2015(e)ko maiatzaren 3(a), igandea

PIN-PAN-PUNK


Sex Pistols Taldea 1977. urtean


Ikasle talde bat nireganatu zen taldean egin behar zuten lan baterako informazio bila. Niretzat “punk” zer zen jakin nahi zuten. Gezurra dirudien arren, laster berrogei urte beteko duen izen horrek nahiko osasuntsu dirau. Musika munduan entzuten da gehien bat “post-punk” edo “folk-punk” bezalako izendapenetan, baina Guggenheim museoan erakusketa egingo duen artista baten lana edo elastiko mota bat deskribatzeko ere erabil daiteke.                                                                                                           “Punk”.  Ziur aski, bere ahoskera, zuzena bezain bortitza, erabakigarria izan da horren ibilera luzea izateko. Bada, gero eta nekezago ikusten da “punk” itxurako tiporik -ikusi nuen azkena Londreseko  bota militarren denda baten atarian zegoen, gizon-iragarki gisa-, baina aldiz, egunkarietako gehigarrietan agertzen da maiz, orrazkera zein eleberria  izendatzeko.                                                                                                                                            Gazte talde horrek bultzaturik martxan jartzen da oroitzapenen makina: lehenengo berriak Star izeneko aldizkari ilun hartan 1977 aldera. Argazki ero horiek,  katu itxurazko emakumeak, kateorratzez jositako  aurpegiak… Gero prentsan agertutako lehenengo titularrak “Punk Talde bat jipoituabritainiar erreginaren kontra abesteagatik”, “Telebista izar bat kaleratua SexPixtols taldea elkarrizketatu ondoren”… Artikulu horiek irakurtzean nirekin eta nire belaunaldiarekin zerikusi zuzena zuen zerbaiten aurrean nengoela sentitzen nuen. Ausarta, zalapartatsua, umoretsua eta batez ere hurbila zen zerbait. Bazirudien -aleluia- edonork egin zezakeela bere rock taldea munduari bere egiak kantatzeko grina edukiz gero.   Punkaren urte hartan Ingalaterrara joan nintzen lanera, fruta biltzera. Asteburu pare bat besterik ez nituen Londresen igaro, baina aski izan zen gertatzen zenarekin haluzinatzeko. “Do it Yourself” iraultza nonahi zegoen ikusgai eta garaiko establishmentak ez zuen ezer ulertzen; ez ofizialak eta ez “alternatiboak”; hippy-kutsuko kontrakultura, salgaia besterik ez baitzen dagoeneko.                                                                                                                                               Urteak pasako ziren punka gureganatzeko, baina bertoko eragina ez zen txikia izango, hain zuzen. Bilboko “Vulpess” taldearen Me Gusta Ser Una Zorra (Gaur egun edozein “Sálvame” telesaiotan esaten diren baino askoz birao gutxiagorekin”) erabilia izan zen boterera heldu berri zen PSOEren telebista salatzeko. Estatuko fiskal orokorrak kereila kriminal bat jarri zien eta egunkari guztietan harrotu ziren hautsak neska haien alde edo kontra aritzeko. Gero, laurogeiko hamarkadan “punk”aren bertoko eztanda ezagutuko genuen Eskorbuto, Cicatriz, RIP, La Polla Records eta beste hainbaten eskutik. Baina agure zaharraren kontuetatik haratago, zer da zehatz-mehatz punk deritzogun hori?  Zertan datza -ezertan bada- beste mugimenduetatik bereizten duena?  Eman izan dituen fruituen arabera, agian frankotiratzaileak izan dira gehien nabarmendu direnak. Sex Pistols, Wendy O. Willyams, Riot Grrrl,  Vulpess, Eskorbuto, Porno Para Ricardo, Pussy Riot… denek ezagutu dute agintarien jazarpena eta legearen zigorra. Punkaren orrialderik esanguratsuenetan ez da masa-mugimendurik izan, ez teoria borobilik. Izan ere Wikipedian bertan, agerian geratzen dira elkarren kontrako ikuspuntuak, punka definitzeko orduan. Aukeratzekotan Greg Graffin-en, Bad Religion taldeko liderraren, hitzekin bat etorriko nintzateke:  Gizarteko oihartzunei zaien beldurraren aurkako etengabeko borroka da punka.
       

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina