Edward Snowden |
Egun
batean munduko herrialderik indartsueneko inteligentzia zerbitzuetan ziharduen
langile batek, esku artean zeukan informazio sinestezina munduratzea erabaki
zuen. Hori ahalbidetzeko, bi kazetarirekin
-The Guardian eta The Washington Post egunkarietakoak- eta Laura
Poitras dokumentalistarekin bildu zen Hong-Kongo hotel-gela batean, bere
lanean eszedentzia eskatu ostean.
Eta zertan
zetzan horren aparteko informazioa? Bada, teknikari horrek -Edward Snowden
izenekoak- argitara eman nahi zuena XKeyscore
programa zen. Ekimen horren bidez, Interneteko bederatzi enpresa handiren
bezeroen datu guztietarako sarbidea lortzen omen zuen 2007tik NSAk. Eta enpresa
horiek ez dira edozein: Microsoft, Yahoo!, Google, Facebook, Paltalk, Youtube,
AOL, Skype eta Apple (eta Dropbox programan sartzekotan omen zen).
Snowdenek
salatzen zuena, hitzez hitz, honako hau zen: milioika pertsonen datuak eta
elkarrizketak espioitzapean zeuden (daude, AEBk aitortu duenez) eta behar
izanez gero, edonor egon zitekeen euren helburuen artean.
Citizen Four izeneko dokumentalaren mamia hau besterik ez da:
kazetariekin izandako aitormena, Laura Poitrasek grabatu zuen bezala eta ondoko
egunetan sortutako zalaparta.
Zerk
eraman zuen Snowden hau guztia argitaratzera? Erabaki horrez geroztik bere
bizitza arrisku bizian dago betiko eta lortutako ospeak ez dio sekula zeukan
bizimodua berreskuratuko. Idealismoa? Erantzukizun zentzua? Nabarmendu
nahia? Edozein izanda ere, egun, astindutako
hautsak baretu ostean, hau da geratu dena: Oscar saria lortu duen dokumental
bat, tinta ibaiak sortu izan dituen ezagutarazte
batzuk eta haien herrialdeetako justiziek bila dituen bi izen ospetsu: Edward
Snowden estatubatuarra eta Julian Assange australiarra, Wikileaks webgunearen
bidez, lehenengoak lortutako milaka dokumentu sekretu argitara eman zuena.
Hauen aldeko zenbait elkartasun-ekimen izan da noski, baina ez dugu ikusi
enpresa hauen aurrean manifestazio erraldoirik, ez tartean izan diren
arduradunen dimisiorik, eta are gutxiago inolako ondorio larririk, internet edo
telefonia munduan diren erraldoi horientzat. Dokumental berean Barak Obama
presidenteak lotsa izpirik gabe argi azaltzen digu: “Behar izanez gero, herritarrak
pribatutasunaren murrizketen alde daude, Bostoneko atentatuetan frogatu zen
bezala”.
Snowdenen begirada
erabat aldatu da, filmaren irudietan ikusteko aukera izan genuenez. Orain
Errusiako babesa dauka, bere herrialdean “lehenengo etsai publikoa” betiko
izango denak, eta Julian Assange Londonen Ekuadorrek duen enbaxadan bizi da,
legezko amaraun batean harrapaturik, batek daki noiz arte. Arrazoi
ugari dugu erantzuna emateko: berotze globala, ustelkeria,
genero-indarkeria,
etxegabetzeak, Falcianiren zerrenda… Bernardo Atxagari entzun nion behin
lehoiak nahasteko, zebrak haren aurrean elkartzen direla. Horrela lehoiak ez du
zebrarik ikusten, baizik eta nahasketa
zorabiagarri bat. Halako zerbait gertatzen omen da salaketekin; nahiz
eta oso funtsezko arrazoiak izan, badirudi informazio zurrunbilo batean
galdurik gabiltzala denak, eta zuzen-zuzenean gure zilborra ukitzen dutenean bakarrik
mugitzeko gai garela. Jokoan dagoena norberaren pribatutasuna da, askatasuna
alegia. Big
brother is watching you. Ezbairik ez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina