Joan Baez .Bilbo 2015-03-17 |
Joan Baez. Sasoi oneko emakumea, hirurogeita hamalau
urte. Folkaren eta aldarrikapen-kantaren mito bizia. Bob Dylanen neska-lagun
ohia. 1969. urtean, Woodstock jaialdi historikoan politikaz hitz egin zuen
bakarra (senarra kartzelan zeukan, Vietnameko gudara joateari uko egin
ziolako), ahots gardena eta nahastezina, hamaika aldiz imitatua, anglosaxoi eta
latinoen arteko zubia, inoiz euskaraz
abestu duen artistarik ospetsuena. Berriki Bilbon ikusteko aukera izan dugu.
Euskalduna Jauregiaren Areto Nagusiak egun handietako
betekada zuen, sarrerak -hirurogei eurotan- aspalditik agortuak zeudelarik.
Hamar minutuko atzerapena. Hasi bezain pronto, nolabaiteko desengainua: “Aldez
aurretik barkamena eskatu beharko. Eztarria ez daukat oso santua eta gaurko
emanaldian pixka bat apalago, baxuxeago abestu beharko dut. Eskerrik Asko” .
Ondorengo txaloaldian etsipenaren arrastoa nabaria zen. Ez gaitezen engaina.
Joan Baez xaramelarik gabe entzutea: berakatzik gabeko berakatz-zopa. Saio
osoan zehar bere ahalegina eskertzekoa bazen ere, horrenbestetan entzun ditugun
kantu horiek ez zitzaizkigun behar den moduan heltzen. Nahi eta nahi ez,
inpotentzia kutsu batez heltzen zitzaigun dena, bereziki ahotsak aparteko
garrantzia duen kantu horietan. Bestalde, ez da gauza bera gustura dagoen
musikari bat ikustea edo gorriak eta bi
pasatzen ari dena ikustea. Irakurritako kritika batzuetan artistaren
profesionaltasuna azpimarratu dute. Ulertzekoa da, jakina, baina egia esan,
honelako kasuetan batek ez daki zehatz-mehatz non dagoen marra gorria. “No se
apuren, soy un profesional de los pies a la cabeza” esan zigun pare bat egun
lehenago Ray Fernadez kubatarrak, emanaldi erdian patxaran trago eder bat gure
aurrean hartu baino lehenago. Inori ez zitzaion inporta, guztiz kontrakoa.
Artista bakoitza bere mitoaren jabea da eta eskaerak ez dira berdinak.
Baezen ikuskizuna, bestalde, une bitxiz beteta egon zen.
Espero genuen bezala “Txoria Txori” abestia sartu zuen zerrendan, “gustatuko litzaidake txantxaren
bat euskaraz esatea, baina ez zait posible, barkatu” esan zuen ingelesez,
aurkezpen modura. Kantu honetan eta beste hainbatetan Grace Stumberg izeneko neska
gazte baten laguntza izan zuen, bai ahotsetan, bai azpiegitura txikietan
(gitarra aldaketak, te kikara prestatzea) eta hiru musikari treberen babesa,
bere semea, Gabriel Harris perkusionista barne,
sabelean zuena Woodstock-eko irudi ahaztezin horietan.
Ikusleen batez besteko adina, aurreikusteko modukoa
zenez, oso handia zen. “Here’s To you”, “Imagine”, “La Llorona” edota “House Of
The Rising Sun” tankerako doinuekin bat
egiteko modukoa eta “No nos moverán”
txaloz lagundurik segitzeko egokia, nahiz, testuinguru horretan, nahiko
enigmatiko suertatzen zen: nondik “ez gintuzten mugituko”?, klase ertaineko
harrotasuna?, erretiro duina denontzat?...
Neska gazte talde batek “El Preso número Nueve”eskatzeari ekin zion temati ordu eta erdi iraun zuen emanaldi osoan zehar eta
azkenean lortu zuen, gaueko unerik “ez zuzen”ena sorraraziz: “Los maté sí señor/ Y si vuelvo a nacer/ Yo los vuelvo a matar.”
Joan ginen, bai, Baez ikustera. Mitomanoak garelako,
gogoko dugulako, horrelako trenak agian ez direlako berriz pasatuko, gure
bizitzaren erreferentziaz beteta dagoelako, hunkitzea gustuko dugulako. Agian
ez genuen, espero genuen guztia jaso, baina merezi zuen. Here’s to you!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina