotore batzuetatik, Portugaleteko hondartzaraino jaits zitekeen.

Baina mendea aurrera zihoan heinean, industrializazioa erabat aldatzen ari zen Ibaizabalen ezker ibarra. Hondartza zegoen tokian eskola nautikoa eraiki zuten eta eskaileren tokian harkaitza zulatu zuten tunel bat egiteko, Bilbotik zetorren trena pasa zedin.  Egun batetik bestera familiak bertan behera utzi zuen eraikina.

Urteak bizilagunik gabe egon ondoren, lapurrek barnekoak hustu zituzten eta udaletxeak sarrerak itsutzea erabaki zuen, txakur pare bat zainketan jarriz. Nik dakidanez, urte luze haietan ekitaldi bakarra antolatu zen lorategian: Karinaren emanaldi bat. Korporazio frankistak herri guztia bete zuen artistaren posterrekin, soilik gonbidatuentzat antolaturiko kontzertu bat iragartzeko.

Denbora pasa ahala legendak eta kondairak ugaltzen ziren: “Familiak etxea aldera utzi zuen haien neskamea hondartzan agertu zelako hilda eta oraindik, batzuetan, haren oihuak entzun  daitezke laguntza eske” edota “Ijito batzuek lapurtzera zihoazela mamua ikusi zuten”... Esan gabe doa, garaiko mutikoentzat  guztiz erakargarri bihurtu zela inguru hori eta bisita egiteko planak (gehienetan planetan geratzen zirenak) mintzagai genituela sarritan.  

Milurteko berriarekin batera miraria gertatu zen: horrenbeste baserri eta etxe zahar lurrera bota diren herrian, Oriol Jauregia berpiztu egin zen gure begi sinesgogorren aurrean, lau izarretako hotel bilakatzeko. Gure amesgaiztoko protagonista zenak, bere antzinako ospea berreskuratu zuen herritar guztiak aho bete hortz utziz.

Esandakoan oinarriturik, “Vacaciones en Santurtzi” izeneko ipuina idatzi nuen. Gaztaroan etxe horretara egindako gaueko txangoa kontatzen zen. Nire auzokide batek eta biok lorategiko iturri  baten gainean amaitzen genuen, txakurren aurrean ziztu bizian korrika egin eta gero. Jende askoren gustukoa izan omen da, gehienbat jauregiarekin inoiz amets egin zutenen artean.

Lehenengo bertsioa prentsa idatzian argitaratu zen, udako ipuin horietako baten eran. Gero udaletxetik deitu zidaten liburuxka moduan argitaratzeko asmoz eta NH Oriol hotelekoek horren berri izan zutenean bertan aurkezpena egitea proposatu zidaten.

Orain Gironako “URH & Co. Hoteliers” enpresak hartu du hotela bere gain eta nire harridurarako ipuinaren beste berrargitalpen bat egin dute. Joan den astean festa bat antolatu zuten etapa berriaren hasiera ospatzeko: aktoreak, Elai-Alai orfeoia, Ana Bejerano abeslaria, kabiardun pintxoak -besteak beste- eta oso gau epel eta ederra guztiaz gozatzeko. Hala eta guztiz ere, ilargipean jauregi itzelari so egitean, ezin izan nuen hotzikara saihestu.

         

 

2 iruzkin:

  1. Orioltarrek bazuten Urkabustaizen (Araban) beste "txaleta" bat. Talgo egiteko xoxa jarri zuenak (planoak egin zituen Goikoetxea traidoreak) bazuen etxe dotore bat han. Gero Izarra internatonal college zena bihurtu zen. Lastima orain abandonatua dagoela.

    ErantzunEzabatu
  2. Bai, dena abandonatu zuten , antza denez. ba dago beste anékdota bitxia. Bere santurtziko jauregiaren ondoan, bere lehengusuen jauregia zegoen (postalan ikuste da). Haserre zirenean kriston horma erraldoia eraiki zuen Oriolek bestea ez ikusiarren.

    ErantzunEzabatu