Generalitatek antolatutako kanpainaren une bat |
Hilen artean badaude beste batzuk abesten dutenak. Bilboko aste nagusian
Raphael erregaitzaren ekitaldia ikusteko aukera izan nuen. Bere errepertorioan
Rocio Juradorekin batera Como Yo Te Amo kantua abestu zigun. “Linaresko
umeak” pantaila erraldoi batean zegoen
irudiari bere maitasuna aitortu eta bertatik folklorikoak gogo biziz erantzuten
zion: “Yo, te amo con la fuerza de los
mares, yo, te amo con el ímpetu del viento yo …” bertan egongo bailitzan, kristoren
txaloaldia eraginez.
Beste hildako batzuek liburuak saltzen dituzte, dokumentaletan
protagonistak dira edo telebistako iragarkietan kotxeak saltzen agertzen
zaizkigu, John Lennon edo Steve McQueenekin
egin den bezala.
Forbes aldizkariak iaz diru-sarrerarik
handienak lortu dituzten hildakoen zerrenda argitara eman berri du. Michael Jackson puntaren puntan dugu 140
milioi dolar sortu ondoren. Bigarrena, 55 milioirekin, Elvis Presley da eta
hirugarren postua Snoopy txakurraren sortzailearentzat da, 2000. urtean hil zen
Charles Schulz marrazkilariarentzat alegia, 40 milioi dolarreko irabaziak lortu
eta gero. Hurrengoak zerrendan honako hauek ditugu: Elizabeth Taylor -25 milioi-,
Bob Marley -20 milioi-, Marilyn Monroe -17 milioi- John Lennon -12 milioi- eta
Albert Einstein -11 milioi-.
Hildakoak oso errentagarriak izan daitezke, bai. Izan ere, kasu askotan hil
ondoren lortzen dute, bizitzan amestu baino egin ez zutena. Michael Jackson eta
Kurt Kobainen salmentak, besteak beste,
heriotzari esker ugaritu ziren. Gaur egun horren mespretxatua den
Ramoncin-ek, esate baterako, eskultura bat izango luke Vallecaseko plazaren erdian,
txute batek garaiz eraman izan balu. “El Cid” jaunak hil ondoren gudu bat irabazi zuenetik ongi ikasia dugu
zenbaterainoko garrantzia izan dezaketen bizidunentzat hildakoek.
Zenduek ez dute erantzuten kritikatzen dituztenean, eta norbaitek haien
lagun mina zela esaten badu, haiek ez dute ukatuko. Badakigu atsotitzak dioena:
Isilik dagoenak bai esaten du. Hildakoek ez dute dirurik irabazten, ez
doaz oporretan, ez dute saririk jasotzen eta ez dute ligatzen; ez dute, bada,
inolako inbidiarik eragiten, hortaz hobeak direla dirudi.
Eskeletako orrialdeak ikusi besterik ez duzu. Fenomeno ulertezinen
batengatik, hor agertzen diren argazkietan, ez dago gaizkilerik. Denek pertsona
onaren aurpegia dute, haiei gertatu berriagatik, heriotzagatik penaturik
baleude bezala.
Hildakoen zama nonahi aurki daiteke: kontaketa “ofizial” baten faltan Fuego;
Lasa eta Zabala; 1980; eta datorren El Santuario tankerako
pelikuletan hainbat hilketa eskaintzen zaizkigu, bizi izan dugun dramaren
kontrako ikuspuntuak azpimarratzeko.
Gaur Katalunian egiten ari den galdeketa horretarako ere, hildakoak erabili
dituzte Generalitateko kanpainan. Iritzia eman ez dezaketenen argazkiak helburu
politiko bat lortzeko erakutsi dira berriro ere. Juan Ramon Barat idazle
valentziarrarekin bat nator oraingo honetan: Utz itzazue bakean hildakoak.
Begirune kontua da. Besterik ez.
ROBERTO MOSO
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina