Ziajordaniako harresian hartutako irudia |
Berlingo harresia lurrera bota zuten eta bazirudien mundu
osoan sasoi itxaropentsua hasten zela. Hormaren bestaldean zegoenak aspaldi utzia
zion ereduzko izateari. Gizarte zuzenago eta berdinago baten ametsa amesgaizto
bihurtua zen egiazko sozialismoaren herrialde horietan. Utopia bezala hasi zenak
itota zirudien, burokrata eta gupida gabeko diktadore zaharren eskuetan.
Errumaniara joateko aukera izan nuen 1985. urtean. Garai
hartan nik banuen susmoa komunismoaren ideala oraindik urruti zegoela ekialdeko
herrialdeetan, baina han aurkitu nuenak nire aurreikuspenik ezkorrenak gainditu
zituen.
Gizarte erabat beldurtua aurkitu nuen. Ceaucescu
tiranoaren irudiek leku guztietatik begiratzen zintuzten, Orwellen 1984liburuan iragartzen zen lez. Kazetarientzako bidaia zen nirea eta ustez,
sozialismoaren lorpenak ezagutzeko eta zabaltzeko ideiarekin antolaturik. Hala
ere, ezin zuten estali nonahi nabaria zen ustelkeria. Bai turismo-gidaria, bai
hoteletako langileak, bai edozein dendari, denak, saiatzen ziren gurekin azpijokoan
ibiltzen, inguruak beldurrez miatzen zituzten bitartean, poliziaren bat agertzen
ote zen. Telebistako albistegi guztiak Ceaucescuren eta haren emaztearen irudiak
emanez hasten ziren, beti jendetzaren txaloen artean, hizlariak sozialismoaren
lorpenak goraipatzen zituen artean. Egia da, ez zegoen langabeziarik, eta bai
hezkuntza, bai osasuna guztiontzat bermaturik zeuden. Baina bidaia hori egin
genuen guztiok lasaitu ederra sentitu genuen bueltako hegazkina hartu ostean. Bosthilabete, lau aste eta hiru egun izeneko pelikulan era ezin hobean
islaturik dago Errumaniako garai hartako giroa.
Ezin ukatu. Mundu mailako gizarte zuzenago bat osatzeko
izan den saiakerarik indartsuenak porrot egin zuen, alde batetik “gerra hotza”
galdu zutelako, eta beste aldetik, sistemak berak ustelkeriaren orokortzea
erraztu zuelako. Baina hogeita bost urte pasa eta gero adreilurik gabeko hormak
ugaritu dira.
Intermon Oxfam erakundeak martxoan argitara eman zuen
txostenaren arabera munduko aberastasunaren ia erdia (81 bilioi euro) biztanleriaren
% 1en esku dago. Hots, aberastasunaren % 46 gutxiengo baten esku dago. Txosten
honen arabera, horrek gaindiezina izan daitekeen desberdintasun maila dakar,
eta aberatsen eta behartsuen arteko aldea itzulezin bilaka daiteke.
Erakundearen kalkuluen arabera, 13,6 bilioi euro daude erregistratu gabe zerga-ordainketa
txikia duten herrialdeetan; hortaz, ondasunaren kontzentrazioa handiagoa da. Datu
horiek islatzen dutenez, 210 lagun sartu ziren mila milioi dolar baino gehiago
dituztenen klubera. Bertan, 1.426 kide daude, eta, guztira, ia 4 bilioi euroko
ondasuna biltzen dute. Horra hor murru erraldoia.
Eta ez da bakarra, jakina. Urrutira joan gabe hor ditugu
gure elkarbizitzan finkatu diren horma ikusezinak: langabetuak eta langileak,
lan finkoa dutenak eta ezegonkorra dutenak, jaioterrian bizitzeko ahalmena
dutenak eta atzerrira joan beharra dutenak.
Berriki jasotzen ari diren beste horma batzuk ez dira batere
ikusezinak, bada. Hor dugu Ceutako hesia, Estatu Batuetako hegoaldeko mugan
eraiki duten horma: 3.360 kilometrokoa, edota Israelek Zisjordanian eraiki
duena, Berlingoa baino askoz altuagoa eta luzeagoa. Aberastasunaren eta
miseriaren arteko harresia lurrera botatzea: hori bai erronka.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina