Joan den astean gertatu zen. Danborradan jazotako
pasadizo bitxi bat sarean agertu zen eta ordu pare baten buruan denon ahotan
zegoen, aldeko eta kontrako iritziak jasoz, batzuetan umore-sena erakutsiz,
beste askotan irainka edo mesprezu hutsez.
Zabaldutako bideo laburrean, egun horietan
Donostian desfilatzen duen konpainia bat ikus zitekeen. Bat-batean gabardinaz
jantzitako gazte bat soldaduen aurrean kokatzen da dantza burlazkoa eginez eta
konpainiako kapitainak, bitan pentsatu gabe, lepotik heltzen dio eta bertatik
aldentzen du gizajoa, nahiko modu zakarrean, kaleko ikusleen txalo artean.
Gertaera telebista-kamera askoren aurrean
gertatu zen. Ziztu bizian su ikaragarria piztu zen sare sozialetan. “Zertarako
jaiak antolatu, txantxa bat ere ez badute jasaten”, “Horrelako pailazoak soberan
daude gure tradizioetan”, “Kapitain uniformea jantzi eta gero, batzuk diktadore
hutsak bihurtzen omen dira”, “Benetan barregarriak Napoleonen garaiko soldaduz
jantzita doazenak dira”...
Bazirudien, bai, kaleko tipo arrunt bat zela
hor dantza egiteari ekiten ziona. Baina ez. Laster jakin genuen Britainia
Handiko ustezko komiko bat zela eta bere portaera ez zela zirudien bezain
espontaneoa. Izan ere, pasadizoa gertatu baino lehen, denbora asko egina zuen, adarra
jotzeko makina piztuta. Gaueko albistegietan ikus zitekeenez, aurretik
grabatutako beste irudietan, morroiak denbora luzean ziharduen konpainiaren
pazientzia agortu nahian, soldaduekin argazkiak ateratzen, neska bati kapela
kentzen eta abar.
Ezbairik ez. Adarjotzaileak pil-pilean daude.
You-Tube garai hauek ezin aproposagoak dira horrelako bitxikeriak zabaltzeko
eta askotan, promozio modura erabiltzeko. Bestalde, gure etxeak gainezkatu
dituzten telebista-kate horiek guztiak eduki eske dabiltza. Formatu merkeak eta
erakargarriak urrezko pipitak bezalakoak dira. Ezkutuko kamerak, miserien bilatzaileak
eta adarjotzaileak nagusitu dira eduki audiobisualen azoka honetan.
Adarjotzaile gisa hasi ziren Jordi Évole eta beste hainbat komunikatzaile, kazetari
ospetsu bilakatu baino lehen. Hau bizimodu petrala.
Baina non daude mugak? Adierazpen
askatasunaren izenean edonor edonon agertu al daiteke burla egiten? Zer
gertatuko litzateke ETBk bere komikoren bat bidaliko balu “Orange” ordenaren
desfilean edo Buckinham Palacen guardia-aldaketan dantza memeloak egitera eta ohe-puzkerrak
botatzera?
Askotan entzuten da “bere tradizioak maite
dituen herri bat” garela, baina batzuetan beldur naiz horrenbeste maite diren
tradizio horiek, ez ote diren izango norberaren ingurukoak bakarrik. “Ezin ditut
ulertu desfile ñoñostiar horiek” esan dezake urtero “astotxoaren prozesioa”
ikustera doan bilbotar horrek.
Minutu eskasa irauten duen bideoa da hau.
Ikusten denaren arabera, badirudi kalean dantza egiteagatik bakarrik bortizki
egotzia dela hiritar bat, festatik kanpora. Horrela geratuko da luzaro eszena
hori Youtuben eta beste hainbat webguneetan. Baina zinez hor gertatutakoa epaitzeko, lehenago eta geroago
gertatua jakin behar genuke. Galdera hau da: Zenbatetan gertatuko zaigu
horrelako zerbait? Jakina da: “Ez dezala egiak berri (edo txantxa) on bat
zapuztu”.
Esana nuen: Danbor nagusiaren izaera ez zela logikoa. Normalki aldamenean daudenen gauzei ez zaizkizu inporta danborrada baten barruan baldin bazaude. Frankie Fryer pertsonaia horrelakoa da, eroa eta babalorea. Berdin du Bartzelonan edo Donostian badago, mexikanotzat hartzen gaitu. "Ai,ai,aiiii, mi casa es su casa, señorita, arrrrriba, ándele, ándele" eta horrelakoak esaten.
ErantzunEzabatuGure tradizioak ez dira bereak bezain inportanteak. Gu ez gara serioski hartzeko herria, ez gara anglosajoiak, mexikanoak besterik ez. Ándele, ándele.
hala eta guzti, bitxia egiten zait eszena bitxi hori ez ateratzea. Agian salaketa baten beldurrarengatik izango da. Dena den horrenbeste kamara aurrean gertatzearena Kapitainaren jarrerarekin zerikusi duelakoan nago...
ErantzunEzabatu