Bilboko gaueko irudia, egazkin batetik hartuta . Argazkia: Joana Moso |
Aireportu guztiak dira aireportu bera. Airean eraikitako
portuak. Hor daude berriz denak: enpresa gizon bakartiak -keinurik gabeko
aurpegiaz-, umeak lasterka pasagune
mekanikoetan -ibiltari guztien kontra bultzaka-, arraza guztietako emakume
zoragarriak, hiru besaulkiren gainean lotan geratu dena -nazka keinuaz-,
nerabeen txango zalapartatsuak… eta abisuak, hizkuntza ezberdinetan
ahoskatutako abisu monokordeak... Oporraldi gozo baten bueltan, ohiko giroa
malenkoniaz busti da. Ehunka gazte murgilduta dabiltza beren gailuetan eta
bertako Duty Free-etan nabariak dira azken orduko oparien bila urduri
dihardutenak.
Atsegin
arituko zaizu zure hegazkin-konpainiaren salmahaiaren atzean harrera emango
dizuna. Atsegin arituko zaizu lurrin-dendako saltzailea. Baina txantxarik ez
kontroletan dauden funtzionarioekin. Eta tentagarria da. Emakume polizia horrek
esan berri dizu zapatak eta gerrikoa berehala kentzeko, munduko normalena
izango bailitzan. Hobe barrerik ez egitea. Bagoaz zintzo-zintzo denak barrura.
Orain dela gutxi jakin dugu horren irribarretsu hartzen gaituen tripulazioak ez
duela zertan, derrigorrez, guztiz fidagarria izan. Are okerrago. Jakin dugu,
baita ere, helmugara bizirik heltzeko nahia, pilotuarena ez izatea gertadaitekeela. Orain, dorre bikien kontrako atentatua ia ahaztuta geneukanean…
yupi.
Hegazkin
barruan bagoaz gure lekuak bilatzen. Ikasketa-bidaiako gazteak, irri eta
barrez, gurea bezalako familiak, hipster eta gafapasta saihestezinak eta
…euskaldunak. Nire bizitzan hartu ditudan hegazkin guztietan izan dira. Egunen
batean, euskarak nolako doinua daukan erakusteko interesdunak hegazkinetara
eramango dituzte. Gaur egun baliteke
Abaltzisketa edo Berrizera joatea euskara bila eta hitz bat ere ez entzutea.
Baina ez estutu. Azalpen garbirik ez dudan arrazoiren batengatik, euskarak
bizirik iraungo du hegazkinetan mendeetan zehar. Eusko Jaurlaritzan
hizkuntza-politikaren arduraduna izango banintz, abioietan gauzatuko nituzke
helburuak.
Denak
barruan eta ongi kokatuak gaudela, hamaika aldiz ikusitako antzezlana.
Larrialdietako irteerak, arnasa hartzeko maskarak, besaulkipeko txalekoak…
Aeroneskak irribarretsu eta patxadaz egiten ditu mugimendu guztiak, horrelako
egoera batean hori posible izango balitz bezala. Berriro ere ergela sentitzen
naiz azalpen horiek guztiak ulertu ezinik: tira hemendik, puztu hortik, lotu
handik… Honelakoetan, Miguel Gilaren
txiste bat datorkit gogora: “Salbamendu-txaleko bat?, Bartzelona eta Madril
arteko bidaia batean?... putzu batean erortzen bagara ere?”… Baina zoritxarrez
bada maisu horren beste pasadizo bat gaurkotasunarekin zerikusi zuzenagoa
duena.
Bi
bidaiari hegazkin batean hizketan. Batak besteari honela diotso: “Ezin dut
saihestu. Hegaz egiteak beldurra sortzen dit” eta besteak: “Lasai motel, gure
heriotza patuan idatzita dago, zure eguna ez bada ez zara hilko”, “Bai” -arrapostu eman dio lehenak- “eta
pilotuaren eguna baldin bada, zer?”.
Baina ez. Zorionez ez da pilotuaren eguna izan eta
miraria errepikatu da. Egundoko pisua daukan ontzi hori usoa bezala altxatu da
eta ziztu bizian zeharkatu ditu zeruak ezuste handirik gabe. Lur hartzean
txaloaldi aparta entzun da. Memelokeria itzela iruditu zait beti. Gaurko
honetan, aldiz, nire eskuek ez didate
kasu egin eta haien kabuz hasi dira txaloka, ikuskizunik ederrena izango balitz
legez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina