Lagunak, etsaiak eta koadrila-kideak |
Aukeratzen
ditugun lagunak. Aukeratzen gaituztenak. Txikitan nolabait inposatuak agertzen
zaizkigunak. Bizitza aurrera doan heinean egiten ditugunak. Garai zehatz batera
lotuta daudenak. Etsai bihurtzen diren lagunak.
Bat-batean desagertzen direnak, denbora pasa ahala urruntzen direnak.
Huts egiten digutenak, huts egiten diegunak. Gure lagunen lagunak, horren
ezaguna den esanak dioenaren arabera, lagunak baitira. Eta aro berriko
sasi-lagunak: Facebook-eko lagunak, edo
nola eduki milaka lagun, ezagunak ere izan barik. Eta gero hor dago gizonen eta emakumeen arteko
laguntasuna, askotan oztopoz betea, batzuen iritziz inoiz ez benetakoa. Hori bai: sexu ezberdineko pertsona batek
“lagun onak besterik ez izatea” eskaintzen dizunean, badakizu ez dela, inolaz
ere, egia izango.
Zeinek ez dio noizbait bere buruari galdetu benetako lagunik ote duen? Zeinek ez du noizbait sufritu laguntasuna
dela medio...? Bon Scottek -nire abeslaririk kuttunenak- bere lagun guztiak
infernura eraman nahi zituen berarekin Higway To Hell abestian eta
Victor Manuelek “zeintzuk diren benetako lagunak” soberan omen zekien: “Inoiz
ez dute ezer eskatzen eta beti ematen dute”...
Gurean ere “orotan bihotz-bera” zen Xalbador bertsolariari eskainia dago
Xabier Leteren kantu preziatua, lagun baten galera zer inspiragarria izan
daitekeen erakutsiz. Laguntasuna, nola
ez, esaera zahar askoren sortzailea izan da. Horien artean, jakina, laguntasuna
eta dirua biltzen dituena, beti mezu bera finkatzeko asmoz: “Dirurik ez,
lagunik ez” . Beste esaera asko adiskidetasunaren handitasuna erlatibizatzera datoz: “Nork bere moduko
laguna harrapatzen du”; “Otsoa hiltzeko danak lagun”; “Gauerdira ezkero, danak
lagunak”... Ez dira falta aholkuak , agian seme-alaben lagunekiko kezkak ez
direlako atzoko kontuak hain zuzen:
“Lagun asko baino, adiskide on bat hobe”; “Lagun berriarekin eta etxe
zaharrarekin kontuz” ; “Lagun txarrekin dabilena gaiztatu”; “Ez saldu lagunari,
ez erosi etsaiari”... Eta badira, baita ere, laguntasunaren balioa goraipatzen
dutenak: “Nor bada zure laguna, egingo zaitu zalduna”; “Lagunak infernuan ere
gauza ona”; “Lagun ona galtzea baino, hortzak galtzea hobe”... Nik gustuko dut beste
ohiko esan bat, politika giroan hainbatetan entzuna: “Badira lagunak, etsaiak
eta alderdikideak...” Nire uste makalean, honako sailkapen hau gure
instituziorik sendoenetariko batera heda daiteke: koadrilara. Hor nahasten dira
lagun minak eta sasikoak, itunak eta zatiketak, amodio eztiak eta traizioak.
Datozen jaiegunak egokiak izaten dira aspaldiko lagun eta ezagunekin berriro
elkartzeko. Indarrean dagoen Durangoko Azokako goiburua “aspaldiko partez” izan
liteke, nonahi entzuten den leloa baita. Gabonak ere aproposak izaten dira
ezusteko topaketetarako. Kanpoan bizi direnak, sorterrian utzi genituenak,
mugikorrera txisteak bidaltzen dizkizutenak, pozez agurtzen ditugunak eta baita
ikusi nahiago ez genituenak ere. Nolanahi
ere, laguntasunean sinesten dut nik. Izan ditudan adiskideek naizen modukoa
izaten lagundu naute eta ditudanak ezinbestekoak dira bizitza bizigarria
egiteko. Estatu Batuetako Elbert Hubbard
saiogilearen hitzetan: “lagun
bat da zutaz dena dakiena eta hala eta guztiz, maite zaituena”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina