Ramon Barea |
Manu Aranguren ez da edozein ‘soziata’. Negociador pelikulan kontatzen zaigunaren arabera, Aranguren goi mailako kargu izateaz
aparte, berezi sentitzen da. ETArekin bake-elkarrizketak izateko egokiena. Nolabait
ere, mundu horretatik hurbil dagoela uste du. Ez, noski, haien ekintzekin bat
etortzeagatik, ez da hori, baina horietako askorekin ikastolara joan da eta
antzeko bizimodua izan omen du, nahiz eta gaur egun, euren izandako laguntzaileek
bera agurtu ere ez egin.
Horrelako oinarriak ontzat hartuta bere alderdiko
burukideok baimena emango dute mugaren bestaldean talde armatuaren ordezkari
batekin topo egiteko.
Euskal gatazkari irtenbidea emateko aukeratua izan denak
ez daki sakelako telefonoa erabiltzen, ezta etxetik kanpo ere erabil daitekeenik
ere. Frantziako punturen batean kokatutako hotelera heltzean, bitartekaria eta
itzultzailea zain ditu, lehenengoa Brian Currin tankerako ‘giri’ itxurarekin
eta bigarrena frantziar emakume gazte eta ederra. Gure ‘heroi tragikoa’ -RamonBareak, bikain antzezten baitu, definitu zuen bezala- ikustean itzultzaileak ETAren ordezkaritzat
hartzen du, halakoa da haren itxura ziztrina.
Ikuslearen harridurarako, espainiar gobernuko
bozeramaileak laster sartuko du prostituta bat bere ohean –eman zaion aurrekontutik
ordainduta- eta euskal zinemaren tradizioari jarraituz, ezin izango du behar
den moduan burutu. Egun gutxitan, mahaiaren bestaldean kokatzen den ETAko kidea,
emagaldu berberarekin aurkituko du, hoteleko logelara bidean... eta ez da hori
batzen dituen bakarra izango...
Zine antzokitik irtetean, etxerako bidean kotxeko irratia
piztu nuen eta hara, Jesús Eguiguren bera filmaren inguruan mintzo. Esaten zuenez,
gustatu zitzaion (efektu bereziz beteta izaten ez diren pelikula gehienak
bezala) eta protagonistarekin lar identifikatzen ez bazen ere, ETArekin
izandako elkarrizketak nahiko lortutzat hartzen zituen. “Horrelakoetan -azaldu
zuen- baten bat izugarrizko parafernalia mugitzen delakoan egongo da. Eta ez,
gurean behintzat, den-dena pentsa daitekeen baino arruntago eta zuzenago izan
da. Politikaz aparte, gure seme-alaben arazoez edo Sanferminez hitz egiten
genuen, naturaltasun osoz...”
Egia esan, filma amaitu ostean, ez nekien ikusi izana gustuko
ote nuen ala ez. Tarte batzuetan aspertu nintzen, beste batzuetan -batez ere sakelako
telefonoaren gora-beherekin zerikusirik
dutenekin- barre egin nuen eta zenbait egoera sinestezin sumatu nuen. Ez nekien,
ezta ere, drama, komedia, tragikomedia edo zer izan zen ikusi-berria nuena eta
batez ere, ez nuen ulertzen pelikularen azken intentzioa: denak -edo
euskaldunak bakarrik- azkenean antzekoak garela esan nahi digu? Izugarrizko
aukera galdua izan zela?... Batek -edo Cobeagak- daki. Hori bai, egunak pasa
ahala, ikusitakoak nire buruan iraun nahi zuen temati... zeozergatik izango da.
Gezurra dirudi, baita ere, filmean islatzen dena horren
gertu izatea. Herenegun izandako gertaeretan oinarritzen da, eta, hala ere,
badirudi antzinako arazoez ari zaigula.
Erabilitako hitzak, janzkerak, kezkak... urruti-urrutian
kokatzen dira.
Pelikularen bukaeran agertzen diren frantses-poliziaren
uniformeetan egon liteke, zertxobait, gakoa. Ziurrenik ez da bakarra izango,
baina funtsezko bat da, ezbairik ez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina