Bilboko Portua. Santurtziko Kaia |
Txikitan gustuko genuen porturaino joatea “ingelesak”
agurtzearren. Patricia eta Hispania izeneko ferryek astero Santurtziko eta Southamptoneko kaiak lotzen zituzten. Garai hartan
baimenduta zegoen inguru horietan paseatzea eta batzuetan, karga eta deskarga
lanetan galdutako barazkiak eta abarrak poz-pozik etxeratzen genituen.
Mundu osotik heltzen ziren itsasontzi horietako batean
sartzeko irrikan nengoen, eta, gaztetan, aurreneko aldiz lortu nuen. Iragarri zuten
“Itsasontzi Kulturala” porturatuko zela eta denok bisitatzeko aukera izango
genuela. Baina egiatan, nolabaiteko itsasontzi erlijioso bat zen hura, agian
sektaren batek antolaturik, Estatu Batuetatik abiatuta mundu osoan zehar
“Jainkoaren Hitza” zabaltzeko edo. Egia esan, latindar kutsuko gaztelaniaz
eskaini ziguten pelikula hark, bizitzeko zentzuari buruzkoa baitzen, nire barrua
astintzea lortu zuen.
Nire bigarren sarrera,
ontzi erraldoi horietako batean, militantziaren eskutik etorri zen.
Burkide helduren batek esan zigunez, sobietar ontzietan komunismoaren aldeko
propaganda banatzen zuten, hala eskatuta. Lehen aukera sortu zenean, bitan
pentsatu gabe hor geunden, kaitik oihuka: “We are basque comunist and we want
to visit the ship!”. Kapitainak, oso gizon atsegina benetan, ontziaren bazter
guztiak ikustera eraman gintuen eta bukatzean liburuxka pila bat eman zigun,
gaztelaniara itzulitakoak. Besteak beste, ¿Por qué no ha envejecido el marxismo-leninismo?,
Ponomariov burkideak idatzia.
Bi portuko herri batean hazi nintzen ni. Haietariko bat
arrantza portua, bestea merkatal
portua. Lehenengoa nire herriko postal gehienetan islaturik, bigarrena, berriz,
albistegietako gai, gehienbat droga kargamenturen bat harrapatu edo ezkutuko bidaiariren
bat atxilotu zutelako. Horrelakoak “Santurtziko portuan” gertatzen dira ia
beti. Beste berri batzuetarako, aldiz, “Bilboko portua” aipatzen da: handitzeko
lanak, merkantzien kopuruaren igoera... Azken bolada honetan “Getxoko portua”
izendapena ere irakur daiteke, luxuzko turismo-ontziak bertan porturatzen
direnetik.
Munduan, ehun eta hogeita bosgarren porturik
garrantzitsuena da Bilbokoa. Hala ere, inguruko herritarrontzat inoiz ez da
hori harrotasunerako arrazoia izan. Portuak ematen duen onura ez da izaten
bertokoen probetxurako eta sorrarazten dituen arazoak, berriz, kostaldean
geratzen dira. Hor daude izandako istripuak eta leherketak, batzuetan herri
osoa arrisku bizian jarri izan dutenak.
Guggenheim efektua sortu baino askoz lehenago ikusten
ziren atzerritarrak gure kaleetan. Beti gizonezkoak, ia beti mozkorturik,
askotan putetxeak non ote zeuden galdez. Behin
marinel alemaniar batek pistola bat saldu nahi izan zidan “inguru
honetan erabiltzen zirela” entzunda zeukalako.
Baina dena ez da horren ezkorra izan. Jamaikar marinel
gazte batzuen eskutik ezagutu nuen Bob Marleyren musika, hemen hedatu baino
askoz lehenago, eta giro horretatik sortutako eszena bat betiko izango dut
gordeta nire baitan. Gau batean marinel talde bat erabat hunkituta ikusi nuen,
disko-makinatik sortzen zen Sailing abestiarekin batera kantatzen zuela:
Nabigatzen ari gara/itsasoa zeharkatuz/ berriro
etxerantz/ nabigatzen ari gara /ekaitz uretan/ zure ondoan egoteko/ libre
izateko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina