San Mames 2015-03-07 |
Jendez bete-beterik dagoen estadio koloretsuan, egun
handietako orroa entzungai. Zeru gorrixka, belardi distiratsua. Gure taldeko
jokalarien marra zuri-gorriak ezin nahasketa egokiagoa egiten dute beheko
berdearekin. Kontrarioak zuriz jantzita daude. Haiek dira faborito. Lehenengoak
ligan, eta gaur-gaurkoz Europako txapeldunak. Munduan zehar aukeratutako
izarrez osaturiko dream-teama. Argi dago: partidutik lerdo aurpegiaz
irtetea gidoian dago. Gehiegitan gertatu da, orain ahaztearren.
Baina minutuak aurrera doaz eta lehiak ez du inola ere
erabakita ematen. Gureak behin eta berriz hurbiltzen dira besteen atera, eta
oso gutxitan gertatzen da alderantziz. Badirudi “izarrek” unibertsoz aldatu
dutela. Koloreen paletan beste ñabardura bat emanez, gure azken boladako azukre
koxkorra (azukre beltza, bide batez esanda): Iñaki Williams. Izarren artean
eguzkirik badago, bera da. Zurien taldekoek ez dute sinisten. Baina nor da tipo
hori? Nondik atera da baloi guztiak aurrera eramaten dituen zuziri hori? Zein da
bost minuturo arriskua sortarazten duen hori? Nolatan ume-moko bat horrenbeste
ospetsu gainditzen? Abestia moldatzeko ordua da: “Iñaki, zu bai zarela
txapeldun!”
Eta izan zitekeena... gauzatzen da. Mota guztietako golak
daude. Txiripaz sartutakoak, burukada batez, multzo batetik sortuak,
penaltyz... baina nekez ikus daitezke larunbata horretan bezalako artelanak:
behar den minutuan, jokaldi ikaragarri baten ondorioz, burukadaz,
ate-eskuairetik eta Casillasen luzada gaindituz. Txapela kentzekoa, saltoka ospatzekoa,
ezezagunak besarkatzeko modukoa... Aduriz, nola ez.
Ez zegoen nire planetan, inola ere, baina batzuetan
horrelakoa da patua, ondoen ateratzen zaizkizun planak antolaturik ez daudenak
suertatzen dira. Urtean behin edo bitan joaten naiz San Mamesera. Normalean
Realaren kontrako derbya ikustera eta posible denean nazioarteko partiduren bat
ere bai. Gustuko dut lagunartean partiduak ikustea, ohiko tabernan eroso
jesarrita eta birraren baten laguntzaz. Baina aspaldiko lagun batek bultzaturik
–Bartzelonako “merenge” amorratua gainera- sarrerak lortu nituen berarentzat
eta beraren seme culéarentzat. Okerrenerako prest, jakina. Azken urte
hauetan Espainiako ligan finkatu den marra madarikatu hori dela eta, Real
Madrid edo Bartzelonaren kontrako partiduetan, sorpresarako aukerak ia
desagertu dira. Are okerrago: kristoren jipoiak jasotzeko aukerak erabat
sendotu dira. Hortaz, astean zehar saiatu nintzen etorriko zitzaidanera
ohitzen: Cristiano saltoka eta bere “postureo” guztiak San Mameseko belar
gainean erakusten; nire Bartzelonako lagunaren poztasuna eta kontsolamendu
hitzak; ohiko titularrak zorteari edo epaileari porrota leporatuz... kaka
putza!
Azkenean laguna gaixotu egin zen eta koadrila aldatzeko
premian aurkitu nintzen. Luis, nire anaia gaztearekin eta Jose aspaldiko
lagunarekin abiatu nintzen iragarritako deskalabrura, jarrera posibleetako onenarekin.
Baina jakina da: gozagarririk egokiena gosea da.
Normalean horrelako jaiak eskaintzen ez dituen taldearen garaipenak ezin
gozoagoak dira.
Futbola, hogeita bi gaztetxo aberats galtzontzilotan,
baloi baten atzetik lehian, esan diot hamaika aldiz nire buruari. Athletic... etsipenez arratsalde askotan
madarikatua: zer daukazue behin eta berriz ni harrapatzeko? Ideiarik ere ez.
(Hasperena)
.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina