Aitor Mazo |
Hileta-elizkizunak Ataunen. Horrelakoek
tristeak izateko ohitura badute, gaurkoari buruz zer esan. Hogeita bat urteko
neska, Mexikon gertatutako autobus istripu batean, lagun-lankide baten alaba…
Eliza barruan ez dago guztientzako lekurik.
Kanpoan geratzen garenak beste eliza pare bat betetzeko adina gara. Meza
bukatu ondorengoak ezin du hunkigarriago izan: hildako neskaren erretratu
aurrean adiskideen aurreskua, bertsolari gazte baten eskaintza, ahizparen
agiriaren irakurketa dardartia, bere alboan neska zenduaren mutil-lagunak
hautsak dituen kutxa esku artean duelarik…
Elizkari guztietan, bihotzeko zerrendan ditugun gainerako hildakoak
agertzen zaizkigu. Aste honetan, gainera, ezin ahaztu Aitor Mazoren bat-bateko
desagerpena. Aitorrengandik oso hurbil sentitu naiz beti. Laurogeiko
hamarkadaren hasieran Euskal Telebistako lehiaketa batean ezagutu genuen elkar
eta handik ona, noizean behin berarekin topo egitea beti izan da niretzat atsegintsu.
Alex Angulo eta beste horrenbeste aktoreren kasuetan bezala, beti ikusi dugu
Aitor patuaren kontrako lehia etengabean. Gaur goian, bere gustuko pelikula
batean pertsonaia itzela eskaini diotelako, eta bihar behean, telebistarako
landu duen egitasmoa ezeztatu dutelako. Behin elkarrizketa luzea egin nion, Hodeiak pintatzeko makina estreinatu zuenean. Hark eta Patxo Telleriak batera
zuzendutako pelikulan agertzen diren pasadizo asko autobiografikoak dira. Bera
joaten zen Portugaletera txikitan bere aitarekin margolaritza lehiaketatara eta
nolabait, berak bizitza osoa igaro zuen “Hodeiak pintatzeko makina” martxan
ipintzen guztion gozamenerako. Zenbait raccord akats aldera utzita (tematu
ginen Bizkaiko Labe Garaiak ez zirelako ikusten behar zuten lekuan, faktoria
berria baino) izugarri gustatu zitzaidan filma. Horrenbestetan bezala, banaketa
arazoek ezkutuan utzi zuten aurrekontu txikiko lan duin bat. Tipo kementsu bezain atsegina Aitor, aztarna
sakona uzten dutenetarikoa.
Ataunetik bueltan, kotxean goazenak nekez ahal dugu hitz egin. Larunbaterako
plan ezberdinak ditugu. Nirea Kevin Johansen musikari argentinarraren
kontzertura joatea, EXIB jaialdiaren amaierako festa da. Gustura hartuko nuen
etxerako bidea “telemovie” arinen bat estalkiz ondo bildua ikusteko. Baina
hitzorduak hitzordu. Ahal dudan jarrerarik positiboenaz jantzita lagunekin
sartzen naiz egun handietako Kafe Antzoki batean.
Pentsatu bezala, argentinarrek eta Latinoamerikako beste hainbat
herrialdetako etorkinek ez dute deia huts egin. Horrelakoetan eskarmentuak
esaten didanez giro beroa bezain jatorra bermaturik dago. Johansenek ez du
bestelako ahaleginik egin behar hor bildutakoak poltsikoan sartzeko. Lehenengo
estrofatik azkenekora arte, artistak oso osoko abesbatza dauka bere aurrean.
Neska ugariz osatutako jendetzaren aurpegietan nabariak dira atsegina,
alaitasuna, kilika, disfrutatzeko grina. Bizitza ederra da, omen. Kevin
Johansenen alboan, bere estudioan egongo bailitzan, Liniers, Argentinako
marrazkilaria, kantuei irudiak eta koloreak ipintzen (pantaila erraldoian ikus
daitekeenez). Horien arteko txantxak eta azalpenak ere, gatza eta piperra,
apartak dira ikuskizunerako. Liniers-ek paperezko hegazkinak egiten ditu
marrazkiekin jendetzari botatzeko. Nire
ondoan dagoen neskak bat harrapatu du eta bere bularraren kontra estutu du,
emozioz beterik. Hodeiak pintatzeko
makina, indarrean eten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina