Errege mago kuttun horiek: gaur egun ez daukat horren
argi zintzoa izatea zer den, txikitan ilusio osoz idazten nizuenean bezala, baina
pentsatu nahi dut ez direla asko nigan pentsatzen dutenak, haien hondamenen
eragileari budu egiten diotenean.
Eskaerak egiterakoan ere ez naiz besteak ez bezalakoa
izango. Izan ere, gehiago da kontserbatu nahi dudana, eskatuko dudana baino
(kontserbadorea bihurtzen ari ote naiz? nomejodas). Baina bai.
Eskaerak eskaera, hasiko nintzateke eskatzen osasuna eta bizimodu duina
niretzat eta inguratzen nautenentzat. Begiratu zer originala naizen. Ez dut
nahi tokatzea, ez kinielarik ez loteriarik, baina posible bada, nahiago nuke
bizitzaren horrelako loteria madarikatuak ere ez ezagutzea. Bai, badakit
lasterrago edo beranduago guztioi dagokigula berri txarren txanda, baina
momentuz behintzat, urte beteko luzapena eskatuko nizueke.
Egia esan, barregarria irudituko zaizue honelako gutuna
jasotzea. Zuen ekialdera begiratuz gero, han bai dituzuela arazo larriak! Palestina,
Siria, Libia, Egipto, Irak... arma-saltzaileen paradisua, mundu osoko
gizateriaren lotsa. Bertan ikusten dena ikusita eskutitza apurtzeko gogoa sortu
zait, baina txikitan egiten nuen bezala, zuen magian izango dut konfiantza.
Izan ere, ni Olentzero-aurreko belaunaldi batekoa naiz eta oraindik ere
bizi-bizirik ditut erregeen gaueko txikitako oroimenak. Inoiz ez ditut garbitu
gogo handiagoz nire zapatak, gau hartan baino, eta sekula ere ez naiz horren
kilikaturik oheratu.
Horregatik, oraingo honetan eta atrebentzia handiegia ez
bada, umeak gogoratu nahi ditut gehien bat. Palestinan, Sierra Leonan, Kongon eta
beste hainbat herrialdetan -gurean ere bai, noski- umea izateko eskubidea izan
ez dutenak. Umea izanik ulertzen ez duten gerratan hiltzera eta erailtzera
joatera behartu dituztenak. Hezkuntza bat izateko eskubidea ukatu zaienak,
batzuetan, Afganistanen adibidez, neskak izateagatik; beste askotan, gaztetatik
gogor lan egitera bidali dituztelako. Umetan desnutrizioagatik eta goseagatik
gaixotu eta hiltzen direnak, lehen munduko herrialdeetan gure aurrekontuen
ehuneko bata ere horretarako erabiltzeko gai ez garen bitartean. Putaseme baten
desira koldarren biktima izan direnak; etxea baino infernua izena mereziko
lukeen inguru batean munduratu direnak.
Hitz bakar batean esanda, hirukote maite hori,
etorkizuna, besterik ez dizuet eskatu nahi haur guztiontzat. Etorkizunik gabe
ezin da ilusiorik izan. Inor ez litzateke joango zuen kabalgatara eta ez
litzateke bertan lehiatuko gozokiak eskuratzeko. Aurrera begiratzeko ahalmenik
gabe ez da posible irrikaz oheratzea, behar den bezain zintzoa izan zaren ala
ez hausnartuz; gerokorik barik, ezinezkoa da pailazoen ikuskizun batekin sano
barre egitea, zure bizitzan inoiz ere egingo ez duzun bezala.
Berriki, Googlen gehien bilatzen diren gaiei buruzko
artikulu batean irakurri dudanez, urteko data hauetan badago maiz errepikatzen
den bilaketa bat: “Errege magoak: egiazkoak dira, bai ala ez”. Hau bai bitxia. Horren materialista bihurtu
den mundu honetan, batzuk magia eta umetako ilusioak ere zalantzan jartzeko gai
dira. Ni ez. Barruan daramadan umeak bizirik dirauen bitartean zuen zain egongo
naiz, errege egunean eta urteko gainerako egunetan. Horixe besterik ez genuen behar!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina