Belen eta Kiko. "Very Important Persons" omen dira |
Beltz bati buruz hitz egitea “gorila” eta antzeko hitzak
erabiliz: erantzuki bat. Homosexual bati “marikoi” deitzea: kaleratzea. Los
Chunguitos bikotearen iritziak azaltzeko “kultura faltagatik” izan dela esatea
-Kiko Riverak egin zuena-: barkamena. “Egun
hauetako batean ETA itzul dadin eskatzeko manifa batera joango naiz”
baieztatzea: bat-bateko kaleratzea...
Azkenean arrazoia eman beharko diogu Mercedes Milari “Gran
Hermano aparteko esperimentu soziologikoa dela” esan zuenean.
Bigarren edizioan izan genuen beste adibide bat. Carlos
Navarro lehiakideak masaileko bat eman zion bere neska-lagunari eta kaleratu
egin zuten baita ere. Baina erabakia izugarrizko presio mediatikoa jaso ostean hartu
zuten. Gaur egun senar-emazteak dira eta bi seme-alaba dituzte. Fayna
Bethencourt-ek, “El Yoyas”en emazteak, beti esan du “hor ez zela inongo
erasorik izan”.
Zeinek esan zuen Gran Hermano eta antzeko “reallityek” ez
dutela ezertarako balio?
Orain badakigu zenbaterainoko pisua duten horrelako portaerek
iritzi publikoan.
Falta zaizkigunen artean, besteak beste: marihuana edo
beste edozein drogaren aldeko apologia egitea, errege, erregina edo
presidenteari burla egitea, independentziaren aldeko iritziak esatea, katalana
edo euskara erabiltzea, “ijito” edo “judu” irain modura erabiltzea... Beste
erreferendum batzuen faltan, badugu behintzat gure gizartearen zuzentasun
politikoa neurtzeko tresna onesgarria.
Ah!, eta norbaitek gure euskal nortasunarekin inolako
zerikusirik ez duen zerbaiti buruz ari garela pentsatzeko tentazioa badauka,
berriro ere gurean hiruzpalau audientzia-puntu gehiago lortu duela jakin
dezala.
Esanguratsua, baita ere, aukeratutako izenburua: “GranHermano VIP”, alegia: Ospe Handiko Pertsonentzat. Eta zeintzuk dira ospetsuak?
Ba, Olvido Hormigos, Toledoko herri batean zinegotzi izanik, ospea lortu zuena
bere irudiarekin egindako bideo porno bat sarean eskegi zutenean. Kiko Rivera,Isabel Pantojaren semea izateagatik eta kea baino alferragoa izanik ondo bizi
daitekeela erakusteagatik. Belen Esteban, garai batean toreatzaile ospetsu
batekin ezkontzeagatik eta arrunkeria lotsarik gabe behin eta berriz
erakusteagatik... barkatuko didazue, baina ez dut aurrera joko, deprimitzear
nago eta. Zer esan daiteke honelako harribitxiak famatutzat dituen herrialde
batez?
Zoritxarrez, Zeltiberia Show hau ez da etxe horren barruan
geratzen. Hor dago Nikolas Txiki, platorik plato, munduari azalduz nola bere
bizimodua petraldu egin den ospetsu bihurtu denetik: ‘Hogei urteko gaztea besterik ez naiz, mesedez,
utz nazazue bakean, ez dut selfie gehiago egin nahi, ez dut autografo
gehiagorik sinatuko, badakit maite nauzuela, baina mesedez, aski da!’ .
Iraganean ez bezala, gaur egun VIP bat izateko ez da
aparteko gauzarik egin behar. Inori ez zaio axola zer egiten zuen benetan tipo
horrek politikariekin edo errege-erreginekin ateratako argazki horietan. Ardura
duen bakarra da haren aurpegia edonon agertzen dela eta hortaz arras
erakargarria omen dela. Kitto.
Gertaera eredugarrien artean daude, baita ere, aste
honetan ezagutzera eman diren Luis Bárcenas eta Esperanza Aguirreren epaiak.
B-ordainketa milioidunak egiteak eta poliziaren aurrean harropuzkeria hutsez aritzeak
ez du aparteko zigorrik, izen-abizen aproposak edukiz gero. Horiek bai benetako VIPak.
Hau dugu Espaina. Bertako "Ospetsutxoak" maila gorenakoak. Ah, marihuanarena gertatu zen lehenengo GHn, Euskal Herriko mutilak eraman zituen porrutxoak, baina, arrain ontzia jarri zuten eta porroak at joan ziren (Ez lehiakidea, behintzat, eskandaloa ez hazitzeko)
ErantzunEzabatuETAren txistea esan zuena bizkaitarra zelako, mantxegotarra izango balitz ziur ez zen kanporatua. Hau da hau umorea, euskaldunok ezin dugu ETAri buruz txisteak egin, mehatxagarria izan daiteke gure kasuan. :(
Ez nekien marihuanarena. Egia esan, badirudi euskaldunok protagonismo aparta izan dutela etxe horretan. Ez dakit bigarren puntuan adoz nagoenik. Esaldi berbera esanez gero ez dut uste inor barruan geldituko denik.
ErantzunEzabatu