Aste
honetan jakin dugunez, Bilboko Colon de Larreategiko galeriatan 1976. urtetik
zabalik zegoen Kirikiño liburu-denda bere pertsiana jaitsi du betiko. Txoko
eder horretan ez gara berriro galduko, udazkeneko edozein arratsaldetan, beste
inon aurkitzen ez diren liburu zaharren
artean. Euskal liburuan berezitua zegoen liburu-denda, berrogei urte betetzear
zegoenean itxi dute. Alokairu zaharrei azkena eman dien araudi berria eta Txomin
Saratxaga jabearen osasun egoera makala, Krisi ekonomikoari gehitu zaizkio
erabakia hartzeko orduan.
Niretzar
plazer-iturburu xume bat ere desagertzen da, gustuko bainuen hara urbiltzea eta
aparteko izenburu bitxi horien artean ibiltzea, denboran zehar nolabaiteko iraganeranzko
bidaia eginez. Han lortu nuen Xabier Amurizaren “Irri Eta Herri” ipuin bilduma edo
Pedro Ugarteren “Noticia de Tierras Improbables” kontaketa laburren liburuxka eta
han aurkitu nuen Sabino Aranaren jatorrizko bitxikeria bat: “Bizkaya Por Su
Independencia” 1892.urtean argitaratua.
Kirikiñorekin
batera, 2015.ren urtearen hasieran, Campuzano plazan kokaturik zegoen Lauaxeta
izeneko liburu-denda ere desagertu da. Azken hau Txominen emaztea den Sorkunde
Agirrek zuzendutakoa.
Badago
zerbait aintzineko liburu-dendatan asko esaten diguna gure hiriez. Horrelako
tenpluetan gure inguruarekin eta iraganerin daukagun benetako lotura neur
daiteke. La Universal, Malumbres, Verdes, Lizardi, Gasteizko Linacero,
Donostiako Metrópolis... liburu-dendek milaka idazleen ametsak eta mezuak
biltzen zituzten, harribitxi- arrantzaleen zain.
Gehienetan
liburudenda zegoen tokian beste era bateko eskaintza sortzen da. Beste batzuetan
aintzinako liburu-denda, frankizia baten barruan desgertzen da, marka berri
horrek duen politika orokorra onartuz eta beraren nortasuna bertan urtuz.
Agian
norbaitek esan lezake garai hauetako legea dela, testu horiek guztiak
interneten edo liburutegietan lortu daitezkeela. Nire ustez benetako drama
baten aurrean gaude. Horrelako liburu-dendatan aurkitzen diren aurrez-aurreko
aholkuak eta topaketak, aintzinako kafeetan eta disko-dendatan gertatzen zen
legez, ezinbestekoak dira gizarte baten
osasun kulturalaren sua bizirik mantentzeko.
Iaz
Lisboan eta Porton, iraganera egindako bidaia bat bailitzan, jendez gainezka
zeuden liburu-dendetan ibili nintzen. Amantalaz jantzitako agure atseginek irribarrez
artatzen gintuzten “art-decó” estiloan eraikitako gela erraldoietan.
Horietako
bat, “Lello e Irmao” izenekoa, Europako politentzat hartu izan da. Baina Harry Potterren eszenak filmatu zirenetik
mundu osoko turistak bertaratzen dira, haren egitura arriskuan jarriz. Egia
esan –esan zigun bertoko arduradunak- nahiago nuen irakurleak bakarrik etortzen
zirenean.
Bai
Txominek , bai Sorkundek hala esan dute: Benaunaldi berriek ez dute parepezko
liburuak irakurtzen, ikastolako edota unibertsitateko irakasleek behartuta ez
baldin bada. Gehienek gustora irakurtzen omen duten testu bakarrak sare
sozialetan egiten direnak omen dira. Galdetzekoa da zertarako behar den
horrenbeste hizkuntza gero horren hiztegi txikia erabiltzeko.
Burura
datorkit Javier Mariasek idatzitako hitzak: Irakurtzen ez ditugun liburuak,
abisuz beteta zeuden.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina