Otsagi, Zaraitzuko Ibarrean |
Zaraitzu ibarra betidanik izan da nire familian mitoa.
Casto Moso izeneko gazte bat, nire aitaren aitaita, joan den mendeko hasieran
abiatu zen handik Bizkaiko Labe Garaietako distirak erakarrita. Otsagi ondoan
dagoen Itzaltzu herrixkatik Nerbioi ezkerraldeko Sestao herrira. Aitaren ahotik
hamaika aldiz entzundako pasadizoaren arabera La Casillako dantzaldian egonda
ezagutuko zuen nire birramama izango zena, Urdulizko Generosa Torrontegi
izenekoa. “Hau bai neska polit-ederra” esan omen zion Casto Generosari, sagar
bat zuritzen zuen bitartean... biak euskaldunak ziren, baina euskalki
ezberdinez mintzo zirenez ez omen zuten ondo elkar ulertzen. Castok
zaraitzueraz egiten zuen, gaur egun, hiztunei dagokienez, ia desagertutzat eman
daitekeen euskalkia, nahiz agureren bat zer edo zertaz gogoratzeko gai geratu
eta zenbait bertoko euskaltzale izan bere kabuz ikasi duena.
“Ni fanen niz mundutik, Juangoikoak nai duelarik, baya xuk
eskribitzen zuena munduan batren da eta norbaitek leitren du eta ikusiren die
denbrazko gauza onetarik bat". Hitz hauek, zaraitzueraz idatzita,
Castoren lehengusuarenak dira, Zoilo Moso Bezunartearenak alegia, bertoko
artzaina baitzen, 1969.urtean hil zena, hizkera honi buruz lekukotza aparta
utzirik, besteak beste Jose Estornes Lasarekin trukatutako eskutitzei
esker.
Pare
bat aldiz egon naiz Zaraitzu ibarrean.
Soldaduska egiten nengoela hara bidali ninduten, maniobrak egitera. Urte
batzuk geroago familiarekin joateko aukera izan nuen eta orduan bai, benetako haran
ederraz eta ongi zainduaz gozatzeko aukera izan nuen. Ordurako banuen entzuna
Etxamendi eta Larralderen Otsagabia abestia. Jota kutsuko kantu triste
honetan Behe Nafarroako bikote hau 1963. urtean bertan aurkitu zutenaz ari da.
Euren aitari aditu ziotenez “mugaz bestaldean
gure hizkuntzaz egiten zen herri bat zegoen”, baina hara lehendabizi joatean
“inork ez zuen gurekin mintzatzerik” . Agian ni bezalako santurtziar batentzat
ez litzateke horren arraroa izan beharko horrelakorik ikustea -bertoko euskara
aspaldian desagertu baitzen-, baina Otsagin eta inguruko herrietan benetan
bitxia egiten da, euskararen arrastoa nonahi suma daitekeelako, kaleetako
izenetan zein edozein mendi, ibai edo ertzetan. Orain dela gutxi arte izandako
zerbaiten aurrean sentitzen zara
etengabe. Bittor Aiapek kantatzen zuen moduan: “Zer arraroa, euskararik gabe
Nafarroa”. Facebook sare sozialaren bitartez Rita Labiano-rekin, bertako Mendixut aldizkariaren erredaktorearekin, harremanetan jarri naiz. Bertan argitaratu zen
argazki bilduma ederra bidali zidan, bai
eta aldizkariaren zenbait ale ere. Ikusi dudanaren arabera argi dago
Casto ez zela bakarra izango eta gaurko arazorik larriena bazter zoragarri horietan
despopulazioa dela. Oraintsu
Asisko Urmeneta marrazkilariak Itzaltzun kokatzen den Gartxoten kondairan
oinarritutako komikia eta pelikula egin ditu. Horretarako zaraitzuera erabili
nahi zuen eta, besteak beste, Itzaltzuko Iñigo Auzmendiren laguntzaz baliatu
da. Iñigo, 1978.urtean jaioa, egun Australian bizi da eta bere herriko hizkera
badaki, bere kabuz ikasi duelako. “ Zaraitzueraz
-esan du- testu asko daude… berreskuratzea nahi kontua da. Ezagutzaren ehunekoa
handia da, beste gauza bat da erabilera. Gainera, gure herrian, Itzaltzun,
euskaldunak badaude, baina bi ume daude soilik”.
Hara! Istori ederra zure berraitite-amamena. Labe Garaietara lan egiteko Nafarroatik (Ta bertze leku ugarietatik) jende pilo bat heldu zen Bizkaira. Leioan ikasketak hasi nintzenean banuen Santurtziko ikaskide bat napar abizenakin, geldetu nionean nondik zetorrela bere abizena istori parekoa kontatu zidan, Baztango herri batetik bere aitite heldu zela ibaiko ezkerraldera LLGG lan egitera. Ogia bilatzera, hori inportanteena.
ErantzunEzabatuGora nabarra!!
Gora! (Eta orain inoiz baino gehiago) ;-)
ErantzunEzabatu