Sheldon Cooper-ek ez daki gezurrik esaten. Bere buruari
buruzko iritzia ezin hobea du eta naturaltasun osoz adierazten dio entzun nahi
duenari. Berarekin bizitzea ez da batere erraza. Hark idatzitako arauek ez dute
eztabaidarik onartzen. Bere tokia etxeko sofan, bere atea jotzeko era,
komunaren erabilera... den-dena dago zehatz-mehatz neurtuta eta ezinbestean
finkatuta. The Big Bang Theory telesaioan, Sheldon Lee Cooper, JimParson aktoreak bikain antzeztuta, Texas hegoaldeko fisikaria da. Adimen-koefizientea
187koa du eta Leonard Hofstadter izeneko
eraman handiko lankide batekin bizi da. Sheldon Cooper-en nortasuna ez da,
hasiera batean, harekin maitemintzeko modukoa. Tipo narritagarria, harroa, hantustea, buruiritzia, pedante hutsa dugu hau.
Artikuluren batean irakurri nuenez, gidoilariek ezin dute argi eta garbi aipatu
–guztiz problematikoa izan liteke eta- baina “Asperger” sindromeak erakusten
dituen ezaugarri askorekin osatu zuten pertsonaia. Asperger sindromea espektro autistaren barruan dagoen desordena
bat da. Sindromea duen pertsonak giza elkarrekintzarako eta komunikaziorako
zailtasunak izan ohi ditu. Horrez gain, bere gustuko jarduera eta interesak nahiko
mugatuak eta kasu askotan estereotipo erakoak izaten dira.
Berriki sarean zabaldu zuten “fake” horietako bat aktorearen heriotzaren
berria emanez eta minutu gutxitan mundu osoko jarraitzaileek beren ardura eta
egonezina erakutsi zuten.
Fenomenoa horren apartekoa da ezen berari buruzko lanak argitaratzen baitira.
Toni de la Torrek
sinatutako La Vida Según
Sheldon liburuan, bost ataletan banatzen dira “bizitzarako baliagarriak
izan daitezkeen” Sheldonen ikasgaiak; besteak beste hauek: Inork ez dizu esan
behar zu “bitxia” zarenik; zure erabakiek ziurtasunetan oinarritu behar dute;
errefusatu gogobetetzen ez zaituzten arau sozialak; bilatu beti alde baikorrak;
ez oinarritu zure zoriona bikotea edukitzean; izaten baduzu ez utzi haren
irizpidea inposa dadin; ikasi etengabe eta ez galdu zure denbora merezi ez
duenagatik negarrez...
Hau guztia horrela izanda, galdera hau da: Nolatan horrenbeste alde txar
dituen pertsonaia batek lor dezake halako onarpena?
Nire ustez Sheldonen xarma bere erabateko zintzotasunean datza. Umemoko
garenean, burutik pasatzen zaiguna esaten dugu, ondorioak neurtu barik. Saguek esperimentuetan
bezalatsu, handitzen garen heinean karranpaz karranpa ikasten dugu gure hitzak
moldatzen, ditxosozko elkarbizitza deitzen denaren alde. Guztiz zintzoa izatea
ez da batere gomendagarria. Izan ere, elkarbizitza ezinezkoa izango litzateke
denok beti argi eta garbi benetan pentsatzen duguna azalduko bagenu. Baina
Sheldonek ezin du horrela jokatu. Edozein egoeratan bere egia, egia huts-hutsa,
esateko prest dago eta egia, askotan ez da politikoki zuzena. Horrek zoragarria
bihurtzen du bere portaera.
Bestalde, badago beste alde berri samar bat gai honetan. Gutxitan bezala,
egiatan existitzen ez den morroi bat benetakotzat hartu du jendeak. Sheldonen
esanik barregarrienak, Sheldonen ikasgaiak, webgunea, Facebook eta Twitter-eko
kontuak... badirudi inori ez zaiola axola zeinek eskegitzen dituen sarrerak.
Gidoilariak? Aktoreak? Telesailaren sortzaileak? Berdin dio. Eskaera badago, eskaintza
sortzen da. Francis andereñoaren irrati aholkuetan gertatzen zena, baina kasu
honetan egia ezkutatu barik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina