Francori harrera 1950. hamarkadan |
Gerra luze baten ondorioz diktadore baten
itzalpean bizi ziren herrialde honetako biztanleak. Horietako asko haren
kontrakoak izan arren, gutxi ausartzen ziren jendaurrean esaten, kartzela eta
torturak beti prest zeuden kasu horietarako. Baina gizakiak bizirik irauteko
joera dauka eta bizimodu gris horretan bazegoen, baita ere, jolasteko,
maitatzeko eta dibertitzeko tarterik.
Hauexek dira Arantxa Urretabizkaiaren azken
liburuaren ardatzak. Hamabi argazki aztergai. Eliza, gorputza, arropa, ikatza,
Franco, dirua, euskara, jolasak, neska-mutilak, baserria, jatekoak eta ikasketa
hizpide.
Era asko daude bizi izan duguna kontatzeko: pertsonaia
batzuen eskuetan uztea, fikziozko kontaketa baten bidez; egunerokoak koaderno
batean idaztea (Iñaki Uriartek bere txalokatutako egunkariekin egiten duen
bezala); bizitako pasadizoak lehen
pertsonan jartzea... Aukeratutako era ez da derrigorrez besteak baino
fidagarriagoa, azken finean literaturaz ari gara. Denak izan daitezke
baliagarriak idazle baten bizipenak eta bizitako sasoiaren lekukoa erakartzeko.
Argitaratu berri den Zuri-beltzekoargazkiak liburuan, Arantxa notarioaren paperean sartzen da, garai baten
collagea egiteko. Kasu honetan irakurlea, familiaren argazki bilduma begiratzera
gonbidatua dago. Irudiz irudi iraganeko
ohiturak, modak, beldurrak, berdintasun-ezak, jolasak eta balioak azaltzen
zaizkigu adiskidantza giroan. Garai horiek bizi direnenentzat oroitzapenak banatzeko
edo konparatzeko ariketa izan daiteke. Munduan oraindik ez ginenontzat berriz, gure
aurre-aurreko gizartea eta egunerokotasuna ezagutzeko tresna da.
Idatzian 1947tik 1960ra arteko tartea
deskribatzen da. Nire jaiotzaren urtean bukatzen badu ere, erakutsitako zenbait
paisaia ezagunak egiten zaizkit, Franco edo elizaren nonahikotasunaz ari denean
adibidez.
Miguel Gila umorista apartak gustuko zuen
txiste hau kontatzea:
-“Maitea, nire bizitzako oroitzapenak
idazteko asmoa daukat… zer edo zertaz gogoratzen al zara zu?”.
Oroitzapenak ez dira objektiboak izaten. Arantxak
berak aitortzen zuenez: “nire ahizpari eman nion idatzia eta irakurri ondoren
konturatu ginen bion oroitzapenak ez zirela askotan berdinak”. Liburuaren
sarreran idazleak honela dio: “Argazki horiekin kontatu nahi dut nola izan zen
hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldia, nolakoa zen bizitza,
sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen
familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten
inguruan”.
Azken finean, eskaintzen zaiguna autoreak
askotan defenditu duena da: pasatako denbora hobea zela pentsatzeko joera
daukagu. Ez zen hobea, txarragoa baizik, eta ez dugu ahaztu behar”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina