Maria Berasarte abeslari donostiarra |
Egunotan Maria Berasarte fado kantari donostiarra izan da
azkena. Txoria Txori, Mikel Laboaren abestirik ezagunenak beste bertsio bat
ezagutu du, bere legenda urtez urte handitzen delarik. San Mamesen ere entzuten da berriki, nahiz testuinguru
horretan batek ez dakien zehazki zer esanahi izan dezakeen.
Radio Euskadin galdetuta Mikelek berak horrela azaldu
zuen abestiaren mamia: “1969. urtean konposatu nuen, Joxean Artzeren poema
batean oinarrituta gehienbat. Asko hedatu den kanta da, batez ere bertako
abesbatza askok erabili dutelako. Joan Baez eta Alasdair Fraseren grabazioak
ere izan dira. Neuk egindako beste hainbat kantu bezala askatasunaren aldeko
alegatua da, bai gizabanakoari dagokionez, bai zentzu kolektibo bati dagokionez”.
Euren erara moldatu duten artisten artean honako hauek ere badaude: Etsaiak,
Kelly Family, Kepa Junkera Pablo Milanesekin, Michael Ducau eta Caroline
Phillips, Erramun Martikorena... Benito Lertxundik ere bere azken ekitaldietan
kanta-zerrendan sartu du omenaldi gisa.
Grabatutako lehenengo edizioa “Bat Hiru” elepean agertu
zen, 1974. urtean, ordurako zuzenean
askotan eskaini zuten arren.
Kantaren mezua ezin garbiagoa da: zerbait edo norbait
benetan maite badugu ezin diogu askatasuna kendu, bestela ez litzateke izango
gehiago maite genuena, hegalik gabeko txoria baizik.
Zein ez da noizbait honelakoetan egon? Eguneroko ereduak
ditugu. Bere garaian ELA sindikatuaren idazkari nagusi zenak, Jose Elorrietak,
parekotasun hori erabili zuen EAJrekin izandako harreman-haustura azaltzeko: “Xabier Arzalluzi ELA bere
alderdiaren menpeko sindikatua izatea gustatuko litzaioke, baina nik,
Laboarekin batera hau esango diot: hegoak ebaki banizkion, neria izango zen, ez
zuen alde egingo, baina honela, ez zen gehiago txoria izango, eta nik txoria
nuen maite…”
“Bestelako maitasuna diolako” mutil horrek neskalagunaren
pauso guztiak kontrolatzen ditu haren bizitza ito arte. “Harentzat onena
desiratzen duelako” ama horrek kate motzean lotzen du bere seme edo alaba,
etxetik kanpoko harremanak zapuzteraino. Eta bai, bihotz-bihotzez maite
gaituztelako Espainiako Gobernuak ez du inolako referendumik onartuko bere
mugen barruan, horrelako “dibortzioak”ez omen daudelako onarturik. Kasu hauetan
eta beste hainbatetan ez dut uste maitasun kontua denik. Txoriak maite dituzte
hauek, bai, baina lapikoan patatekin egosteko edo.
Hala ere, badago poema honetan betidanik bitxia egin
zaidan zerbait: bukaeran ez du “txoria maite dut” esaten “txoria nuen maite”
baizik. Txoria askatu ostean maitasuna desagertu delako? Azkenik hegalak moztu
dizkiolako? Libre uztea erabaki duelako? Agian errima kontua besterik ez da. Nolanahi
ere, kutsu enigmatiko (eta malenkoniatsu) batekin geratzen naiz ni beti azken
estrofa hori entzutean.
Txoria eta maitasuna, benetan harreman nekeza.
Maiatzarekin batera txori-ehiztari alaitsuen jaiak ospatzen dira (ezkontza ere
deitzen zaie) , eta aldez aurretik, hiltzaileen agurrak edo beste era batera
esanda, ezkongaien agurrak datoz. Askatasunaren ikurra den txoriari, maitasunaren izenean hegalak
kentzen dizkiogu pozez, agian gero, denbora pasa ahala, horren falta sumatzeko.
Bizitzea aukeratzea da eta txoriburua…txoriburu.
Azken bertsioa, Berasartena, oraindik ez dut entzun. Interesgarria. Bai, nik ere milaka aldiz maitasun posesiboaz solasten duela pentsatu dut. Jakin behar da maitasunean barru maitea aske uztea. Ta ez da zaila, maitasuna egoista delako.
ErantzunEzabatuPentsatu nahi dut "ez da erreza" esan nahi duzula...
ErantzunEzabatu