Irudi honek Japonia eta Frantzia arteko gatazka diplomatiko bat sortarazi zuen |
Berrogeita hamarreko hamarkadan, Donostiako egunkari batean Kontxako
hondartzan hondoa jotako balea erraldoi baten argazkia argitaratu zuten
azalean. Ikaragarri ongi eginda zegoen muntaia, Photoshop garaiak oraindik
imajinaezinak izanik. Egun osoan zehar, herrialde osotik jakin-minez etorritako
jendez bete zen badia, zein inuzenteak ziren ohartzeko; horixe eta ez besterik.
Irratian ere, egundoko erantzunak izan genituen txantxa baten ondorioz, eta
ez guztiak atseginak, hain zuzen. Guggenheim museoaren arrakasta nabarmentzen
hasi zenean, albistegietan honako harribitxia sartu genuen: “Guggenheim
fundazioak agiri baten bidez jakitera eman duenez, Bilbo hirian kokatuta
dagoen museoa, atalez atal eramango da New
Yorkera bertan berriro eraikitzeko. Erabakia Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako
hitzarmenean islatua dago eta martxan jarriko da datorren hilabeteetan.
Fundazioak argi eta garbi azpimarratu du Frank Gheryk beste antzeko proiektu
batean lanean diharduela, Bilbon kokatzeko”. Berria apaintzeko sasi-arduradun
batekin egindako elkarrizketa bat gehitu genion. Entzulearen erantzule
automatikoa kea zeriola ibili zen egun osoan zehar. Txantxa bat besterik ez
zela argitu genuenean, barreak eta irainak -batzuk benetan gordinak- parra egin
zuten.
Beste hainbat herrialdetan, horrelako adarjotzeak apirilaren lehenengo
egunean egiten dira: April’s Fools Day izenekoan. 1985.urtean Pariseko
kazeta batean Eiffel dorrea bertan behera botako zutela argitaratu zuten.
Zergatia? Leku berean Eurodisney eraiki zedin. Egun berean ehunka hiritar
naturaltasunez bertaratu ziren protesta egiteko.
Britainia Handian ere, oso ospetsua izan zen BBC kateak zabaldu zuena.
Erabat landutako erreportaje baten bidez, ikus-entzuleei erakutsi zieten espageti-zuhaitzak
Suitzako hegoaldean nola landatzen ziren. Milaka dei jaso ziren telebista
publikoan, halako teknika ikasteko asmoz interesa zuten hiritarrenak alegia.
Batzuetan, txantxa hauek urrunegi heldu dira. 2012. urtean Japonia eta
Frantzia artean gatazka diplomatiko bat sortu zen bigarren herrialdean
argitaratutako olgeta batengatik. Japoniako Selekzioaren atezainaren argazkia
trukatu zuten eta lau besorekin argitaratu zuten “Fukushimako istripuak
eragindakoaren ondorioz”.
Honelako arazoak ekiditeko edo, hedabide gehienetan Inuzente-eguneko
txantxak desagertzen doaz. Tamalgarria deritzot. Izan ere. Ba al dago Gabonak
baino inozentada handiagorik? Herodesen
sarraskia ez zen abenduaren 28. egunean gertatu, Jesusen jaiotza ez zen abenduaren
25ean gertatu eta Ekialdeko Errege Magoak eta Olentzeroa... Horiek ez dira
ukitzen. Urte Berri On.
Egunero-egunero hamaika berri irakurtzen ditugu, Roberto, inozentadatzat har litezkeenak. Agia, ugaldu egin zaizkigu desagertu beharrean.
ErantzunEzabatuZeuretzat ere 2015a ona izan dadila.
Berriro ere, errealitatea fikzioaren gainetik. Guztiz adoz.
ErantzunEzabatu