Hogeita bat boto, ez gehiago ez gutxiago. Hogeita bat boto ziztrin
falta zaizkio Davidi zinegotzi izateko. Bere herrian buru egiten zuen ezkerreko
koalizioa udaletxe atarian geratu da eta gaur, horrexegatik hain zuzen, ohetik
altxatzea ere kosta egin zaio. Gupida gabe zigortua sentitzen da, bere
eguneroko jubilatuaren ibilbidea hasteko orduan.
Emaztea etxean eta semea Madriletik telefonoz, animoak emanez saiatu badira
ere, ezin du galtzailearen zama lepotik kendu. ‘Ez duzu horrela hartu behar,
jendea nekatuta dago betiko alderdiekin eta berritasun zerbaiten bila dabil,
besterik ez da’. Bai, oso nekatuta omen daude, baina irabazleak ‘betikoak’ izan
dira eta inork ez du hain porrot lazgarria jaso.
Bere ohiko tabernan goizeko kafea hartzen duen bitartean egunkariko
emaitzak errepasatzen ditu, udaletxeren batean datu lasaigarriren baten bila.
Alferrik. Aitziber, barraren bestaldean dagoen neska potolotxoa, besoak
antxumatuta, urrutiko punturen bati begira dago, keinu aspertuaz. Kosmek ez du
gaur inorekin hitz egiteko gogorik. Duen itxuragatik, beti susmatu du neska
ezker abertzalekoa dela. Gaur ez du oso pozik dagoenik ematen eta ez dio
futbolaz edo eguraldiaz inolako iruzkinik egin, normalean egiten duen bezala.
Zorakeria dirudien arren, epaitua sentitzen da -‘begitu zer gertatzen den
ezkerreko botoa sakabanatzeagatik, motel’- begiekin esango balio legez.
Tabernaren ertz batean ikasle talde bat irri eginaz dabil. Ez diote hari
erreparatu ere egin, baina barre algara bakoitza aiztokada balitz bezala
barneratzen du. ‘Nori emango liokete botoa hauek? Niri ez, jakina, ez dut
iletxortarik eramaten eta ez dakit Juego
de Tronos zer den. Gainera gure kandidatura hizki-zopa bat zen eta ez
genuen Podemosek duen izendapen zuzena eta modernoa… Hamaika urte jo eta ke
lanean udaletxe puta honetan aritzeak ez du ezertarako balio izan.
Inportanteena hipster itxura izatea da eta telebistan agertzea bi
ogerleko egiak esanez… kaka-putza’…
Davidek, ohiko planari buelta ematea erabaki du. Gaur herria mina-zelai
bihurtu da harentzat. Horrenbestetan udal-batzarretan berarekin tematu direnak
harro-harro ibiliko dira tabernaz taberna, garaipenaren ardo goxoa dastatzen.
Egun, gutxien desiratzen duen gauza, euren kontsolamendu hitzak aditzea litzateke.
Metroa hartuko du eta Bilborantz abiatuko da.
Geltokirako bidea hartu du, alboetara ez begiratzeko grinarekin. Baina
ezinbestean, hor daude nonahi, kartelak, argazkiak, leloak: ‘Herri berri bat
eraikitzeko hautagai eraldatzailea’ ‘Ezkerreko Herri Kandidatura: Aldaketarako
Esperientzia’. Bere irribarrea afixa horietan ezin lerdoagoa iruditzen zaio
gaurko honetan. Bere senak paper horiek guztiak bortizki kentzera bultzatzen
du, baina ez da ausartuko. Ihes. Besterik ez du egin nahi. Franco garaian kartzelaturik
zegoenean bezala.
Kalbarioa ez da horren erraz amaituko. Aurreko besaulkian jesarri den
bikotea, ‘tablet’ bat eskuetan, emaitzak aztertzen dabil. Bagoian sartzean eman
dioten doako egunkari baten atzean ezkutaturik, haien iruzkinak zartada antzera
entzuten ditu: ‘buah, menuda hostia que se han dao estos
también, mira, hasta la margen izquierda es del PNV…’
Hirira helduta, noraezean dabil luzaroan, bere porrota hausnartzen.
Ustekabean San Mames aurrean kokatu da eta bere baitan bizi den umeak, azkenean,
irribarrea marraztu du bere aurpegian: Athleticen armarria. Beste aukera bat
Davidentzat, Goliathen kontrako etengabeko lehian.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina