Aurtengo loteriaren iragarkiak, antza, gizakiaren alderik onena erakutsi nahi digu. Gutxien espero
duzunean -nolabait azaltzen zaigu- zure ingurukoek norainoko estimua dizuten
adieraziko dizute. Baina fikzioaren atzetik beste mezu bat dago ezkutuan:
loteriaren sari potoloa zure auzoan edo lantegian jaus daiteke. Benetan burutik
pasatu al zaizu zutaz gogoratuko direla dezimo bat gordetzeko? Kontuz ibili
gero. Ospakizunaren jaia zu barik antolatzen bada, amorruz hilko zara. Hortaz,
badaezpada ere, erosi.
Baina onartu behar dut.
Iragarkia oso ona da. Publizitatearen helburua kontsumoa bultzatzea besterik ez
da eta ezagutzen ditudan tabernariei kasu eginez gero, aurtengo kanpainan
nabaria da salmenten igoera. Bestalde aipagarria benetan aktoreen lana. Bai
tabernaria, bai saritua, bai ingurukoak, erabat sinesgarriak dira haien
roletan. Haietariko edonor gure ezagunen artean egon liteke.
Kontakizuna atal
ezberdinetan eman digutenez, jakin badakigu zergatik Antonio zerbitzariak
gordetzen zion dezimoa bere lagunari. Baina zer gertatzen da gero? Nik
kontatuko dizuet:
Aberatsa dela jabetzen
denean, Manuk alde batera uzten du eskatutako kafea eta bertan dauden auzokoen
mozkorrari eustea erabakitzen du. Tabernatik irtetean Manu ez doa etxera.
Parranda tabernaz
taberna luzatuko da eta gaueko ordu txikiak heldu orduko, aspalditik gustuko
duen neskame beltz batekin egongo da, pub ilun baten ertzik ilunenean. Gazte
kolonbiarrak gustura barre egiten die haren txiste guztiei eta hodei horretan
igota Manuk uste du jakinaren gainean dagoela, azkenean den dena argi ikusten
duela. Hura ez da bere emazteak uste duen kokoloa. Sorgin horrek tabernara
bidali du bakarrik, barregarri uzteko. Baina jendeak estimua dauka eta
horregatik gorde diote loteria eta barre egiten dute haren umore apartarekin.
Hemendik aurrera inork ez dio esango zer egin behar duen, ez jauna. Manu berri
bat jaio da eta mundu osoak jakin beharko du.
Hortik gutxira bere
bizitza nobedadez beteko da. Dibortzioa, etengabeko orgiak, parranda garestiak,
edonondik sortutako sasi-lagun berriak... horietako batzuek non inbertitu
aholkatuko diote eta bost urteren bueltan bere irabazi guztiak alferrik galduta
izango ditu.
Urtero bezala, abenduko egunkarietan,“loteriaren
biktimei” buruzko ohiko artikuluak agertzen dira eta horietako batean haren
irudia ikus daiteke. Banketxe baten atarian dago, kutxazain baten azpian,
kartoi bat ardo bere ondoan, periodiko paperez estalita.
Bitartean bere auzoko
tabernan, bikote bat dago artikulua irakurtzen, irribarre ziztrin bana haien
ahotan. Antonio zerbitzaria, eta Manuren emazte ohia dira. Antonio barneko
sukaldera doa eta bertan bere atzeko poltsikotik dezimo bat ateratzen du. Bere
burua papertxoarekin igurztean, maltzurkeriazko distirak agertzen zaizkio, datorren
biktimaren aurpegia irudikatuz.
Baina zer Gabonetako
ipuin da hau! Ez... saia gaitezen berriro.
Manuel korrika doa
etxera eta berri ona kontatzen dio emazteari. Antonioren bihotz onarekin
hunkituta, dirudun berriak erabaki bat hartuko du: auzoko behartsu guztiak
laguntzeko elkarte bat fundatzea eta zerbitzariaren izena jartzea.
Bitartean, Antonioren
tabernan izugarrizko ilarak eratuko dira: loteria bertan erosteko eta bere
burutik dezimoa pasatzeko... Horrela sortu zen loteriaren burusoil ospetsua... (Abenduko
afari madarikatu hauek...).
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina