Lehen Mundu Gerran hartutako irudia |
Nire batxilergo institutuan gertatu zen, hormonak jaietan
ibiltzen diren adinean. Zuzendariari, -tipo jatorra eta merezi genuen baino arduratsuagoa, egia esan-,
ostiraletan zine emanaldiak antolatzea bururatu zitzaion, “zineforumak”, garai
hartan erabiltzen zen era ponpoxoz izendaturik. Esan gabe doa, ezinezkoa zen pelikularen
hitz bat ere ulertzea, eratzen zen oilategi hartan. Aste osoko tentsioak areto
nagusiaren ilunpean lehertzen ziren eta normalean proiekzio osoan zehar ez
zegoen isiltasuna eta arreta berreskuratzerik. Bukaeran mehatxua behin eta
berriz errepikatzen zen: “Inolako interesik erakusten ez duzuenez, ostiraleko
zineforumak bertan behera utziko ditugu eta ohiko eskola izango da”.
Egia esan aukeratzen zituzten filmak ere ez ziren
hamabost urterekin gozatzen direnetakoak. Gure zuzendari gizajoak Frantzian
igaro omen zuen denboraldi bat eta han ikasitako ohiturak ekartzekotan zegoen.
Ez dakit nolako kontaktuak izango zituen, baina benetan apartak ziren
aukeratutako filmak: Bizikleta lapurra; West Side Story; Candilejas;
One, Two, Three gogoratzen ditudanen artean daude.
Baina arratsalde horietako batean zerbait aldatu zen.
Hasieran betiko gidoia errepikatuko zelakoan nengoen, baina pelikula aurrera
zihoan heinean nabaria zen oihu eta txantxa baldarren kopurua aurreko
emanaldietan baino arras txikiagoa zela. Hamar minutu eskas eginak genituen pantaila
aurrean eta inork ez zuen jada lerdokeriatan aritzeko gogorik. Non zegoen
gakoa? Arratsalde
hartako pelikula Dalton Trunboren Johnny Got His Gun zen, (JohnnyCogió Su Fusil, gaztelaniako bertsioan), Lehen
Mundu Gerran giroturik zegoen eta leherketa baten ondorioz larriki
zaurituta geratzen den gudari baten istorioa kontatzen zen. Istripu horretan,
Johnnyk hankak, besoak, ikusmena, entzumena, usaimena eta dastamena galtzen zituen.
Modu bortitzean esanda, haragi puska bat eginda geratzen zen: kontzientzia izan
arren, errealitatetik eta bere ingurutik erabat isolatuta zegoen. Azkenean, morse
kodeari esker bere erizainarekin komunikatzea lortuko zuen eta emakume hura
munduarekin izango zuen lotura bakarra bihurtuko zen. Johnyren
irudia ez zen apenas ikusten. Aurpegia kutxa moduko batekin estalita zuen eta
ilea eta bekokia bakarrik zituen ikusgai.
Trunbok gerraren kontrako manifestu gordin bat egin nahi izan zuen eta horretarako
gupidarik gabe jaurtitzen dio ikusleari pantailatik bere mezua. Emanaldi ondoko
solasaldian nabaria zen gure zuzendariaren asetasuna. Guk pentsaraztea lortua
zuen...
1914. urtean hasi zen Lehen Mundu Gerra.
Aurten ehungarren urteurrena bete da eta gatazka horren gorabeherak zaharberritzeko
parada izan dugu.
Historiari dagokionez urte guztiak ez dira
berdin. 1914, 1936 edota 1939. urteetako hondamenek, esate baterako, erabateko marra gorri bat markatu dute hurrengo
belaunaldientzat. Nolabait ere, esandako urteek eta beste hainbatek historiaren
ibilbidea aldatzen dute.
2014. urtea, ezustekorik ez bada, ez da urte horietako
bat izango (agian Sirian, Ukrainan edo Palestinan bai). Hala ere, halako
sarraskiak ez dira egun batetik bestera gertatzen
eta historiaren kapitulurik beltzenak aurreko urteetan egosten dira. Iraganaren
ikasgaiak ikastea ezinbestekoa da harri berean estropezu ez egiteko.
Txinatarren esaera zaharrak dioenez: libra
zaitez garai interesgarriak bizitzetik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina